Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitatean irakasle gisa dihardu Ibai Olariaga Ibargurenek (Donostia, 1979). Aranzadi zientzia elkarteko Mikologia saileko zuzendaria ere bada, eta bi erakunde horien izenean eman du argitara deskubrimendua, Euskal Herriko Unibertsitateko Isabel Salcedo eta Salamancako Unibertsitateko Sergio Perez ikerlariekin batera, besteak beste. Onddo espezie berri bat da, euskarazko izena duena: Hymenochaete ametzii.
Onddo bati izena euskaraz?
Zazpi tokitan aurkitu dugu bakarrik, eta ametzetan irteten da [Quercus pyrenaica]. Ohikoena izaten da latinezko izenak jartzea, eta izena izaten da aurkitu duzun horrek daukan ezaugarriren bati erreferentzia egiten dion zerbait: halako forma daukalako, edo halako tokitan hazten delako. Kontua da espezie honek bi ezaugarri dituela oso nabarmenak.
Zeintzuk dira?
Bata da ametzetan irteten dela, eta bestea da espora oso bereziak dituela: borobil-borobilak. Baina ezaugarri horiek izendatzeko latinezko hitzak hartuta zeuden jada, ezin ziren erabili, eta hasi ginen pentsatzen: «Zergatik ez diogu jartzen euskarazko izena?». Euskaraz ametz oso hitz laburra denez, egokia iruditu zitzaigun. Eta badago beste kontu bat: gure semeak ere Ametz izena duela.
Esan liteke non topatu duzuen?
Oraingoz, Euskal Herrian ez. Espainian bakarrik: Sorian, Avilan, Salamancan, Madrilen, Toledon eta Ciudad Realen.
Argi utzi behar da ez dutela nahaskiak egiteko balio.
[Barrez] Ez, ez. Oso txikiak dira, eta nahiko gogorrak.
Eta bada onddo berriak dauden seinale ere?
Milaka eta milaka onddo berri daude, baina espezialistak falta dira deskubritzeko.
Zertarako dira onddoak? Zer funtzio dute?
Bi funtzio nabarmenduko nituzke. Lehenengoa: landareen %92 onddoekin elkartuta bizi dela. Harreman horri mikorriza esaten zaio, eta landarearentzako ezinbesteko harreman bat da. Bigarrena: onddorik gabe, basoetan hildako materia organiko guztia ez litzatekeela desagertuko; pilatuta geldituko litzateke. Deskonposatzaile gisa, oso talde inportantea da onddoena.
Onddoak badira neurgailuak? Klima aldaketaren neurgailuak?
Argi dago klima aldaketak gure onddo komunitateari eragiten diola, eta espezieen banaketa aldatzen ari dela. Aldaketa oso motelak dira, eta detektatzen zailak, baina onddo espezieen banaketa aldatzen ari da klima aldaketaren eraginez, dudarik gabe.
Berriak arituko dira agertzen, baina aurten boletus-ak desagertu egin dira?
Boletus-en kontua asko aldatzen da urtetik urtera. Badaude urteak ikaragarri irteten direnak, eta, beste batzuetan, batere ez. Baina hori normala da, hori beti gertatu izan da. Aurtengoa halakoa izan da: onddoen mizelioak han egongo dira basoetan, baina ez dute atera nahi izan.
Txantxak aparte, onddo asko daude galtzeko arriskuan?
Bai, adibidez, belardietako perretxikoak. Lehen, baserri inguruetan, belarra beti mozten zen ganaduari jaten emateko. Orain, sega belardi horiek ongarritu egiten dituzte, eta sega belardi horietan irteten ziren perretxiko horiek guztiak galtzen ari dira. Zuhaitz oso zaharrei lotutako onddoak ere desagertzen ari dira. Hain zuzen, guk deskribatutako Hymenochaete ametzii espeziea zuhaitz zaharrei lotutako espeziea da. Eta oso gutxitan gertatzen dena gertatu da: argitalpen batean ezagutarazi dugula espezie berri bat, eta ohartarazi dugula, aldi berean, espezie mehatxatua dela, zuhaitz oso zaharretan irteten delako, eta badakigulako ez direla ametz zahar asko gelditzen.
Eta gero galdetuko dute zertarako balio duten onddoek.
Bada, horrelakoez ohartarazteko ere bai. Baso batean, intsektuak, onddoak eta halako ornogabeak dira bioindikatzaile onenak.
LOTSABAKO
Onddo jangarri gustuko bat?
Ez dut perretxikorik jaten.Bereziki ederra den bat?
Clavaria zollingeri.Onddoak biltzeko toki bat?
Getariako San Anton [Gipuzkoa]. Perretxiko asko daude.