Udako proposamenak.

Milaka kilo odoloste

Odoloste Eguna ospatuko dute gaur Laudion. Milaka kilo jango dituzte herritarren artean, eta egun osoan hainbat ekitaldi eta jarduera egingo dituzte.

Odolosteak erretegian, Laudioko odoloste egunean. BERRIA
Odolosteak erretegian, Laudioko odoloste egunean. BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko abuztuaren 24a
05:00
Entzun

Laudio (Araba) jai giroan dago aurreko astetik. Sanrokeak ospatzen dabiltza laudioarrak, eta, aste osoko programazioa ez ezik, jaiak ere bukatzear daude. Hala ere, gaur, jaietako egunik handienetariko bat ospatuko dute herrian: Odoloste Eguna. Txerrikiak nagusituko dira gaur, eta herriko izkin guztietan ikusteko aukera izango da. Tabernak, elkarteak, etxeak eta kaleak odolki usainez betetzen dituzte gaur, eta, horrez gain, jaien azken-aurreko egunean, ekitaldi eta jarduera mordo bat antolatu dute.

Eguna hasteko, orientazio probak egingo dituzte. Parte hartzaileak herrian barrena ibiliko dira, orientazioa oinarri hartuta jolasean. Herriko plazan izango da hasiera, 11:00etan. Ordu berean, Laudioko Gaiteroak taldeak diana joko du. Musikaz eta jolasez beteriko goiz baten ondoren, 12:30ean, zezenak sartuko dira kaleetan, entzierroaren ordua izango baita. Hori bukatzean, zezen plazan, bigantxen txanda izango da. Era berean, zezen plaza girotzeko, Laudioko Gaiteroek beraien doinuekin jarraituko dute. 13:00etan, berriz, Alberto Acero plazan, Gilda taldea igoko da oholtzara. Eguerdiko programazioa amaitzeko, txosnetan, Wallas magoa izango da, eta arloteek eta Ekin Joleak txistulari taldeak alaituko dute giroa.

Bazkalorduan, herritarrek badakite zein izango den menua. Milaka kilo odoloste kontsumitzen dira gaurko egunean Laudion, familia eta talde bakoitzak bereak erretzen baititu. Ohitura XVI. mendetik dator, Erroke Deuna Kofradiak urtero egiten duen bazkaritik. Kofradiak 400 urte baino gehiago ditu, eta, urtero, abuztuko azken igandean, kofradiako kideentzat bazkari bat egiten dute. Duela bost mende, ahuntza jaten zuten kofradiako kideek, eta haien odolarekin odolostea egiten hasi ziren. Horrela, urteroko ohitura bilakatu zen, gaur egun arte. Orain, Odoloste Egunean, kofradiak askari bat antolatzen du arratsaldean, 19:00etan, ikatzarekin erretako odolosteak banatuz. Lurrean jarritako erretegiekin egiten dituzte jakiak, herria sukalde erraldoi bihurtuz.

Kirola ere ez da faltako gaur. Arabako bola jokoko San Roke txapelketa egingo dute 16:30ean, Lamuza parkeko bolalekuan, Laudioko Pasabolo klubak eta Bolo Alaves taldeak antolaturik. 17:00etan, emakumezkoen futbolak bereganatuko ditu begiradak, Ellakuriko zelaian. Athleticek Bizkerreren aurka jokatuko du partida, San Roke txapelketaren finalean.

Gaua musikaz blai

Arratsalde osoan herriko kaleak animazio taldez eta buruhandiz eta erraldoiz beteko dira, etxeko txikienen pozgarri. 18:00etan, Zubiko malekoian kontzertuekin jarraituko dute, eta Alta DJa izango da lehenengoa. 21:00etan Punkzaharrak elektrotxarangak kalejira bat egingo du herri osoan zehar, eta, 23:00etan, herriko plazan, Estrella del Norte taldeak kontzertua emango du, era guztietako musika bertsioekin Odoloste Eguneko gauari ongietorria eginez.

Presoen aldeko kalejira bat antolatu dute herriko eragileek gauerdirako, geltokiko zubitik abiatuta. Azkenik, 01:00etan, DJ Bad Sound Sister arituko da musika jartzen, eta DJ Reimyk amaituko du txosnaguneko gaua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.