ATZEKOZ AURRERA. Joxe Mari Auzmendi. Hik Hasiko koordinatzaile ohia

«Metodologia tradizionalak indar handia du hezkuntzan»

Hik Hasi egitasmoak pedagogo berritzaile eta erreferenteak batu ditu. Metodologia zaharkituek geletan jarraitzen dutela ohartarazi du Auzmendik.

JON URBE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikastetxeetan erreferente izateaz gain, metodologia gisa erabiltzen diren mundu mailako 25 psikologo, pedagogo edota maisu-maistraren ekarpenak bildu dituzte Hik Hasi egitasmoak argitaratu berri duen Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak liburuan. Joxe Mari Auzmendi (Azkarate, Nafarroa, 1954) Hik Hasiko koordinatzaile ohia izan da liburuaren arduradunetako bat. Dioenez, liburuan azaltzen diren pedagogoak irizpide kritikoak erabiliz eta aniztasuna lehenetsiz aukeratu dituzte. «Batez ere etorkizunean hezkuntzan arituko direnentzat da liburua». Guztira 23 adituk idatzi dute liburua.

Zein da liburuaren ildoa?

Hik Hasik bi ildo nagusi ditu: batetik, euskara, eta, bestetik, berrikuntza. Batez ere bigarren ildo horretan oinarritzen da liburua. Bada mende bat eskola modernoaz eta pedagogia kritikoez hitz egiten dela, eta pedagogia horiek guztiak bat datoz ikaslea bere garapenaren subjektua dela diotenean. Hain zuzen, pedagogia horien ideia nagusiak bildu ditugu. Horrez gain, munduan zehar praktikan izandako eragina eta Euskal Herriko eskoletako esperientzia errealak ere biltzen ditu liburuak.

Zein dira pedagogia horiek?

Oraindik ere metodologia tradizionalak indar handia du hezkuntzan, baina gure fokua irakaskuntza aurrerakoia da. Ikaslea erdigunean jartzeko teoria asko daude, eta horiek nabarmendu nahi izan ditugu: antiautoritarismoa, espiritualismoa, alde soziala eta kritikoa nabarmentzen dutenak, konstruktibismoa, alde emozionalaren eta psikomotorraren aldekoak, besteak beste.

Euskal pedagogoak ere ageri dira liburuan.

Lau dira euskal pedagogoak: Elbira Zipitriak indarra jarri zuen euskarazko heziketan; Imanol Urbietaren kasuan, bestalde, musika zen bere ikuspegi globaleko pedagogiaren erdigunea; Maria Maeztu emakumearen formazioan eta feminismoan aritu zen; eta Ramon Fleschak defendatzen zuen emaitzak arlo guztietan askoz hobeak direla ikas komunitatea sendotzerakoan.

Hezkuntza publiko eta pribatuari dagokionez, alderik ba al dago pedagogia eredu berritzaileetan?

Hezkuntza sistema guztietan ari dira txertatzen eredu pedagogiko berritzaileak. Hainbat ikastetxe pribatu eta erlijiosotan, adibidez, Gardnerren askotariko adimenen teoria lantzen dute. Hezkuntza publikoan, alde sozial eta kooperatiboa nabarmendu izan dituzte, eta, ikastoletan, azken hamar urteetan, nahiz eta ildo edo teoria desberdinetatik edan, konfiantzaren pedagogian ekiten ari dira.

Zer gertatzen da pedagogia berritzaileak darabiltzaten eskola ez- ofizialekin?

Ofizialak badira, baina ez daude aitortuta. Legez erregistratuta daude; baso eskolak dira horien adibideak. Eskola horiek ez dute errekonozimendu administratiborik proiektua finantzatzeko.

Zein da Hik Hasiren funtzioa egoera honetan?

Hik Hasik hezkuntza proposamen bat egin zuen duela bi urte. Bertan proposatu genuen eskola guztiek errekonozimendua eta finantzaketa eduki behar dutela. Are gehiago, denek izan behar dutela zerbitzu publikoaren parte. Horretarako, administrazioak alde guztiekin hitz egin behar du bete beharreko minimoak adosteko. Finantzaketa dagokion administrazioari egokitzen zaio egitea, baina gero ikastetxe bakoitzak autonomia osoa izan behar du bere hezkuntza proiektua garatzeko.

Hezkuntza tradizionala nagusi den garaian, pedagogia berritzaileetan hezten diren haurrek zer onura izaten dituzte gizartean?

Eskolatik aterata, aisialdira doaz, eta, aisialdiari dagokionez, pedagogikoki zenbait eskola aurreratuago daude. Ikasleek antolatutako ludoteka bat askoz aurrerakoiagoa da zuzendutako baten aldean. Horregatik, funtsezkoa da herri mailan gauza gehiago antolatzea. Eskolak eta aisialdiak herri mailako antolaketa baten barruan joan behar dute. Ikuspegi zabalago bat izan. Antolaketa eraikitzaileago bat behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.