Bostehun urte baino gehiago dira Ordiziako azoka sortu zutela. Egungoa, baina, ez da hasiera hartako berbera: etengabe egokitu behar izan du garaiko testuinguruetara. Horretan ari da azoka aurten ere, Ordiziako Udalak berrikuntzen aldeko apustua egin baitu. Eraldaketa lanetan ari dira Adur Ezenarro Ordiziako alkatea (Ordizia, Gipuzkoa, 1977) eta haren taldea.
Zerk eragin du aldatzeko beharra?
Aldatu baino gehiago, eraberritzea da helburua, garaira egokitzea. Errelebo falta sumatzen genuen, saltzaileak erretiroa hartzen ari ziren, eta ez zetorren baserritar berririk. Gainera, azokaren antolaketa oso zurruna zen, eta postu asko zeuzkan garaiari erantzuten zion, ez oraingoari. Hori ikusita, bi aukera sortu zitzaizkigun: Europako Next diru laguntzen deialdia eta pandemia bera. Pandemiak azoka berrantolatzea eragin zuen; dena hankaz gora jarri zen, eta postuak hobeto antolatu behar ziren. Bestalde, pandemiarekin batera, baserritarrak eta adinekoak —75 urtetik gorakoak, batez ere— ohartu ziren ezin zirela herrira jaitsi, eta Whatsapp bidez saltzen hasi ziren. Onura asko ekarri zituen horrek.
Asteazkena: abantaila edo desabantaila da?
Asteazken goizetan gehienek lana izaten dute, eta hori arazo izaten da; baina, aldi berean, erronka. Zer egin lanera joan behar duten herritarrek erosteko aukera izan dezaten? Egitura berrantolatu genuen, eta Next diru laguntzak eskatu. Eraberritze horretan ezinbestekoa zen baserritarrei eta saltzaileei egokitutako moldaketak egitea; azpiegitura eta argindarra moldatzea, esaterako. Orain, webgunearen eta aplikazioaren eraldaketarekin, asteazkenetan etorri ezin dutenei erosteko aukera eman diegu. Mila lerrotan ari gara aldaketak egiten, ikusten dugulako orain dela horretarako garaia. Dena dela, asteazkena izateko jende asko ibiltzen da azokan.
Lehendabiziko aldaketak eginda, itxura eraberritzea tokatzen da.
Bai, obrarena adjudikazio prozesuan dago. Espero dugu abuzturako amaituta izatea eta lanean hasi ahal izatea. Plaza guztiz eraberrituko da: panel fotovoltaikoak eta ehunez egindako itxitura modukoak, bai eguzkiak eta bai euriak eragiten dituzten arazoak saihesteko. Postuetarako, gainera, Ordiziako azokako oihal propioa sortu dugu, eta identifikazioa postu bakoitzerako. Horrez gain, sukalde eramangarri berria eta pop-up gunea ere bai.
Azkarra izan da diru laguntzak lortzeko prozesua?
Ez da erraza izan. Lan handia eskatu du, baina egia da asko inplikatu garela. Bi lerrotan lortu ditugu diru laguntzak: turismoko lerroan eta merkataritzakoan. Lehen deialdian laguntza geure kasa eskatzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu, eta bigarrenerako lan handia egin dugu. Baina merezi izan du.
Bazatoz? da kanpainaren lerroa. Nondik dator?
Proiektua aurkeztu genuenean, zatirik handiena plazaren eraberritzeak hartu zuen, baina, horrez gain, lerro asko daude; alde batetik, ontzi birziklagarriak egitea, poltsak, oihalarena, webgunearena eta leihatilena. Bestalde, lotura bat sortu nahi genuen merkataritzaren eta azokaren artean, hutsik zeuden lokalei balioa emateko. Horixe da kanpaina. Leloa ordiziarrentzako dago, gogorarazteko asteazkeneroko azoka hementxe dagoela.
Harrera ona izan du herrian?
Bai, orokorrean bai. Herrian azokaren alde egiten den guztiak dauka harrera ona. Gainera, datorren urtean plazak ehun urte beteko ditu, eta arrakasta izan du haren eraberritze proiektuak.
Teknologia berriek eragina izan dute azokan ere. Txartelarekin ordaindu daiteke?
Ticket Bai dutenen kasuan, bai, ordaindu daiteke. Dena den, denek ez daukate halakorik, adinagatik salbuetsita daudelako. Baina orokorrean, bai.
Inguruko azokak eredu dira?
Azpeitia eta Zumarraga [Gipuzkoa], behintzat, eredu dira guretzat.
LOTSABAKO
Ordiziako leku bat?
Oiangu parkea.Azokako produktu bat?
Gaztak.Bertze azoka bat?
Tolosakoa.Esku dirua edo txartela?
Azokan, esku dirua.