'Metanfetamina nagusi' jarri diote Australiako jaioberri bati, izena onartzen zuten ikusteko

Australiako erregistro zibilak adierazi du «ezohiko izen» hori sistemaren «zirrikituetatik pasatu» zela.

Umearen izen berria oraindik ez dute zabalduko. BERRIA
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 21a
17:06
Entzun

Lorea, Unai, Metanfetamina Nagusi, Ane eta Hazia. Horiek guztiak umeei jarri nahi izan dizkieten izenak dira, baina horietako bat soilik debekatu du justiziak. Eta ez, ez da hirugarrena. Harrigarria dirudien arren, Australiako kazetari batek Methamphetamine Rules (Metanfetamina Nagusi) izena jarri dio seme jaioberriari. Droga horren kontsumoa sustatu baino gehiago, ikusi nahi izan du Australiako erregistro zibilak zenbateko malgutasuna duen ohikoak ez diren izenak onartzeko.

«Bururatu zitzaigun izenik eskandalagarriena bidali genuen, atzera botako zutela pentsatuz», erran du Kirsten Drysdale kazetariak. Argitu du «metanfetamina» hitza hautatu zutela pentsatzen zutelako inork ez zuela «hitz hori ikusi eta ongi dagoela pentsatuko». Baina kazetariak eta haren senarrak sistema –edo haren malgutasuna– gutxietsi zuten. Izan ere, ikusi zutenean izena ez zutela atzera bota, erregistroarekin harremanetan jarri zen Drysdale. Erregistroko bozeramaile batek erantzun zion «ezohiko izen» hori sistemaren «zirrikituetatik pasatu» zela. Hala, bozeramaile berak adierazi zuen gisa horretako izenak onestea ez dela ohikoa, eta familiarekin lan eginen dutela umeari izena aldatu diezaioten.

Aldaketak aldaketa, izen hori ez da guztiz desagertuko, erregistroan betiko geldituko baita. Izen berriari dagokionez, Drysdalek dio oraindik ez duela jakinaraziko: «Oso ume lasaia da, mutil ederra; beraz, ez du metanfetamina erabiltzaile baten antzik».

Galarazitako izenak

Kasu guztiak, baina, ez dira Australiakoak bezalakoak, eta aski da hemerotekan urte bat atzera egitea hori frogatzeko. Izan ere, iaz Hazia izena jarri nahi izan zion bikote batek bere umeari, soinua gustuko zutelako, eta esanahiak etorkizuneko fruitua ekartzen zielako gogora. Epailea, baina, ez zen iritzi berekoa, eta izen hori ez jartzeko agindu zien, zergatik eta «ez dagoelako beste inor izen horrekin, eta substantibo bat delako».

Gurasoak epailearekin bildu ziren, baina egoerak berdin jarraitu zuen: ezingo zioten alabari Hazia jarri, aurreko argudioengatik ez ezik, esperma esanahia ere baduelako. Gurasoek hautatutako izena debekatzeaz gain, umeari Zia izena jartzea erabaki zuen epaileak, latinez hazia esan nahi duelakoan. Dena den, gurasoek garbi adierazi zuten helegitea jarriko diotela erabakiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.