Lide Arana
EHUko Kimika Aplikatuko irakaslea

Mikrobiomak munduan kokatzen gaitu

2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Jendea munduan kokatzeko, normalean jaioterria edo bizilekua zein den galdetzen dugu. Orain badakigu hesteetan bizi diren mikroorganismoak zein eta zenbat diren jakinda ere munduko zein eremutakoak garen aurresan daitekeela.

Mikrobiomak osasunean duen garrantzia gero eta agerikoagoa den garai hauetan, ikerlari batzuek zalantzan jartzen dute gizaki guztientzat baliagarria ote den esku artean ditugun datuetan giza mikrobiomari buruz dakiguna. Izan ere, Ipar Amerika eta Europako biztanleetatik eratorritako datuak erabiltzen dira nagusiki osasunarentzat garrantzitsuak diren ondorioak ateratzeko, eta izan liteke ondorio horiek aplikagarriak ez izatea beste lurraldeetan. Giza Mikrobiomaren Bilduma deituriko proiektuak (Human Microbiome Compendium) orain arte egindako ikerketetan lortutako 168.000 laginen informazioa aztertu du lurralde desberdinetako mikrobiomaren aniztasuna alderatzeko. 

Cell aldizkarian urtarril bukaeran argitaraturiko artikuluan diotenez, mikrobioma osatzen duten mikroorganismoen konposizioa eta aniztasuna desberdina da munduko lurralde bakoitzean. Gainera, datu horiekin garatutako tresna informatikoak gai dira, mikrobiomaren konposizioan oinarrituta, lagina munduko zein eremutakoa den aurresateko. Beraz, pertsona batek hesteetan dituen mikroorganismoak identifikatzeak balio dezake munduko zein eremutan bizi den jakiteko.

Mikrobiomak osasunean duen eragina nolakoa den aztertzen denean, erantzunak ez du zertan berdina izan Europan edo Asian. Bilduma horren 168.000 laginetatik 103.564 Europako eta Ipar Amerikako biztanleenak direla eta, giza mikrobiomen azterketetan herrialde batzuen errepresentazio urria azpimarratzen dute ikerlariek. Errepresentazio desorekatu horrek, etikoki onargarria ez izateaz gain, hainbat mikroorganismo interesgarri identifikatu gabe geratzea ekar dezake, errealitatearen ulermena desitxuratuz.

Aipaturiko proiektua ez da oraindik bukatu, eta Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalek (National Institutes of Health, NIH) sustaturiko proiektuetako bat da. NIH biomedikuntzara bideraturiko munduko ikerketa erakunde publikorik handiena da, eta, urtarrilaren 17an Donald Trumpen administrazioak zuzendaritza hartu zuenetik, ziurgabetasun egoera batean murgildurik dago. Izan ere, ikerketako diru laguntzek ildo estrategiko berriekin bat egiten ote duten erabakitzen ari diren bitartean, diru laguntzak, komunikazioak eta datu epidemiologikoen txostenak geldirik daude, eta zientzialarien urduritasuna agerikoa da. Hainbat datu base eta webgune desagertu dira, eta lerro hauek idazten ari naizen bitartean askok ez dakite oraindik lanean jarraitzeko aukerarik izango ote duten. Ez dakit Donald Trumpen administrazioko kideen mikrobiomak nolakoak izango ote diren, baina nik beste mundu batean kokatuko nituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.