Komunikazioa

Mikel Agirrek uko egin dio EITBko zuzendari nagusiaren hautagaitzari

Bihar izendatu behar zuten Mikel Agirre EITB zuzendari nagusi, EAJren eta PSE-EEren babesarekin

Zuzendari nagusirako posturako aukeraketa prozesua azkartu beharko du EAJk. Irudian, Mikel Agirre. J. HERNAEZ.
Adrian Garcia.
2013ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Mikel Agirre ez da EITBko zuzendari nagusia izango. Hautagaitzari uko egin diola jakinarazi zuen atzo, legebiltzarrean izendatua izateko bi egun bakarrik falta zirenean. Prentsa ohar labur batean, «arrazoi pertsonalak» tarteko, karguari uko egin, eta eragile sozial eta komunikabideei esker ona adierazi zien «jasotako begiruneagatik». Biharko legebiltzarreko saioan ziren haren hautagaitza onartzekoak EAJ eta PSE-EE alderdien babesarekin — izendapenak gehiengo absolutua behar du legebiltzarrean onartua izan dadin—.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohiko gobernu batzordearen ostean hitz egin zuen atzo. Eusko Jaurlaritzak erabakia errespetatu eta Agirreren uko egiteko arrazoian sakonduko ez duela azaldu zuen. Bestetik, hurrengo zuzendari nagusiaren hautagaitzaren akordioa lortzeko gainerako alderdiekin lan egingo dutela adierazi zuen, «ahalik eta lasterren adostasun batera iristeko». Hala ere, Agirreren hautagaitzaren inguruan lortutako adostasuna ontzat eman zuen Erkorekak, eta beste akordio bat lortzeko ildo beretik joko dutela esan. «Ahal den neurrian Mikel Agirreren inguruan lortutako adostasun hori baldintzaantzekoetan berresteko».

Data zehatzik jarri ez badute ere, ahalik eta lasterrenean espero du Jaurlaritzak hautagaiari buruzko akordioaren berri ematea. «Atzeraezina da erakundeari zuzendaritza sendo bat jartzea erronkei, aurre egin ahal izateko».

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen ustez, Agirreren ezetzak prozesuaren huts egitearen eta EAJren ahuleziaren seinale dira. Prentsaurrekoan azaldu zuenez, hautatze prozesua hasieratik gaizki egin zuten: «Telebista eta irratietako ereduez hitz egin ordez, zuzendaritzarako pertsona baten hautaketaz hitz egin dute». Hutsetik hasi eta gauzak hobeto egitearen alde agertu zen Mintegi, eta EITBren ereduaren inguruan hitz egiteko prest agertu zen.

Bide beretik jo zuen PPko buruzagi Antonio Basagoitik. Akordio horrek «alderdi horien gertuko pertsonen mesedetan» egiten zuela salatu zuen atzo.

PSE-EEk, berriz, azkartasuna eskatu zion EAJri zuzendaritzarako proposamen bat egiteko. Langileek eta herritarrek «proiektuarengan ziurtasuna» izan behar dutela nabarmendu zuen, baita proiektu hori gidatu behar dutenenengan ere.

Bi aukera nagusi

Bi aukera nagusi ditu orain EAJk. Bata prozesua hutsetik hastea da, EITB barneko edo kanpoko beste hautagai bat aurkeztuta. Bestea, Agirreren zuzendaritza taldekoa izan behar zutenetako bat proposatzea hautagai. Finantzari kudeatzaile profila duen baten atzetik dabil Jaurlaritza.

EITBn eskarmentu handiko lantaldea osatzea zuen buruan Agirrek. Pello Sarasola ETBko zuzendari, Odile Kruzeta irratien arduradun, Jaime Otamendi estrategia arduradun eta Jesus Elgezabal kudeatzailea izatea espero zen.

Iragan otsailaren 18an eman zuten EITBko Mikel Agirreren hautagaitzaren akordioaren berri. Adostasun horretara iristeko, ondorengo irizpideak kontuan hartu zituzten EAJ eta PSE-EE alderdiek: «EITBn lan egiten duen jendearen profesionaltasun irizpidea mantentzea, EITBk euskal kultura babestu eta euskararen erabilera defendatzea eta elkarbizitza balio gizalegezkoak mantentzea»..

Hautagaia adostu bitartean Alberto Suriok jarraituko du EITBko zuzendari nagusi gisa.

EH Bilduk ez zuen begi onez ikusi hautagaitza hori. Zuzendari bati buruzko akordioa eta ez proiektu bati buruzkoa egin zutela salatu zuen orudan Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak.

Bihar egitekoak ziren Legebiltzarreko saioan Mikel Agirren zuzendari nagusi hautatzeaz gain,administrazio kontseiluko hemeretzi kideak ere izendatzekoak ziren.

Telebista martxan jarri eta urtebetera hasi zen Agirre euskal telebista publikoan lanean. Ekoizle lanetan ibili ostean, ardurazko karguak izan zituen, bai EAJren gobernuetan, baita PSE-EE Patxi Lopez lehendakari izandakoan. Azken lau urtetan EITBko Ustiapen eta Ingenieritzako zuzendaria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.