Mesanotxeko liburua, kanpainara

Hautagaiei sarri galdetzen zaie irakurtzen ari diren liburuaz, eta ez da itaun hutsala, erantzunek informazioa ematen baitute haien nortasunari buruz. Komunikazio politikoaren parte izan ohi dira.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Elkarrizketari tonu informalagoa emateko balio du galderak, neurri eta promesa potoloen artean: «Zer liburu duzu mesanotxean?». Udal eta Foru Hauteskundeetarako hautagaiei egindako elkarrizketetan, askotan bota die itaun hori BERRIAk, eta askotarikoak izan dira erantzunak: esaterako, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Donostiako alkategaiak Olatz Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian (Elkar, 2023) aipatu du; Eider Mendoza Gipuzkoako EAJko ahaldungaiak Stefan Zweig idazle austriar europeistaren Marie Antoinette biografia nobelatua ekarri du hizpidera; eta bestseller bat izan du ahotan Miren Etxebeste Gipuzkoako EP-IUko ahaldungaiak: Ken Follett galestarraren Never thrillerra.

Munta txikiko erantzunak eman dezakete, kuriositateak besterik ez, baina, kontrara, «ikaragarrizko garrantzia daukate» komunikazio politikoan, Julen Orbegozo politologo eta EHUko irakaslearen ustez. «Kontsumoa politikoa da, baita literatura ere». Hori horrela, ez dira izaten inprobisatutako erantzunak, hausnartuak baizik, mezu politikoak helarazteko balio baitute. «Erabaki gakoa da: politikari bati galdera hori egiten zaionean, pentsatzen arituko da ea irakurtzen ari den nobela bere ideologiarekin bat datorren, kontakizun politikoarekin eta balioekin».

Ez baita gauza bera, politologoaren berbetan, Ernest Hemingwayren obra bat hautatzea, edo Almudena Grandesen bat; eta ez litzateke kontu hutsala, era berean, Voxeko politikari batek Unai Elorriagaren liburu bat gomendatuko balu, baina ezta ere Arnaldo Otegik esango balu Fidel Castroren memoriak irakurtzen ari dela. «Hautu politiko bat da, eta komunikatu egiten da estrategia baten barruan». Areago, jendearengana heltzeko baliagarriagoa izan daiteke programaz hitz egitea baino. «Politikariak bere nortasuna adierazten dit aukeraketarekin. Eta nahiago dut ziurtatu nortasun konkretu bati botoa ematen diodala, eta ez hainbeste haren neurriei. Uste dut programa politikoak irakurtzeko garaiak atzean utzi ditugula».

Prestatzen dituzte erantzunak, bai, baina ez dituzte asmatzen, Orbegozoren iritziz. «Ez dut uste artifizialtasuna bilatzen dutenik». Gainera, orobat baliatu daiteke obrarekiko miresmen zintzoa. «Oso polita izaten da, behartu gabe, liburu bat gustatu zaizunean —eta, gainera, zure kontakizuna indartzen duenean—, liburuarekin sortzen duzun historia». Kasu baterako, hautagaiak mitin batean kontatu dezake nork oparitu zion obra, noiz eta non irakurri duen, zer irakaspen atera dituen... «Liburu bat izan daiteke ere komunikatiboki esplotatzeko baliabidea».

Joera aldaketaren isla

Gustuko liburuek eta gisa bereko detaileek komunikazio politikoan irabazitako esangura ulertzeko, gakoa da hautagaiaren humanizazioa kontzeptua, Orbegozoren esanetan. «Orain dela hamarkada batzuk, politikariak herritarrengandik aparte bizi ziren, elitetzat jotzen zituzten. Horregatik erabiltzen zituzten hitz eta erregistro bereziak, diferentziak egiteko». Azken urteetan, ordea, batik bat Interneten eta sare sozialen eraginez, bestelako irizpideak ezarri dira komunikazioan: hautagaiak herritar arruntzat aurkezten dira orain.

Gerturatze hori lortzeko, politikariaren bizitza pribatura jo da. «Lehen, oso aparte zeuden maila pribatua eta maila publikoa; bizitza intimo, pertsonal, pribatuak bazeuzkan logika batzuk, eta publikoak beste batzuk. Gaur egun, hibridatu egin dira, jada ez dakigu zer den pribatua eta publikoa». Bizitza pribatuko kontuak «politizatu» egin direla direla dio, eta «aberasgarria» deritzo. Hori horrela, ohiko bihurtu da ezagun egitea lehen ezkutuan gordetzen ziren xehetasunak, hala nola mesanotxeko liburua, edo tele- sailik gogokoena, edo musika talderik maitatuena. «Egungo gizarteak uste du dena ikusteko gaitasuna daukala: dena da hiper ikusgarria, dena da publikoa. Jendeak pentsatu nahi du dena dakiela politikariaz».

Adinaren araberakoa da interesa, dena den: bai hautagaiarena, baita boto emailearena ere. Izan ere, Orbegozok uste du dagoeneko zaharkitua geratzen ari dela liburuez galdetzeko tema: balio lezake 50 urtetik gorako politikari batentzat, egunkari batean argitaratzeko elkarrizketan, esaterako; baina agian ez hainbeste 20 urte ingurukoarentzat, zaletasun handiagoa eduki baitezake musikarekiko, bideojokoekiko edo streamer-ekiko, kasu baterako. Era berean, jakin-min handiagoa eragin dezake politikariari bere maskotez galdetzea, batez ere30-50 urte artekoak direnean, politologoaren irudiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.