Miren Millet. Fisikaria

«Meteorito asko erortzen dira, uste baino gehiago»

Maialen Unanue
2013ko otsailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Miren Millet fisikaria da, eta gaur egun, Eureka museoko planetarioko arduraduna da. Gertutik jarraitu du Errusiako gertaera: informazioa eta lastoa bereizten ibili da, konspirazioetatik ihes.

Meteorito baten zatiak erori dira Errusian; ohikoa al da?

Meteoritoak lurrera erortzea uste baino ohikoagoa da. Asko erortzen dira, baina normalean oso txikiak dira: mikrometeoritoak deitzen zaie. Hain dira txikiak, ez baitute bestelako eraginik izaten, eta ez gara ohartzen. Errusiako kasuan, handiagoa zen, eta halakoak lurrera iristea ez da hain ohikoa, baina noizbehinka gertatzen da.

Europako Agentzia Espazialak txio batean adierazi duenez, Errusiakoak eta atzo Lurretik oso gertu pasatutako 2012 DA14 asteroideak ez dute zerikusirik. Baina hipotesi ezberdinak daude; harremanik izan dezakete?

Egia esan, agentzia espazialek zer esango zain gaude. Gure ustez, ez dute harremanik 2012 DA14 asteroideak eta Errusian erori den meteoritoak, baina oraingoz ezin dugu ezer ziurtatu.

Baina zein da asteroide baten eta meteorito baten arteko diferentzia?

Asteroideak espazioan dabiltzan arrokak dira. Horietakoren bat Lurraren atmosferan sartzen denean, erretzen hasten da, eta normalean puskatu edo desegin egiten da. Batzuetan, baina, arroka handi samarra bada, Lurreraino erortzen da zati bat, eta horri meteorito deitzen zaio. Berez, Errusian ikusi duguna ez da meteorito bat, meteoro bat edo asteroide oso txiki bat da: atmosferan sartu da, eta, 10.000 eta 20.000 metro artean, desegin egin da. Esango nuke ez dela zatirik iritsi lurrera; bestela, meteorito bat izango litzateke.

Zenbat asteroide edo meteorito egon daitezke unibertsoan?

Milioika. Alde batetik, asteroideen gerriko nagusia deitzen dena dago: hor dauden milaka asteroide ezagutzen ditugu, haien orbita zehatza eta guzti. Marte eta Jupiterren artean dago gerriko hori. Baina gero badaude beste eremu batzuk ere. 2012 DA14 asteroidea, adibidez, Apolo taldeko asteroide bat da, eta horiek lurretik hurbilago daude. Hor ere mila baino gehiago daude, baina gehiago aurki daitezke, ez baititugu guztiak ezagutzen. Oso zailak dira ikusteko: ilunak dira, eta ia ez dute argirik islatzen.

Unibertsoa behar beste ezagutzen dugu?

Gure inguruko unibertsoa ezagutzen dugu; oro har, esan nahi dut. Espazioan dauden arroka guztiak ezin ditugu ezagutu, ezinezkoa baita, baina bihar bertan ager daiteke beste asteroide bat. Badakigu arrokak daudela, eta horretarako daude behatoki bereziak: objektuak bilatzen dituzte, eta espazioko zaintza egiten dute: objektuak detektatu, eta guretzat arriskutsuak izan daitezkeen edo ez aztertzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.