Merkurion ezkutatutako glaziar gaziak

Planetary Science Instituteko zientzialariek gatz glaziarrak aurkitu dituzte Merkurion, eta astrobiologian bide berri bat ireki. Atmosferarik ez duen planetaren ipar poloan daude.

Messenger zundak sortutako merkurioaren mapa osoa. NASA
Messenger zundak sortutako merkurioaren mapa osoa. NASA
itsaso jauregi 2
2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Merkurio Eguzkitik gertuen dagoen planeta da, baita txikiena ere. Hala ere, sekretu izoztu bat du bere barnean, ezkutatuta. Merkurio Lurretik ikus daiteke, egunsentiaren aurretik edo ilunabarrean, baina ez gauean, Lurretik ikusita beti agertzen baita Eguzkitik gertu. Planeta txikiak askotan zerua apaindu arren, ez dago informazio asko hari buruz; Eguzkitik oso gertu dagoenez, oztopoak daude espazioko misioak egiteko. Eguzki izpietatik hain hurbil dagoenez, glaziar eta Merkurio hitzek lotura gutxi dute, itxuraz. Hala ere, Eguzkiaren aldameneko planeta txiki horretan gatz glaziarrak aurkitu dituzte, The Planetary Science Journal aldizkarian 2023ko azaroan argitaratu zuten Mercury’s Hidden Past: Revealing a Volatile-dominated Layer through Glacier-like Features and Chaotic Terrains (Merkurioren iragan ezkutua: Aldakortasuna nagusi den geruza bat erakusten, ezaugarri glaziarren eta lur kaotikoen bidez) ikerketak argitzen duen moduan.

Merkurio oso trinkoa da, eta burdinazko nukleo handia du. Gainazalak, kraterrez zipriztindua, iragan bolkaniko baten eta asteroideen erasoen zantzuak erakusten ditu: eraso ugari jasan izan ditu. Eguzkitik hurbilen dagoen planeta denez, muturreko aldaketak izaten ditu bere gainazalaren tenperaturari dagokionez: -180 eta +430 graduko tenperaturen artean egon daiteke. Planetary Science Instituteko zientzialariek ikusi dute itzal iraunkorreko eskualdeak dituela poloetan, eta ez dute inoiz eguzki argirik ikusten. Ipar poloan aurkitu dute glaziar nagusia, iluntasunean murgilduta. Glaziarrak bi kilometroko sakonera izan dezakeela esan dute ikerlariek, eta ikerketak iradokitzen du gatz geruza planetaren gainazal osoan zabalduta dagoela.

Gatzezko glaziarrak ez dira izotzezkoak bezain ohikoak, eta, agian, horregatik igaro izan dira oharkabean. Haien sorrera oso antzekoa da: elurrak izotzezko glaziar bat osatzen du, eta poliki-poliki trinkotzen da, izotz bihurtu arte. Bere pisuaren eta grabitatearen presioaren ondorioz, izotz masa horiek hedatzen dira, ibai likatsu bat balitz bezala. Bada, gatzezko glaziarretan antzeko zerbait gertatzen da, baina gatzekin izotzarekin beharrean. Nahum Mendez geologoak eta zientzia dibulgatzaileak horren inguruan idatzi zuen bere Glaciares de sal en Mercurio (Gatzezko glaziarrak Merkurion) artikuluan, eta gertutik jarraitu du ikerketa, glaziarren sorrera argitzeko asmoz: «Prozesua ez dago oso argi. Teoria nagusiak Merkurioren atmosferarekin du zerikusia. Lehen atmosfera sortu zenean, duela milioika urte, poloetako muturreko tenperaturengatik atmosfera izoztu eta gainazalera erori zen, eta lehen gatz geruza bat eratu zuen. Denborarekin, sumendien erupzioek eta meteoritoek gatz geruza hori estali zuten».

Atmosferarik ez

Hasierako atmosfera hura planetaren kontra talka egiten duten asteroideen artean harrapatuta geratu zen, eta planeta babeslerik gabe geratu zen, atmosferarik gabe, alegia. Iñaki Ordoñez Iruñeko planetarioko astrofisikariak azaldu duenez, «oso garrantzitsua» da planetan atmosferarik ez egotea gatzezko glaziar horiek sortzeko: «Atmosferarik ez dagoenez, tenperaturak oso muturrekoak dira; ez dago tenperatura orekaturik». 

Atmosferako gatza planetaren nukleoaren eta asteroideen geruzen artean harrapatuta geratu zen, eta horien artean mugitu. Izan ere, gatzak fluido baten antzera egin dezake, laba balitz bezala. «Lurreko glaziar batean izotz masa trinko bat ikusten dugu, eta inork ez luke pentsatuko fluido bat bezala jokatuko lukeenik. Baina bere portaera fluido trinko batena bezalakoa da. Merkurioan antzeko zerbait gertatzen da», argitu du Ordoñezek. Ikerketako zientzialariek planteatzen dutenez, glaziarrak nagusiki halitaz osatuta egon litezke —gatz arrunta edo mahaikoa fabrikatzeko erabiltzen den minerala—. Izan ere, haien propietateek eta tenperaturen aurrean duten erreakzioak haien likatasuna eta erresistentzia baldintzatzen dute, eta Merkurion ikusten diren formak azal ditzakete.

The Planetary Science Journal aldizkariko ikerketak iradokitzen duenez, azaleko geruza baten azpian zeuden gatz eta geruza asko (adibidez, sumendien erupzioen labak eratutako geruzak) asteroideen ondorioz atera ziren gainazalera; horien artean, gatzez osatutako glaziarrak. Gatz geruzak beste geruza batzuen azpian lurperatzen direnean, jasaten dituen presio eta tenperatura altuen ondorioz, masa bat bihurtzen dira, eta gainazalera ateratzen dira, gatz tanta erraldoi bat balitz bezala. Eta horixe gertatu da Merkurioren bi guneetan: Raditladiko inpaktu arroan eta Borealis Chaosen, Merkurioren ipar poloan.

Merkurioaren ipar poloan, ilargian bezala, badira krater batzuk itzal iraunkorreko kraterrak deitzen direnak. Kraterrak eremu polarretan daude, eta Eguzkiak ez du inoiz haien gainazala laztantzen. Asteroideek, izotzez eta hautsez osatutako gorpuek, planetaren aurka talka egiten dute. Kolpearen zati bat lurrundu egiten da, eta espaziora ihes egiten du, baina beste zati bat kraterrean harrapatuta gera daiteke. Zergatik mantentzen da izotza hor barruan, galdu gabe? «Merkuriok atmosferarik ez duenez, itzalean dagoen tokia oso hotza da, ez baitago tenperatura birbana dezakeen ezer», azaldu du Mendezek. Lurraren kasua desberdina da, atmosferak erradiadore baten antzera funtzionatzen baitu: zati bat berotzen da, baina zati hori gainerako atmosferarekin kontaktuan dago, eta tenperatura transmititzen du. «Merkurioren atmosferarik ez dagoenez, Eguzkiak ematen duen tokia oso beroa da, eta itzalean dagoena, oso hotza», gehitu du geologoak.

Bizitzaren seinale

Ura dagoen lekuan bizitza egoteko aukera dagoela esan ohi da. Merkurioko glaziarrak ikertu dituzten zientzialariek uste dute planetaren barnean laku edo sakonera txikiko itsasoak daudela, eta gatz deposituak horietan pilatzen direla. «Badakigu zenbait organismo gai direla gatz glaziarren baldintza horietan bizitzeko», gaineratu du Mendezek. Hala ere, hori ikertzeko oztopo nagusia Merkurioren muturreko baldintzak direla esan du Ordoñezek: «Planeta Eguzkitik eta erradiazio ultramoretik gertuegi dago, eta atmosferarik ez izatea ez da lagungarria. Baina ikerketa berri honek ate ezezagun bat ireki du».

Bizitzaren presentzia baino gehiago, glaziarrak deskubritzeko dagoen zerbaiten seinalea da. Oso hipotetikoa da dena, Merkurioko bizi baldintzak zeintzuk diren ez da jakina, baina «oso zaila» da bizitza egotea, Mendezen arabera: «Oso interesgarria da. Gatza dagoen Merkurioren tarteko geruzan bizitzarako baldintza askoz hobeak daude planetaren gainazalean baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.