Europan iturburu batetik ateratzen den gatz bakarra da Jaizkoa. Nafarroako herrixka horretan altxor zuri bat daukate: iturburu naturalak lurrazpiko diapiro batetik jasotzen du gatza. Hala izan da behinolatik, gatz hori duela 220 milioi urte baino gehiago pilatu baitzen Antzinaroan bertan zegoen itsasoan —Tetis itsasoa—. Egun, gatzagako larrainetan pilatzen da urre zuria, erromatarren garaitik etenik gabe egin den bezala, eta, bihar, ondare hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.
Irantzuko Lurrak eta Jaizko Udalak elkarlanean antolatutako jarduera ibilbide batekin abiatuko da. 10:00etan gatzaren milurteko ibilbidea egingo dute. Fran Sanz geologoa diapiroaren jatorriaz, eraketaz eta berezitasunez arituko da, mendi zeharkaldia haren eskutik egingo baita. Erdi Aroko presa ere ezagutzeko aukera izango da txangoan, eta amaieran, nola ez, gatzagak. Eguerdi partean ekainetik irailera bitartera gatza nola jasotzen duten ikusi ahal izango dute bertaratutakoek. Jaitz herritik ipar-ekialdera, bi kilometro ingurura daude gatzagak. Iturburuak Salado ibaira isurtzen du ur gazia, eta, larrainetan lurrunduz doan gatza jasotzen dute, urtean zazpiehun tona inguru. Gatzagen inguruko dokumenturik zaharrena 1492. urteko aipu bat da.
Ibilbidean dantza ikuskizun bat ere izango da: Sustraiak. Danzad Danzad Malditos, Dinamo Danza eta La Trapecionista taldeetako kideak basoan arituko dira dantzan —11:30 aldera izango da emanaldia—. Jarraian, gatzagan, gatz ekologikoa dastatzeko aukera ere izango da. Ekitaldietan parte hartzeko aurretik izena eman behar da, 646-18 52 64 telefonora deituta edo [email protected] helbidera idatzita. Bost euro ordaindu behar dira.
Paraje ederra
Jaizko inguruak ederrak dira, eta ibarrak leku ezkutu bereziak ditu, tartean kareharrizko haitzak eta ur jauziak eta ur putzuak. Horietan bainu bat hartzea ere badago. Esparatz tontorraren abaroan dago herria, eta, hariztiak, erkametzak eta pagadiak ere badira inguruan. Gatzagak dira, hala ere, paraje horren altxor nagusia. Lur azpian dagoen gatza fosilduta dago, kutsatu gabe, eta mineral ugari ditu; iodoa, potasioa, kaltzioa, burdina eta manganesoa. Oligoelementuak askotarikoak dira, eta sodio kloruroa eskasa. Errekako ur gardenak eta gaziak gatz portzentaje handia dauka; litroko 250 eta 280 gramo artean —Itsaso Hilean, litroko 330 gramo—.
Artisau lana da gatzagarena. Lau egun eta astebete artean sortzen da gatza larrainetan. Haizearen norabidearen arabera, gatz kopurua eta kalitatea aldatzen da. Gatz ezkatak eta gatz loreak ere ekoizten dituzte Jaizen.
Urbasa eta Andia mendilerroetatik gertu dago herria, eta, gatzagaz gain, herrian bertan badago zer ikusia: zubi erromanikoa, iturria, latsarria, baseliza, errota...