Zuzenbide digitalean espezializatuta dago Jon Artatxo (Bilbo, 1971), eta irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. 1997tik da Ibaia Euskal Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkarteko abokatua.
2021eko lehen hilabeteetan onartuko da Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea. Zer iritzi duzu lege proiektuaz euskarari, katalanari eta galegoari dagokienez?
Kontuan hartu behar da lege berriak 2010etik hona indarrean dagoen Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea ordezkatuko duela. Lege berriaren aurreproiektua aztertuz gero, atzeranzko joera du hizkuntza ez-hegemonikoentzat. 2010eko legeak kultur eta hizkuntz aniztasunerako eskubidea aitortzen zuen bosgarren artikuluan. Lege berriaren proposamenean, aldiz, eskubide hori ezabatu egin du Espainiako Gobernuak. Agerian uzten du zer borondate politiko dagoen hor azpian.
Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak eskatu du streaming plataformak behartzea ekoizten dituzten edukien erdiak euskaraz, katalanez eta galegoz egitea. Aukerarik badago horrek aurrera egiteko?
Harantzago joango nintzateke. Alde batetik, kontua ez da bakarrik streaming plataformak behartzea, baizik eta baita beste ikus-entzunezko kateak ere, RTVE eta Madrilgo kate pribatu guztiak barne. Bestetik, bereizi behar da ikus-entzunezko legeak bi kuota mota ezartzen dituela: emititzeko kuota eta ekoizpen berriak finantzatzeko kuota. Euskaraz, katalanez eta galegoz egitea ez litzateke mugatu behar azken kuota horretara, baizik eta emititzen duten programazio ororentzat beharko luke. Gaur egun, ez dago oztoporik edozein eduki zenbait hizkuntzatan bikoizteko; euskarak, katalanak eta galegoak aukera horien barnean egon beharko lukete, derrigorrez.
Legeak kultur aniztasuna aipatzen baldin badu, ez luke horrek isla izan behar plataformen hizkuntza aukeraketetan?
Lege proiektuak atzerantz egiten du, hizkuntz aniztasuna bermatzen zuen artikulua ezabatu baitu. Hala ere, 2010eko legeak eskubidea bermatzen zuen, eta gero hori ez da errealitatean gauzatzen. Zergatik? Legeak berak atzeko ate bat uzten zuelako. Kuotak betetzeko orduan, aukera ematen zien ikus-entzuneko enpresei eta kateei «gaztelaniaz edo beste hizkuntza ofizialetan» jarduteko, eta kateek ia guztia erdararekin betetzen zuten. Aukera emateak ez du hizkuntza aniztasuna bermatzen, beti erdarara jotzen dutelako.
Ikus-entzunezko eskaintza ikaragarria dute aukeran gaur egun herritarrek. Euskarazkoen eskaintzaren ehunekoa txikitu egin da azken urteetan.
Bai, baina auzia ez da bakarrik kantitatearena. Kalitatea ere oso garrantzitsua da. Euskarazko lanak baliabideekin ekoiztu behar dira, erakargarriak izateko eta ez bigarren kategoriako produktuak emateko.
Netflixek estreinatu du telesail bat galegoz; katalogoan badaude lau katalanez; euskaraz, bat bera ere ez. Kezkatzeko modukoa iruditzen zaizu?
Legeak konpromiso zehatz batera behartzen ez baditu, plataformek ez dute inoiz apustu argirik egingo. 2010eko legeak askatasuna ematen zien telebista kateei, eta ez zuten apustu hori egin. Merkatuaren legeak soilik markatzen baldin badu bidea, aniztasunaren partida galdutzat eman dezakegu. Netflix, HBO, Amazon eta gainontzeko OTTek soilik merkatua izango dute irizpidetzat, beste bat ezartzen ez bazaie.
Plataformen katalogoetan nekez topa daitezke euskarazko azpidatziak eta euskararabikoiztutako audioak. Zer iruditzen zaizu guraso talde batek abian jarri duen sinadura bilketa, Disney Plusen edukiak euskaraz lortzekoa?
Txalogarria da ekinaldi hori. Eusko Jaurlaritzak diru mordo bat gastatu du azkeneko urteetan umeentzako filmak euskaraz bikoizten Zinema Euskaraz programaren bitartez. Zergatik ez da plataformekin negoziatzen bikoiztutako pelikula horiek Disney Plus, Netflix, Movistar Plus eta plataforma guztietan eskuragarri egoteko? Benetako apustua egin duen plataforma ia bakarra Filmin da.
Jon Artatxo. Ibaiako abokatua
«Merkatuak markatzen badu legea, partida galdua dugu»
Espainiako ikus-entzunezkoen lege berriaren aurreproiektua atzerapausoa da euskararentzat, Artatxoren iritziz. «Hizkuntz aniztasunaren eskubidea ezabatu dute», haren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu