ATZEKOZ AURRERA

Merkatua zabaltzen

Pagoa garagardoa Japonian sartuko da laster. Modu naturalean egindako 12.000 botila garagardo aterako dira astelehenean itsasontziz, Euskal Herritik Japoniarantz.

Japonieraz, euskaraz eta ingelesez bidaliko ditu Pagoak kartelak Japoniara. BERRIA.
Ainhitze Ruiz.
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Oiartzungo (Gipuzkoa) Pagoa Euskal Herri Berriko Garagardoak toki sendoa lortu du merkatuan azken urteetan. Orain, merkatuan duen eremua zabalduko du: Japoniara eramango dute Pagoa garagardoa. Dagoeneko egin dituzte lehen tramiteak Pagoa garagardoa Japonian banatzeko. Astelehenean irtengo dira 12.000 botila, itsasontziz, eta, gutxi gorabehera, hilabete barru iritsiko dira Tokiora, euskal garagardoaren kudeatzaile Joxe Anjel Arbelaitzek azaldu duenez.

Duela sei hilabete, Japoniako bezero batzuek Pagoa garagardoa dastatu zuten Arbelaitzen anaiaren jatetxean, eta handikhasi ziren euskal garagardoa Japoniara esportatzeko tramiteak, Pagoaren sortzaileak azaldu duenez. «Japoniako bezero batzuei, gure garagardoa dastatu, eta interesa piztu zitzaien. Hilabete batzuetan, informazioa eta eredu batzuk bidaltzen aritu gara», dio Arbelaitzek.

Pagoaren sortzaileak azaldu duenez, Japoniako bezeroek munduko beste zenbait herrialdetako garagardoak ere erosten dituzte: «Horretan dira espezialistak».

Botila guztiak jatorriaren etiketarekin bidaliko dituzte Japoniara. Horrez gain, garagardoaren azalpena ematen duen kartel berezi batzuk prestatu dituzte, botilekin batera bidaltzeko. Kartelak japonieraz, euskaraz eta ingelesez izango dira. Pagoa Euskal Herri berriko garagardoa idatzita azaltzen da karteletan, hiru hizkuntza horietan.

Euskal garagardoa, gainera, garagardo tradizio handia duten herrialdeetan eta erosteko ahalmen handia duten lurraldeetan saltzen da aspalditik: besteak beste, Danimarkan, Irlandan eta AEBetan saltzen dute. Euskal garagardoaren helburua da leku bat lortzea garagardo merkatu handien artean.

Poliki-poliki lekua eginez

Garagardoen artean lehia handia da, eta ez da erraza merkatuan lekutxo bat izatea: «Marka handien aurka lehiatzea ez da batere erraza. Multinazionalek esparru zabala hartzen dute, eta gainontzekoei bidea ixten diete. Hala ere, guretzat aukera egokia da elikadura saltegietan saltzea», dio kudeatzaileak.

Horretaz gain, adierazi du pixkanaka-pixkanaka bidea egiten ari direla, eta etorkizunera begira baikor ageri da euskal garagardoaren salmentari dagokionez. «Pixkanaka-pixkanaka, ikusten ari naiz bertako produktuaren joera zabaltzen ari dela, zorionez».

Euskal garagardoaren kudeatzailearen arabera, enpresaren produktuaren ezaugarriak hauek dira: Euskal Herriko hainbat lekutatik datozen osagaiekin soilik eginda egotea, eta modu guztiz naturalean, kontserbagarri eta gehigarririk gabe. «Lehen mailako kalitatea duen produktuekin lan egiten dugu, eta jendeak geroz eta gehiago estimatzen du hori». Horrek guztiak merkatuan beste txoko bat edukitzea ekarri die.

Oiartzungo Ergoien auzoan egiten dute Pagoa garagardoa, eta Lur Lan Euskadiko kalitatezko produktuen elkartearen bitartez banatzen dute. Bestalde, gaur egun, banakako merkatuetan zentratzen da, eta, zenbait bezerorentzat upeletan banatzen badute ere, ekoizpen gehiena botiletan merkaturatzen du Pagoak. Batez ere, elikadura saltegietan eta zenbait taberna eta goi mailako jatetxetan banatzen dute. «Eskaera dezente ditugu, eta ilusioa dugu etorkizunean honetan jarraitzeko», dio Arbelaitzek.

Hiru garagardo mota egiten dituzte Pagoa enpresan: Orhi, alemaniar erara egindakoa, euskal osagaiak baditu ere; Gorria, irlandar estilokoa, baina, Nafarroako maltarekin egina; eta Zunbeltz, gozo-mikatza, zazpi maltarekin ekoitzia. «Oro har, gure garagardoak oso arinak direla esan daiteke; alkohol gutxikoak direnez, bat baino gehiago edateko modukoak dira».

Nazioarteko merkatuan tokitxoa egin badu ere, Pagoa garagardoak euskal herritarren artean du arrakasta handiena, Arbelaitzek dioenez. «Bereziki garagardo horia eta gorria saltzen ditugu. Beltza ere saltzen da, baina jendeak ohitura gutxiago du garagardo beltza edateko». Bestalde, azken urteetan atzerritarren artean ere bertako produktuek geroz eta interes handiagoa piztu dutela gaineratu du. «Hortik etorri zaizkigu guri atzerrian salmentak egiteko aukerak», esan du.

Urteetako eskarmentua

Duela hamasei urte sortu zuten Joxe Anjel Arbelaitzek eta haren lagun batek Pagoa garagardoa, eta urteetako eskarmentua dute jada garagardoak egiten. «Kanpoan ere aritu gara beste gauza batzuk ikusten eta ikasten». Azkenean, anaien laguntzarekin batera, hain gustuko duten garagardo errezeta lortu dute arbelaiztarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.