Ezarian

Merkataritzaren bilakaera atarietan

Etxeetako atarietatik Interneteko atarietara igaro dira saltokiak urteen joan-etorrian. Egun, batera bizi dira sareko merkataritza guneak eta kalekoak. Bilboko Zazpikaleetako atarietan lau denda daude oraindik.

Ilargi Agirre.
Bilbo
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Asko aldatu dira saltokiak eta salmenta teknikak garai batetik hona. Denda txikietatik merkataritza saltoki handietara egin da jauzi. Gertukotik urrutikora pasatu da denbora gutxian, distantzia fisikoa ez baita muga gaur egun edozein produktu erosteko. Bilakaera horren testigu izan dira etxeetako atarien barnean dauden saltokiak. Iraganeko aztarna dira oraindik, eta bere horretan euren nortasunari eutsiz begiratzen diote munduari. Baita Internet bidez erosketak egiteko aukera ematen duten atariei ere. Kalean dauden atariko saltokietatik sarean dauden salmenta atarietarako bidea egin du merkataritzak.

Internetek ematen dituen baliabideez jabetu eta marka handi eta ezagun bat izan ez arren, euren dendetako produktuak saltzeko gero eta gehiago dira webgunea irekitzen dutenak. Zenbait aukera daude: norbere kontura webgunea sortu, edo merkataritza atari batean izena eman eta hortik lotunea jarri bakoitzaren orrialdera.

Atari horiek saltoki eta enpresa asko biltzen dituzte. Horrela, denden zerrendak osatzen dituzte, eta erabiltzaileak sektoreka edota alfabetikoki bilaketak egiteko aukera du. Behin saltoki jakin bat bilatuta, bere webgunera joan daiteke. Maiz, merkataritza elkarteek sortzen dituzte horrelako atariak, elkarteko partaide diren saltokiak barnean hartzeko.

Batzuk aipatzeko, Donostia ingurukoak biltzen ditu Sansebastian.net/comercio webguneak. Bilboko merkataritza guneak batzen ditu www.comerciodebilbao.com atariak, eta Gasteizkoak www.gasteizon.com. Iruñekoak biltzen ditu www.cascoantiguo-pamplona.com atariak, eta Baionako dendak topa daitezke http://www.bayonne-commerces.com/eu.html atarian.

Argi dago erabiltzaileentzat abantaila ugari dauzkatela atari horiek; eta gero eta saltzaile gehiago animatzen dira horietan izena ematera, euren buruaezagutarazteko baliagarriak baitira.

Berrikuntza horien beste aldean daude kaleko atariko saltokiak. Bilboko alde zaharrean mota honetako lau saltokik jarraitzen dute bizirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.