Milioika urteren ondorioa

Irati ibaiak milioika urtean eginiko ibilbideak Leire mendilerroko kareharria poliki-poliki higatu zuen, Irunberriko arroila ikusgarria sortu arte.

2007ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Irunberriko arroila, bere izenak erraten duen moduan, Irunberrin dago, Nafarroako erdialdean. Irunberri herritik hegoaldera dago arroila, eta urteen poderioz, Irati ibaiak egin du naturaren monumentu ikusgarri hori. Irati ibaia Pirinioetan sortzen da, eta sorburutik, Ori menditik eta Iratiko oihanetik, ibilbide luzea egiten du arroilara iritsi arte. Ibilbide horretan, inguruko erreka txikien urak hartzen ditu Iratik, eta arroilara iritsi baino lehen, Salazar ibaiarekin elkartzen da. Bi ibaiak elkartuta, Salazarrek bere izena galtzen du, eta Irati ibaia handituta, arroilaren barrenera sartzen da, bihurguneei segika.

Arroila iparraldetik hegoradago, eta 1.300 metroko luzera dauka. Bi motatako labarrak ditu: batetik, ibaitik zuzenean bertikalki ateratzen direnak, eta bertzetik, eskaloi baten gainetik ateratzen diren labarrak. Irati ibaitik labar handienaren gailurreraino, gehienez, 150 metroko desnibela badago.

Arroila ia ukitu gabea dago, labarrek eta ibaiak oso zail egiten baitute bertatik igarotzea. Baina, XX. mendearen hasieran, agintariak ez ziren kikildu, eta Irunberriko arroilatik Irati izeneko trenarentzako trenbidea eraiki zuten, 1911n. Irati tren elektrikoa zen, eta Iruñea-Zangoza ibilbidea egiten zuen egunero. Trenbidea arroilatik barrutik igarotzen zen, Irati ibaiaren ibilbideari segituz. Trenak arroila zeharkatzeko, bi tunel egin zituzten. Gaur egun oraindik zutik daude. Lehenengo tunela arroilaren hasieran dago, eta bigarrena, bukaeran.

Mende hasiera eta erdialdeko urte haietan, arroilak zuen lasaitasuna galdu zuen, Irati trenaren eguneroko joan-etorrien ondorioz. Baina errepide hobeak egitean eta autoak eta kamioiak hedatzen joan zirenean, trenen garaia bukatuz joan zen. Hala, Iratitrenak bere azkeneko bidaia 1955ean egin zuen, eta arroilak zeukan baretasuna berreskuratu zuen.



1987TIK ERRESERBA NATURALA. Irunberriko arroila paisaia ikusgarria izateaz gain, landaredi aberastasun handia dago, eta bertzetik, labar harritsuak hainbat txori motaren bizitokia dira. Txorien artean, bereziki, sai arreen kolonia handi bat bertan bizi dela aipatzekoa da. Arrazoi horiengatik, 1987an arroila erreserba natural izendatu zuten.

Landaretzari buruz, erran bezala, eremua oso aberatsa da, eta arroila klima mediterranearraren eraginpean dago. Baina lekua hain berezia denez, hainbat mikroklima ditu. Arroilan hainbat landare eta zuhaitz mota ikusten ahal dira: bertzeak bertze, ugariak dira ametzak, ezpelak, ipuruak, miterrak, sahatsak eta pikondoak. Landare mota horiek klima mediterranearraren adibideak dira. Arbolez aparte, labarretan zintzilik eta maldetan mota askotako zuhaixkak hazten dira. Landareen eta arroken koloreen konbinazioek kolore kontraste bereziak sortzen dituzte paretetan.

Basapiztiei dagokienez, txoriak dira begi bistaz ikusten ahal diren bakarrak. Beren kopurua hain handia denez, modu errazean ikusten dira, eta bereziki, sai arreen hegaldiak ikusten dira. Aipatu bezala, Irunberriko arroilan sai arreen kolonia handi bat bizi da, eta kolonia hori Nafarroako sai arreen koloniarik handiena da. Denetara, gutxi gorabehera 200 bikote bizi dira labarretan. Sai arreez gain, badira bertze txori mota batzuk ere. Hala nola sai zuriak, arrano beltzak, belatzak, miruak, hontzak, beleak eta belatxingak.



ARROILA IKUSTEKO. Irunberritik hartu behar da arroilara iristeko, eta autoa arroilara iritsi baino lehenagoko aparkalekuan utzi behar da. Aparkalekuaren ondoan, pertsonen aisialdirako prestatutako gune bat dago. Bertan, mahaiak, bankuak, sua egiteko tokiak, iturriak eta komunak daude. Hortik abiatzen da trenbide zaharraren bidea, eta arroilaren barruraino sartzen da.

Bi aukera daude Irunberriko arroila ikusteko. Lehenengo aukera trenbideari jarraitzea da, eta arroilaren bukaerara iristean, berriz ere etorritako bidetik etortzea. Bertze aukera arroila osoari itzulia ematea da, Corral de Alzueta deituriko tokitik hain zuzen. Horretarako bide bat dago, eta bide horrek ibilbidearen abiapuntura eramaten du bisitaria .

Bata edo bertzea hartuta, bi ibilbideak trenbidearen tuneletatik pasatzen dira. Aisialdiko gunetik hurbilen dagoen tunelak 160 metroko luzera dauka, eta bertan sartu baino lehen, behatoki bat dago. Behatokitik, Irati sakona arroilaren bihurgunetatik barrena nola pasatzen den ikus daiteke. Tunela igarota, arroilaren barru-barruan sartzen da bisitaria, eta orduan, arroilaren ekosistema zer den ikusten da. Sai arreak ikusteko aukera ibilbidearen zati horretan izaten da. Bigarren tunelera iristean arroila bukatu egiten da. Azken tunel horrek 206 metroko luzera du, eta kurbatua denez, oso iluna da.



ARROILA INTERPRETATZEKO ZENTROA. Irunberrin dago arroila interpretatzeko zentroa. Irunberriko arroilaz gain, Arbaiunen (Irunberri eta Nabaskoze artean) bertze arroila bat dagoenez, zentroak bi arroilak aztertzen ditu. Arroilak oso ekosistema bereziak direla azpimarratzen du, besteak beste, zentroak. Nafarroan bakarrak direnez hurrengo belaunaldiek ere goza ditzaten oso ongi babestu behar direla erakusten du interpretazio zentroak.

Hori lortzeko, hainbat jarduera egiten ditu zentroak: arroilak eta haien ingurua erakutsi, arroilak interpretatu, arroilen historia aztertu, arroilen landaredi eta fauna ikusi, gizakiaren eragina aztertu, eta abar. Horretarako, zentroa bideoez, informazio panelez eta jokoez baliatzen da. Interpretazio zentroa, batez ere, haurrentzat da.

 

Irunberriko gida



Nola heldu: Iruñea-Jaka errepidea hartu behar da (N-240), eta ondoren, NA-150 errepidea hartuta, Irunberrira heltzen da bidea. Herrira iritsita, hegoalderantz hartu, eta bidexka bati jarraitu behar zaio. Bideak arroilara eramaten du zuzenean bisitaria.

Jateko: Dantzari jatetxea (Irunberri). Tel. 948 880 196. Iru-Bide (Irunberri). Tel. 948 880 435. Iturbero kanpina (Irunberri). Tel. 948 880 405.

Lo egiteko. Iru-Bide hotela (Irunberri). Tel. 948 880 435. Iturbero kanpina (Irunberri). Tel. 948 880 405. Casa Julio apartamentuak (Irunberri). Tel. 948 880 270.

Informazioa eskatzeko: Irunberriko turismo bulegoa. Tel. 948 880 342. Arroilen interpretazio zentroa.

Tel. 948 880 874.



 

Deabruaren Zubia



Arroilaren amaieran, Deabruaren Zubiaren hondakinak daude. Zubia Erdi Aroan eraiki zuten, baina Independentzia Gerran, Napoleonen gudarosteek suntsitu zuten, 1812an. Eta gaur ere frantsesek utzi zuten bezala dago. Kondairak erraten du zubia deabruak berak eraiki zuela, bertako noble batekin egindako tratuarengatik. Nobleak zubi bat egiteko erran zion deabruari, eta deabruak trukean bere arima eskatu zion. Baina, arima eskuratzeko, deabruak gau bakarrean eraiki beharra zeukan zubia, eta orografia oso zaila zenez, ezin izan zuen amaitu lana. Hala, noblea zubiarekin eta bere arimarekin gelditu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.