Emozio eta sentimenduek gorputzean pizten dizkiguten seinaleak jaso eta horiei entzuteaz aritu ginen aurreko batean. Zein seinalez ari naizen?
Estimatzen dudan lagun edo kide horri ezatsegina izango zaion zerbait adierazteko beharra izan, eta neure buruak hitz horiek barruan eusteko ahalegina egiten duenean… horrelakoetan… ez al da erabat ulertzekoa eztarrian korapiloa sentitzea, arnasa nekezago igarotzea eta txistua irensteko indar gehiago egin behar izatea? Zer esaten dit sentsazio multzo horrek? «Kanpora atera nahi dugu!», «bota ezazu!» edo horrelako zerbait adibidez?
Norbaitekin haserretzen, bero-bero jartzen ari zarela, bular aldean pizten den «su itxurako energia horrek» zer esaten dizu? Suntsipenaren arriskuaz abisuren bat agian?
Eta, konponbide gabeko edo kontrolatu ezin deneko egoera batean, kopeta eta burmuina estutzeaz, buruko mina sentitzen denean? Zer esaten ote digu sentsazio horrek? «Kitto!, utz ezazu!»; «Dena delakoa izan dadila», agian?
Geure emozioen kronika egiteaz gain, gorputzak egoera horretan gertatzen ari denaren berri eta horretarako egin behar genukeenaz ere argibide interesgarriak ematen dizkigu. Hori bai, entzun egin behar!!!
Buruko minaz jabetu eta gainera sentitzea ere ezerosoa izanik, saihestu nahi izatea ulertzekoa da, jakina… baina, aldi berean, egoera hori elaboratzeko aukerak ere galtzen ari ote garen galdetu behar diogu geure buruari. Eta, azken batean, bizipen horretatik ikasi eta aberastea nahi badugu, esperientzia hori igarotzea ezinbestekoa da: benetan bizi, aurrez aurre begiratu, eta bidean aurrera jarraitzea. Dagoena dagoenarekin.
Behin hori egitea lortuz gero, amorru, tristura edo dena delako bizipen horrek esanahi berri bat har dezake; zentzua eta ikasteko aukera eman. Eta orduan bai, egoera ilun eta mingarri bilakatzen duen kutsu hori argitzen joango da. Hori baita bizi ahala haztea.
Osasuna. Aro berriak. Adimen emozionala
Mezularia akatu (eta II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu