Mendiko Gazta proiektuaren helburua mendiko artzaintza sendotzea da, etekin ekonomikoa gehitzeko bideak emanez eta Aralar Natur Parkeko larreen kudeaketa bermatuz. «Ia galtzear zegoen produktu bat berreskuratu nahi izan dugu proiektu honekin. Artzainek betidanik egin dute gazta mendian, baina kontua da gazta horrek ez zituela osasun baldintzak betetzen, baina orain, azpiegitura horiek jarrita, baldintza guztiak betetzen dituen mendiko gazta daukagu esku artean», adierazi du Rafa Uribarren diputatuak. Idiazabalgo sor-marka eta Artzai Gazta elkartea dira proiektu berritzaile honen babesleak.
Txabolen izena markatzat
Gazta hori merkaturatzeko asko zaindu dute diseinua eta marka. Artzain txabola bat eta haren ondoko lizarraren irudia darama etiketak, eta baita artzainaren sinadura ere. Bi artzain horien gaztek txabolen izena hartu dute markatzat: Garmendiarenak Doniturrieta marka du, eta Belokirenak Arritzaga. Uribarrenen arabera, Aralarren egindako probako proiektu bat da, baina ez bere horretan gelditzeko, baizik eta beste mendi batzuetara zabaltzeko. Gipuzkoako parketxe sareko dendetan eros daiteke mendiko gazta.
Aduriz sukaldariarentzat, «urteko egunik garrantzitsuena» izan zen atzokoa, «ondare arkeologiko baten pareko zerbait berreskuratu» dela uste baitu. «Plazer asko emango dizkigu», zehaztu du.
Gerardo Garmendia 'Mozo'.Artzaina
«Mendiko esneak orekari eusten laguntzen du»
I. Gurrutxaga.Bizitza erdia artzain lanetan darama Gerardo Garmendia 52 urteko zaldibiarrak. Mendian gazta egin ahal izateko azpiegitura beharrezkoa zela esan zuen maiatzean, eta bost hilabete geroago esku artean du produktua. Goiko larreei esker mendiko gazta «orekatuagoa» dela nabarmendu du.
Zer alde dago behean egiten den gaztaren eta mendian egiten denaren aldean?
Egiteko eran ez dago batere alderik. Dagoen aldea da mendiko larrea altuerarengatik-eta aberatsagoa dela eta hori, gero, esnean antzematen dela. Esnea da gazta ona egiteko oinarria.
Zer izaten da mamitsuagoa?
Gazta egiteko behar izaten da koipea eta proteina, estraktu lehorra esaten diotena. Mendian dagoen larrearengatik-eta oso orekatua izaten da esnea. Han pentsurik ez zaio ematen artaldeari, hemen behean pentsuarekin-eta lagundu egiten zaio neguan, eta orduan desorekatu egiten da proteina eta koipea. Goian artaldeari ematen zaion pentsu bakarra jezteko makinara sar daitezen ematen zaiena da, eta, orduan, oreka hori mantendu egiten du, eutsi egiten dio. Hori da esneak izaten duen diferentzia. Testura izaten du berezia.
Eta mendian ontzeak ba al du zerikusirik?
Esaten dute altuera horietan lizun bereziak daudela, eta lizun horiek bere ukitua ematen diotela gaztari. Ni horrenbesteraino ez naiz sartzen, baina horri buruz dakitenek hori esaten dute.
Noiz egindako gazta da dastatzera ekarritakoa?
Maiatz-ekainetan egindakoa da. Maiatzaren erdialdera igo ginen, aurten beste urteetan baino beranduago, elurra egin zuelako. Sanpedroak bitarte egiten dugu mendiko gazta. Eta ontzen lau edo bost hilabete behar ditu.
Aurreko astean Aduriz sukaldariaren bisita izan zenuen txabolan. Zer egin zenuten?
Probatze txiki bat egin genuen, eta gero bere filosofia azaltzen aritu zen. Hark esaten du munduari erakutsi behar diogula oso herri txikia garela, eta gauza onak eta bereziak badauzkagula. Horietako produktu bat gazta hau da, mendian egindakoa.