Mila urte aldarrikatuz badirela nor

'Agotak, berdintasunaren alde borrokalari' liburua ondu dute Xabier Santxotenak eta Josu Legarretak; gizataldearen historia beste ikuspuntu batetik ikertu dute, azken bostehun urteetako agiriak baliatuz.

Legarreta eta Santxotena, astelehenean Donostian egin zuten liburu aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Legarreta eta Santxotena, astelehenean Donostian egin zuten liburu aurkezpenean. JON URBE / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

«Litekeena da gu bisigodoak izatea». Gu hitza darabil etengabe, talde edo antzeko zerbaiten parte dela azpimarratuz. Xabier Santxotena artista agota da, eta harro dago, inor inoiz baino gehiago. «Ez gara herri bat; arraza konkretu bat ere ez». Santxotenak nahiago du «gizatalde» hitza erabili. Cagots, gatees edo cascarot frantsesez; agotes edota patarinos gaztelaniaz: deitura andana jaso dituzte lekuaren arabera, peioratiboak denak, ordea. Izan ere, mendez mende bortxaz baztertuak izan dira agotak, orotariko aurreiritziak aitzakia izanik.

Egiaz ere, enigmak inguraturik bizi izan dira beti; gizataldearen jatorria ere ez da ziurra. Agotak aipatzen dituen lehen dokumentua duela mila urtekoa da, X. mendeko Lucq-de-Bearn (Okzitania) abadian agerturikoa, eta creestias [kristauak] terminoarekin izendatu zituzten. Santxotenaren aburuz, ordea, agotak «askoz lehenago» agertu ziren, eta ez supituki sortu. Hipotesiak, baina, hamaika dira, eta zehazki frogatu ezinezkoak denak.

«Izan zituzten tasun goragarriak azaltzeko bildu ditugu berdintasuna lortzeko egin zituzten ahaleginak».

XABIER SANTXOTENA'Agotak, berdintasunaren alde borrokalari' liburuaren egilea

Santxotenaren iritziz, bisigodoena da tesi arrazoizkoena: «Cagot izenak godo-txakur esan nahi du, eta horrek ja pista bat ematen digu». Izan ere, izen horren jatorria Vouilleko 507. urteko gudan sortu omen zen, Galia eskuratzeko frankoen eta godoen arteko norgehiagokan. Godoek galdu zuten, eta paria gisa hartu zituzten. Geroztik, Okzitania aldean gelditu ziren gehienak.

Erromanikoa eta, ondoren, gotikoa iritsi zirenean, harriaren eta egurraren lanketek loraldia izan zuten, eta gremio horietan trebatu ziren Okzitanian jarraitzen zuten godo horiek, tenplarioen laguntzarekin. «Biarnoko agotek egin zuten Parisko Notre-Dame katedralaren sabaia», esan du Santxotenak harro. Ordea, aurki desagertu ziren tenplarioak, eta Okzitaniatik alde egin behar izan zuten agot askok, lan bila. «Agoten ametsa zen Done Jakue bidean lan egitea, elizak eta bestelakoak eraikitzen». Horrela iritsi izan zitezkeen agotak Euskal Herrira, hipotesietako baten arabera.

Ordea, bereziki aipatzekoa da ehun urte atzerago jazo zen Mureteko (Okzitania) gudaren tesia, agotenganako estigmatizazio eta aurreiritziak orduan sortu baitziren. Jaun feudal laikoen zein erlijiosoen handinahikeriak zirela medio, Katarismoak indar handia hartu zuen XIII. mendean, eta, ondorioz, Eliza katolikoak heretikotzat hartu zuen Okzitania; askok alde egin zuten bertatik, toki seguruagoen bila. Uste zuen heretikoak madarikatzeko jaungoikoak bidalitako zigorrak zirela agotak, eta hortxe zabaldu zen gizataldearenganako beldurra. «Kasik gurekin hasi zen inkisizioa», esan du Santxotenak.

Legarreta eta Santxotena, Baigorriko (Nafarroa Beherea)Doneztebe elizako Agoten ate aurrean.
Legarreta eta Santxotena, Baigorriko (Nafarroa Beherea) Doneztebe elizako agoten atearen aurrean.

Katarismoa, ordea, kristautasun purifikatua besterik ez zen, bertze dotrina erlijioso bat gehiago, baina Elizaren tesia minimoki zalantzan jartzen zuen oro izendatzen zuten heretiko orduan. Halere, agoten eta katarismoaren arteko lotura hertsia ezin da egia absolututzat jo, artistaren arabera: «Agotak kataroak zirela? Ba, ez dakigu, baina ikerketa batzuen arabera kataroen ehunekoa ez zen handia, eta are txikiagoa zen agoten artean; lan egin eta bizitza aurre atera nahi zuten soilik». Hori horrela izanik, agotenganako jazarpenaren benetako arrazoiak ekonomikoak eta politikoak omen zirela esan du Santxotenak, erlijioaren aitzakiapean.

Dena dela, artistaren aburuz, pentsa daiteke Euskal Herrira iritsitako agotak Muretetik barik hurbilagoko herrialde batetik iritsitako migratzaileak zirela. «Lucq-de-Bearn, Lescar... gure mugetatik gertu daude, eta bertako eraikuntza garrantzitsuetan agotak lanean aritu zirela ukatzerik ez dago». Monarkien nazioarteko politikek ere migrazio andana eragin zuten, eta litekeena da horien karietara ere lekualdatu izana. «Baliteke Cluny ordenaren agindupean Aragoiko [Espainia] lurraldeetara iritsi izana, edota Biarnoko eta Aragoiko harreman aristokratikoen kariaz lekualdatzea».

Baztertuen bilgune

Hamaika dira hipotesiak, ordea, eta denek izanen zuten eragina gizataldearen migrazioetan, aldez edo moldez. Arrazoi bat edo beste, Pirinioen inguruan zokoraturik gelditu ziren behinola okzitaniarrak ziren godo edo agotak. Horren adibide dira Pirinio inguruetan dauden 142 herri agot.

Beraz, dela Aragoitik edo Bearnotik, Pirinioetatik barrena heldu ziren agotak Euskal Herrira, konkretuki, Zuberoara, Nafarroa Beherera, Lapurdira, Nafarroa Garaira eta Gipuzkoara. Ez zuten, baina, harrera epelik izan. Kanpotarrak ziren, «odol zikineko gizakume madarikatuak», eta hala tratatzen zituzten. Auzoetan bazterturik bizi ziren, eta gainerako herritar kaperadunen pribilegioetatik urrun. Elizetan sartzeko ate propioak zituzten, atzealdean, eta batailarriak ere bereziak zituzten. Gaixotasun moralaz beste, fisikoa ere egozten zieten, legenardunak zirela argudiaturik.

«Ez genuen analisi orokor bat egin nahi, eta agotek izan zituzten gorabeherez hornituriko kapituluak idatzi ditugu».

JOSU LEGARRETA'Agotak, berdintasunaren alde borrokalari' liburuaren egilea

Baztanen, Arizkungo Bozate auzoan bizi ziren, babesaren truke Urtsuako jaunarendako lanean. Bakarturik bizi ziren, etxe askoz txikiagoetan, eta horrek ezaugarri propioak garatzeko modua eman zien agotei. Artisauak ziren tradizioz, harginak eta zurginak, eta musika tresna andana zituzten berezko. Arkitektura ere berezia zuten, halabeharrez garaturikoa.

Berdintasuna ipar

Halere, etsitzetik urrun, agotak beti azaldu dira beren eskubideen defentsan, berdintasun efektibo bat erdieste aldera. Xabier Santxotena eta Josu Legarreta egileei adierazgarria iruditu zitzaien agoten jarrera hori, eta jakin-min horri segika Agotak, berdintasunaren alde borrokalari liburua ondu dute. Josu Legarreta: «Xabierrek eta biok egin genuen lehen liburuak sorrarazi zituen galderei erantzunez egin dugu berria». Izan ere, El orgullo de ser agote (agot izateaz harro) argitaratu zuten 2018an, gaztelaniaz.

Preseski, agoten berezko hizkuntzak zalantza sortu zuela azaldu dute idazleek, eta horrek bultzatu zituela liburua egitera. «Saiatu gara azalpenak euskaraz ematen, eta hainbat testu eta agiri historiko itzuli ditugu, euskara ulergarri batera; euskara baitzen hemengo agoten hizkuntza», esan du Legarretak. Izan ere, XVI. mendetik XX. mendera bitartean agotek herriz herri izan zituzten auzietako agiriak aztertu dituzte, alde eta kontrakoak, gizataldearen «argazki bat» eskaini asmoz. «Ez genuen analisi orokor bat egin nahi, eta herri eta herrialde bakoitzean agotek izan zituzten gorabeherez hornituriko kapituluak idatzi ditugu», esan du Legarretak. Esaterako, Aria lizentziatuak 1675ean idatzi zuen 130 orriko txostena erabili dute: «Desagertutzat jo zuten, eta guk aurkitu genuen», esan du Santxotenak.

(ID_17098229678195) Agotendako ura bedeinkatzeko ontzi bereiziak zituen Ospitalepeko
(ID_17098229678195) Agotendako ura bedeinkatzeko ontzi bereiziak zituen Ospitalepeko

Halaber, kutsu biktimista alde batera utzi nahi izan dutela azaldu du Santxotenak: «Bada garaia agotek izan zituzten bestelako tasun goragarriak azaltzen hasteko, horregatik bildu ditugu berdintasun eskubidea lortzeko egin zituzten ahaleginak eta ekintzak». Izan ere, ikuspegi negatibotik eta antropologikotik egin dira gizataldearen ikerketa gehientsuenak.

Baina, bereziki, agoten jatorriak eragin izan du jakin-min handien, eta berau azaltzen duten hipotesi klasikoetatik urrundu nahi izan dutela ere esan dute: «Gure inguruko lurretara zergatik etorri ziren azaltzeko hipotesi berri batzuk planteatu ditugu liburuan». Izan ere, agoten aurkako jarreren atzean arrazoi politiko eta ekonomikoak zeudela argi utzi nahi izan du Legarretak, erlijioaren itxurapean bazen ere. Nafarroako agoten izaera bakezalea ere nabarmendu dute idazleek: «Dakigunez, Europan zehar ere baziren agotak, eta oldarkeria erabili zuten berdintasuna lortzeko; Nafarroan, inoiz ez zuten indarkeria hautatu, bide demokratikoak baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.