Ezarian. Zientzia

Mesolitoko gizakia xehatu nahian

Espainiako La Braña aztarnategian aurkitutako bi giza norbanakoren arrastorekin ari da lanean Olalde; lehenengoaren genomaren sekuentziazioa egitea lortu dute, eta bigarrenarekin dabiltza gaur egun.

Amaia Portugal.
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako Iraultzaren garaiak alde batera utzita, Mesolitoaren eta Neolitoaren arteko trantsizio garaiko giza genomak aztertzea da Olalderen egiteko nagusia. Horretan dihardu bere doktore tesian.

Mesolitoa duela 10.000 eta 5.000 urte artean izan zen, eta gizakiak nekazaritzaren ustiaketari ekin zionean bukatu zen; Neolitoa hastearekin, alegia. Garai horretakoak dira, duela 7.000 urtekoak, Olalderen ikergai nagusiak: La Brañako bi norbanakoak.

La Braña Leonen (Espainia) dagoen aztarnategi bat da, eta Olalderen ikerketarako oso kondizio onak ditu, Europa hegoaldean dagoela kontuan hartuta. Berak azaldu bezala, «antzinako DNA aztertzean, askotan gertatzen da norbanako baten hezur laginak topatu eta ikertzerik ez izatea, DNArik ez duelako edo gaizki kontserbatu delako. La Brañako aztarnategikoak, aldiz, Iberiar penintsulan dugun klima kontuan hartuta, oso ondo kontserbatu dira. Arraroa da Europa hegoaldean horrelako lagin onak aurkitu ahal izatea».

Bertan topatutako bi gizakiren arrastoekin ari da lanean, beraz, Olalde. Aurtengo urtarrilean aurkeztu zituzten La Braña 1 izena hartu duenari dagozkion emaitzak, haren genoma osoa sekuentziatu eta gero. Horien arabera, duela 7.000 urteko gizaki honek azal iluna eta begi urdinak zituen. Hori horrela, gaur egungo giza populazioekin alderatuta, Europa iparraldekoekin izango luke antz genetiko handiena.

Gaur egun La Braña 2 norbanakoaren genoma sekuentziatu nahian dabil Olalde. Zailagoa da, hala ere, ez baita aurrekoa bezain ondo kontserbatu. «Adibidez, Danimarkan egon berri naiz han daukaten teknika bat ikasten. Haren bidez, laginaren DNA endogeno kopurua handitzen saiatzen dira, baina oraindik ez dugu emaitzarik lortu», dio Olaldek.

Antzinako DNA aztertzeko orduan, giza jatorrikoekin zailtasun handiagoak daude. Izan ere, kasu horietan lan handiagoak hartu behar dira kutsadura baztertzeko: «Beste espezie batekin ari zarenean errazagoa da, kutsatzailea giza jatorrikoa izango baita beti. Baina gizakiekin lan egitean, arazoa handia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.