Mikroalgak: mikrotik makrora

EHUk Algaloop enpresaren bidez abian jarritako proiektua hasia da gauzatzen: mikroalgak ekoizten dituzte Asteasun, eta 2023an hasiko dira saltzen. Proteina iturri dira, ongarri gisa erabil daitezke, eta kosmetikan eta medikuntzan ere bai.

JON URBE / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Asteasu
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Kolorea izan daiteke zaporea, eta ekonomia ere bai berdea. Txikiak ez du esan nahi eskasa, eta mikroa ez da beti ez-gauza. Alternatibak ez du zertan beti etorkizunean egon. Mikroalgak jada oraina dira. Animalietatik eratorritako proteinaren alternatiba, nekazaritzarako ongarri kutsakorren alternatiba, antioxidatzaileena, tumoreen kontrako borrokarena, energia berriztagarriena... Mundu bat da makroa, mikroa den organismo fotosintetiko zelulabakar baten bueltan.

Ikusi gehiago:Espirulina «freskoa» dute helburu

Eta ez dago urrutira joan beharrik haien bila. Asteasun (Gipuzkoa) bertako errekako ura erabilita ekoizten dituzte. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak abiatutako proiektu bat du oinarrian, eta Algaloop enpresa ari da hura gauzatzen. Joan den apirilean aurkeztu zuten helburu komertzialekin mikroalgak ekoizteko lehen proiektu hori, eta eman ditu fruituak: 2023an espero dute Euskal Herrian ekoitzitako mikroalgak saltzen hastea.

EHUk badu Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bilduma izenekoa: 600 andui dituzte bertan gordeta. «Beti esaten da itsasoa eta ura direla ezezagunik handienak, eta horietan dauden organismorik txikienetakoak dira mikroalgak. 5.000-10.000 espezie daude bereizita, baina deskubritu eta deskribatu gabe beste milaka daude naturan», azaldu du Sergio Seoanek, EHUren bildumako zuzendari, biologiako doktore eta ekologia irakasleak.

Ikertu dituzte, baina badago zer ikertua oraindik. Elikagai gisa, proteina iturri dira —gehien ikertu eta landu den alorra da hori, orain arte—. Kosmetika munduan, antioxidatzaile iturri dira, zahartzea moteltzen dute, eta badituzte pigmentu bereziak eguzkitarako kremak egiteko oso baliagarriak. Medikuntzan, tumoreen sorrera geldiarazteko eraginkorrak ote diren ikertzen ari dira. Energia berriztagarrien alorrean, biodieselaren sorreran erabili izan dira, mikroalga batzuk lipidotan aberatsak direlako, eta grasa erretzen dutelako. Nekazaritzarako, bioongarria sortzeko da aberatsa: izan bioestimulatzaile gisa edo izan biopestizida gisa. «Etorkizun handia dute mikroalgek ekonomia berdean. Eta ikuspuntu ekologikotik ere oso aberatsak dira geure uren biodibertsitatea ezagutzeko», esan du Seoanek.

Dena dela, espezie guztiak ez dira balekoak komertzializatzeko. Asteasuko proiekturako hiru aukeratu zituzten: Chlorella vulgaris, Haematococcus lacustris eta Arthrospira platensis. Mikroalgak ekoizteko prozesuetan ohikoak diren espezieak dira horiek, eta merkatuan ezagunak direnak. «EHUrekin egin dugun hitzarmenaren funtsa izan da: 'Goazen zuen mikroalgak hemen haztera'. Zeren orain arte Euskadin egin diren ikerketa guztiak izan dira laborategian. Haientzat ere interesgarria zen jakitea beraien transferentziak enpresa honi laguntzen ote zion eta aurrekari bat ezarri: lehen aldiz mikroalgak hemen bertan ekoiztea», nabarmendu du Algaloop enpresaren sortzaile Anaut Patterson Mendiolak.

Apirilean jarri zuten proiektua martxan. Sistema itxian eta sistema irekian aritu dira, geroztik. Itxian, hodi edo depositu erraldoi batzuetan hazten dituzte mikroalgak, LED argiekin. «Ez da kutsadurarik egoten, eta sistema irekian baino gehiago eta azkarrago hazten dira mikroalgak», azaldu du Pattersonek. Sistema irekian, 2.000 litroko edukiera duen depositu bat erabili dute: zortzi metro da luze, eta metro eta erdi zabal. Asteasuko errekako ura izan dute bertan etenik gabe mugimenduan. «Bi sistema ezberdin horiek erabili ditugu martxotik irailera arte, eta emaitzak oso onak izan dira: azkar eta asko hazi dira mikroalgak. Eguraldiak ere lagundu du: uda oso eguzkitsua izan da, eta tenperatura oso egokia», nabarmendu du biologo oiartzuarrak. Izan ere, ura, argia eta tenperatura egokia —20 gradutik gorakoa—: hori behar dute mikroalgek fotosintesia egiteko. «Horrez gain, ongarriak ere bai: nitrogenoa, fosforoa, potasioa... nekazaritza hidroponikoan erabiltzen diren ia berberak dira, baina beste proportzio batzuetan».

Eta lortu dute mikroalgak haztea Asteasun. Baina zertarako? Elikagaien eta ongarrien alorra nahi dute landu Algaloopen: «Errazenarekin hasi gara. Hor ikusten den ur berde hori iragazi, kontzentratu eta, ondoren, edo lehortu edo izoztu egiten dugu. Hori izan da gure aurreneko pausoa. Datorren urtean, hauts hori prozesatuko dugu, eta ongarria atera. Bigarren pausoa izango da hori».

Proteina asko

«Hautsa» aipatu du Pattersonek: espirulinari buruz ari da. Hura da jendearentzat mikroalgetatik eratorritako produktu ezagunena. Espirulina izenez izendatu zituzten garai batean mikroalga jakin batzuk, eta hortik datorkio izena, baina algen izenak, berez, Arthrospira maxima eta Arthrospira platensis dira. Horietatik lortzen den biomasa lehorrari deitzen zaio espirulina: «Espirulina litzateke urrea, eta Chlorella litzateke zilarra. Gurean espirulina da nagusi, gehien saltzen dena delako, gure ur gezarekin ekoizteko aproposena delako, eta kultibatzeko errazena delako. Beste mikroalga batzuek sentsibilitate handiagoa dute, baina espirulinak pH oso altua dauka (9,5-10) eta horrek erraztu egiten du hura sortzeko prozesua».

Espirulinaren ezaugarri nagusia da proteina asko daukala —%75 izan dezake—. Chlorella-ren ezaugarri nagusia litzateke klorofila eta antioxidatzaile asko duela. «Pausoz pauso ari gara. Guretzat inportanteena biomasa lortzea da; alegia, hautsa, eta hori saltzea. Eta hori prozesatzea hurrengo urratsa da. Horretarako beste makineria bat behar dugu, eta datorren urtean espero dugu hemen bi gela izatea: elikagaientzat bata, eta ongarriarentzat bestea. Bakoitzak bere teknologia dauka, eta bere prozesua».

Baina Asteasuko mikroalgak izango dira guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.