ATZEKOZ AURRERA. Beñat Uribe Etxebarria. Zinema zuzendaria

«'Minbera' Donostiako Zinemaldian estreinatu nahiko nuke»

Madrilen bizi den eta gurasoak galdu dituen familia baten istorioa kontatzen du 'Minbera' filmak. Gidoia aspalditik idatzita dagoen arren, uztailean hasi dira film luzea grabatzen.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igone Urtaza
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Beñat Uribe Etxebarria (Bilbo, 1996) zuzendari gaztearen lehen film luzearen grabazioa uztailean hasi zuten. Minbera du izena, eta Canino elkartearen ardurapean dago. Filmaren protagonista Madrilen bizi den familia euskaldun bat da. Filmaren hasieran, urtebete igaro da gurasoak hil zirenetik. Gurasoek irakatsitako hizkuntza egunerokotasunean erabiltzeko beharra sentitzen dute semeek; euskarak izaten duen kutsu erromantikoa alde batera uzteko nahiaz hitz egiten dute filmean.

Zuzendari bilbotarrak Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zituen ikasketak. Ikus-Entzunezkoen Gradua egin zuen. Geroztik, irratian eta telebistan ere ibili da. Leku berean ezin egoteko gaitasun faltari egozten dio berak hainbeste gauza egin izanaren errua. 2021ean Londresera joan zen master bat ikastera; Minbera-ren gidoia beso azpian eraman zuen.

Nolakoa izan zen filmaren sorrera?

Minbera 2019an sortu zen. Nire gradu amaierako lana eta lehen gidoia izan zen. Unibertsitatean nengoela, Parisko Bataclan aretoan gertatutako atentatuarekin itsutzen hasi nintzen. Geroztik, lotsaz, doluaz, erruaz... ikertzen hasi nintzen.

Doluaren inguruan nituen kezkekin eta pentsamenduekin gidoi bat egiteko beharra sentitu nuen. Azkenean, gidoiarekin, hamarrekoa eta ohorezko matrikula eskuratu nituen; horrek gehiago motibatu ninduen proiektuan sakontzeko.

Zer erakutsi dizu film luzeak?

Hasieran, sekulako presioa jartzen nion neure buruari. Amets amerikarra lortu nahian, esku artean nuen gidoia ahalik eta perfektuen egon zedin ahalegindu nintzen. Iruditzen zitzaidan gidoia ez zela inora iritsiko perfektu ez bazegoen. Unibertsitateak jarritako hamarrekoak ere presioa areagotu zuen. Minbera-k zera erakutsi dit, presioa norberak jartzen diola bere buruari eta niri ez zidala onik egiten. Gidoi hori sortu banuen beste bat egiteko gaitasuna ere banuela konturatu nintzen. Prozesuaz gozatu behar nuen, besterik ez.

Zenbat dugidoiak zure bizitzatik?

Gehiegi! Nik neure burua liburu bat idazten ikusten dut hemendik hogei urtera, baina filmerako nire bizipen ugari erabiltzen ari naizela konturatzen ari naiz, eta ez dakit zerbait geratuko zaidan. Gutxienez, izenak aldatu dizkiet protagonistei [barreak]. Nik neuk ere pasatu ditut pertsonaien doluak. Pertsonaiek, nik bezalaxe, hainbat galera jasan eta gainditu behar dituzte. Batzuetan, errutina eta egonkortasuna galtzen dira. Orduan, gauza batzuek zentzua galtzen dute. Denak, ordea, ez du zentzu bat izan behar.

Diru laguntzaren bat jaso duzue?

Ez dugu diru laguntzarik. Baina, finean, hori da Canino elkartearen ildoa. Diru laguntzak bilatzeaz nazkatuta dauden artisten elkarte bat gara. Diru laguntzen mundua oso zaila da. Neurri, muga eta abarretan sartu behar duzu, eta neketsua da. Gastuak denon artean ordaintzen ditugu.

Nola lortu dituzue aktoreak?

Lantaldeko batek, antzerki munduan esperientzia duenez eta casting zuzendaria izan denez, aktoreak bilatu ditu. Leku ezberdinetatik etortzen dira: Madrildik, Donostiatik, Gasteiztik...

Ainhoa Vitoria ere, Euskadi Irratiko esataria, aktore izango da Minbera filmean. Elkarrekin egiten dugun podcastean [Hilekoa] proposatu nion, eta baietz esan zuen! Ilusio handia egiten dit proiektuan izateak.

Aktoreak grabazio lekuetara etor daitezen, garraiorako ere diru bat jartzen dugu. Ez badute diru ordainik lortu behar, gutxienez saiatzen gara ez dezaten dirurik gastatu. Guztion asmo onarekin ateratzen dugu filma aurrera.

Grabazio prozesuaren zein fasetan zaudete orain?

Aurreprodukzioa otsailean egin genuen. Nik gidoia erakutsi nion elkarteari, eta zerbait egiteko asmoa aurkeztu. Uztailean hasi ginen grabatzen. Batez ere Bizkaian grabatzen dugu: Bilbon, EHUren Leioako campusean, Getxon... Oraintxe bertan grabatzen jarraitzen dugu.

Minbera zer formatutan argitaratzeko asmoa duzue?

Gaur egun, film bat zinema aretoetan estreinatzea ez da lehentasuna. Zinema jaialdietan erakustea, berriz, bai. Jaialdiei esker, nazio mailako filmek nazioartean izaten dute arrakasta. Orokorrean, aurrena kanpoan egiten dute eztanda, eta ondoren jatorrizko herrialdean. Horren adibide dira Alcarrás eta 20.000 especies de abejas filmak. Noski, plataforma digitalak ere lehentasuna dira. Nik beti esaten dut filma Filmin plataforman jartzen badute zoriontsua izango naizela. Nik Donostiako Zinemaldian estreinatu nahiko nuke Minbera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.