Gasteizko hegoaldean dago Adurtza auzoa, eta historia luzea eta askotarikoa du. Antzinako herri baten eta hiri industrialaren arteko zubia. Mende askoan etengabeko bilakaera izan du, eta, lehenengo aldiz 1025ean dokumentatua izan zenetik, mila urteko historia ospatzen ari da aurten. Zaramaga eta Errekaleor auzoekin batera, XX. mendeko industrializazioaren lehen urratsak egin zituen eremua izan zen. Era berean, Olarizu parkearen ondoan egonda, lotura zuzena du ingurune naturalarekin, eta hiriaren erdigunetik urruneko eremu berde bat eskaintzen du.
Industriaren eta komunitatearen bilakaeraren lekuko izan da auzoa, eta, mila urte geroago, bere jatorriari eta historiari esker, Gasteizko auzo garrantzitsuenetako bat da oraindik ere. Gauzarik onenek mendeetan iraun dezakete, eta, XX. mendean berpiztu zenetik, bizirik dirau Adurtzak. Bizilagun berriek ospakizun berezi bat antolatu dute orain; aurten hainbat ekintza egingo dituzte. Horretarako, Adurzaha egitasmoa sortu dute, auzoaren «izaera propioa» aldarrikatzeko eta beren borrokak hauspotzeko. Egitasmo horretan parte hartzen ari dira Goizane Pinedo, Juantxo Sanchez, Aitor Aedo eta Kiowa Gonzalez. Bakoitzak bere ekarpena egiten du Adurtza «gero eta biziagoa» izan dadin.

Auzokideek, lehenik eta behin, herriaren historia ezagutzea erabaki zuten. Pinedok azaldu duenez, jai giroan «norbaitek» aipatu zuen auzoak mila urte beteko zituela aurten: «Euskaraldian parte hartzen duen jendea, guraso elkartekoak... Hainbat eragiletako jendea batu ginen bilera bat egiteko».
Gehiago sakontzeko bultzada bihurtu zen ekimen hura. Gonzalezek azaldu duenez, Adurtzak Erdi Aroan du jatorri historikoa, Donemiliagako goldea dokumentuan agertzen baita. Duela mila urteko dokumentu horretan Adurtzaren izena jaso zuten, Arabako beste hainbat herrirenarekin batera. Donemiliagako burdin sarearen bidez, Adurzaha izena historia orrian sartu zen.
Historialariek eta artxiboetako informazioak diotenez, Adurtzak hamar baserri inguru zituen. Aedok gehitu du herria bi multzotan banatuta zegoela: batetik, gaur egungo trenbidearen eta Iradier Arenaren inguruan kokatutako herrigune nagusia, eta, bestetik, egungo Adurtzako hiribildua dagoen auzoa. Auzo modernoaren oinarriak herrixka horretan daude, eta garai bateko herri hustu baten arrastoak gordetzen ditu.
Gasteizko herritarrei Hiri Gutuna eman zietenean, herrixka hiri bihurtzeko prozesua hasi zen, eta, horrekin batera, herrixka desagertzen hasi zen. Aldi berean, Adurtzatik igarotzen zen merkataritza ardatza desplazatu egin zen, Astorga (Espainia) eta Bordele (Frantzia) arteko galtzada erromatarraren trazadurari jarraituz. Horren ondorioz, garai hartako erlijio eta merkataritza bizitzaren ikur bihurtu zen San Kristobal eliza, mandazainen eta bidaiarien patroia. 1258an, Gasteizko hiribilduaren jurisdikziopean sartu zen, Arriagako Kofradiatik bananduz.
Adurtzaren bilakaera hiriko industrializazioarekin zuzenean lotuta dago, 1940ko hamarkadaren amaieran udalak sustatutako prozesuaren ondorioz. XX. mendean, 50eko hamarkadaren amaieran, Gasteizko industria loraldia zela eta, hiri kolonia industrialak eraiki zituzten, hala nola Zaramaga eta Errekaleor. Langile asko iritsi ziren Arabako landa eremutik eta Espainiako eskualde batzuetatik. Aedok azaldu duenez, auzoan bizi diren askoren gurasoak hara iritsitako langileak ziren: «Nire gurasoak, esaterako, Burgostik [Espainia] etorri ziren».

Gasteiz aldatzen eta zabaltzen hasi zen, bere hiri paisaia eta gizarte dinamika eraldatuz. Etxebizitza krisiari erantzuteko, elizak eta bestelako eragile sozialek, hala nola Carlos Abaituak eta Kutxek, Mundo Mejor Etxebizitza Kooperatiba sortu zuten. Lehenengo etxebizitza multzoak eraiki zituzten, baita gaur egungo Errekaleor auzo okupatuan ere. Halaber, Esmaltaciones San Ignacio eta Beistegui Hermanos (BH) enpresek Adurtza inguruan kokatu zuten beren jarduna, eta horrek auzoaren urbanizazioa bizkortu zuen.
1960ko hamarkadan, Centro Social erakundea eta San Ignacio eliza sortu zituzten, langileen komunitatearen oinarriak ezarriz. Adurtza, Gasteizko beste auzo batzuekin batera, langile mugimenduen erdigune bihurtu zen. 1971n, greba eta mobilizazio sozialak nabarmen gertatu ziren auzoan. 1970eko hamarkadaren erdialderako, auzoaren urbanizazioa amaituta zegoen, eta hezkuntza eskaintza zabaltzen jarraitu zuten.
1980ko hamarkadan, industrializazioaren amaiera eta drogaren arazoak auzoan eragina izaten hasi ziren. 1990eko hamarkadan, enpresa nagusiak itxi edo lekualdatu zituzten; esaterako, Fournier enpresa, 1993an.
Gaur egun, Adurtzak 6.000 biztanle inguru ditu, eta azken urteotan gelditu eta egonkortu egin da biztanleriaren jaitsiera, etxebizitzen eraikuntzari esker. Gonzalezek azaldu duenez, «auzo zaharkitua» da. «Baina, zorionez, jende gaztea ere etorri da». Gainera, auzoko hainbat espazio historiko mantendu dituzte, eta beste erabilera bat eman diete industrialde izandako eremuei. Adurtzak «auzo aktibo eta komunitario gisa bizigarri izaten jarraitzea» aldarrikatu dute bizilagunek.
Balioak eta borrokak
Milurtekoaren ospakizunetan, ez dute soilik historia gogora ekarri nahi: auzoaren balioak ere aldarrikatu nahi dituzte. «Adurtza auzo solidario, euskaldun eta feminista» dela aldarrikatu du Pinedok. «Jatorri eta kultura anitzetako herritarren aurka zabaltzen ari diren jarrera erreakzionarioen aurrean, harrera auzo bat izaten jarraitu nahi dugu».
Adurtzako komunitatearen batasuna nabaria da. Auzoko elkarte, komertzio eta bizilagunek auzoa bizigarriago bilakatzeko lan egiten dute, eta milurtekoaren ospakizunek batasun hori are gehiago indartu dutela adierazi du Sanchezek: «Ekimenak harrera oso positiboa izan du, eta batzarren bidez antolatzen gara. Sentitu dugu auzoari bultzada emateko nahia badagoela. Baditugu beharrak, eta horiei heltzeko gogoa ere bai».

Guraso elkarteko kide ere bada Sanchez, auzoan indar handiena duten eragileetako bateko kide. Ikastetxe publikoa da Adurtza Ikastola, eta auzoan hezkuntzaren erreferente izatea beharrezkoa dela azpimarratu dute laurek. Bi eskola publiko daude auzoan: S. Inazio eta Adurtza, elkarren parean, baina errealitate ezberdinak dituzte. Urteurrenak horrelako borrokak indartzeko ere baliatuko dute: «Bi ikastetxeak 2026ko irailean fusionatuko dira eta familiek zer esan handia dugu horretan. Horregatik, S. Inazio eta Adurtzako guraso elkarteak hasi dira elkarlanean, auzoko ikastola publiko eta segregaziorik gabekoa sortzeko beharko diren baliabldeak eta inbertsioa aldarrikatzeko lanean».
Funtsean, Aedok azaldu duenez, «auzoko ospakizunek dinamikak sendotzeko eta auzoko borrokak azaleratzeko balioko dute», besteak beste, etxebizitzaren arazoari, atzerritarren harrerari eta osasun zentroaren beharrei heltzeko. «Jaiak garrantzitsuak izango dira, baina borrokak ere bai», azpimarratu du. Gasteizko beste auzo batzuentzat ere erreferente izan direla adierazi du Gonzalezek. «Badaude izaera berezia duten auzoak, eta auzoen arteko saretzea beharrezkoa dela uste dugu».
Egitaraua auzokideentzat prestatu dute, baina Gasteizko gainerako herritarrak ere parte hartzera gonbidatu dituzte. Otsailaren 1ean hasi zituzten milurtekoaren ospakizunak, Adurtzako gizarte etxetik abiatutako kalejira batekin. Bizilagunak eta auzoko elkarteak kalera atera ziren, Hegoalde gizarte etxean egin zuten jaialdia ospatzeko.
Ekitaldi ugari antolatu dituzte 2025ean, eta martxoan ere auzoak bere urteurrena ospatzen jarraitzen du. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte komunitatea parte hartzera bultzatzeko. Bihar, esaterako, 11:00etatik 13:00etara, Martxoak 3. M3MORIA AUZOLANA jarduera izango da Adurtzako gizarte etxean. «Auzoko memoria historikoa berreskuratzeko testigantzak eta objektuak bilduko ditugu», animatu du jendea Pinedok.
Datorren ostiralean, 18:30ean, Hegoalde gizarte etxean antolatuta, patinatzera joateko irteera egingo dute, Gaubela elkartearen laguntzarekin. Bestalde, martxoaren 16an, sagardotegira irteera antolatu dute; 09:00etan abiatuko dira Dantzari plazatik.

«Urte amaierara begira, oraindik ez dugu ezer zehaztu, baina asmoa dugu egun berezi batekin amaitzeko, otsailaren 1ean egin genuenaren antzeko zerbaitekin. Dena den, egitaraua hilabetez hilabete osatzen ari gara», aurreratu du Pinedok. Gainera, Basotxo mendi klubak urte osoan mendi irteerak antolatuko ditu, eta Adurtza dantza taldeak, Adurtza Ikastolak eta beste hainbat eragilek ekitaldietan parte hartuko dute.
Milurtekoaren ospakizunek iraganarekiko lotura sendotzen dute, baina, batez ere, auzoaren etorkizuna eraikitzeko gogoari bultzada ematen diote. Adurtza, mila urteko historia duen auzoa, etorkizunera begira jarrita dago. Auzo izaera sendoa izan arren, barrez esan dute «oraingoz behintzat» ez dutela asmorik independentzia eskatzeko.