MENDIA. ZIBOZETIK ZUNHARRERA. Sibasiako anderea gogoan

Zuberoako Basabürüa eskualdeko Ziboze eta Zunharrera herrietara eramanen gaitu txango honek. Madelena Jauregiberri euskaltzale sutsua gogoan izango dugu.

2009ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ziboze herri polita izango dugu abiapuntu (284 m). Alozekin eta Onizegainekin batera udalerri bera osatzen duen auzune horretara iristea erraza da. Atarratze aldetik etorrita, Aloze herrian sartu orduko ezker alderat eta gorantz joko dugu. Zibozeko lehen etxea ez bada ere, Aloze aldetikako sarrera horretan, eskuinaldean, etxe oso handi eta dotore batek miresmenez beteko gaitu. Sala izeneko etxe aberats horretan zituen familia sustraiak Jean-Baptiste La Salle (1651-1719) saindu bilakatuko zenak. Ez zen bertan sortu, haatik, Sala edo La Salle sendiak etxe hori 1482. urtean saldu baitzuen.

Gure ibilgailuak Salatik metro gutxi aurrera bazterturik, oinez joko dugu aurrera, Zibozeko etxeen artean. Berrogeita hamar metro eskas eginik, ezkerreko aldean, beste etxe dotore batekin egingo dugu topo. Sibasia jauretxeko hormek gogoan bizirik daukate oraindik Madalena Jauregiberri (1884-1977) andere guztiz agurgarriaren oroitzapena. Gerorago zehatzago aipatuko dugu. Anartean, Sibasiatik eta lehenago etxe honetakoa zen arrabote txikitik berehala, eliza xaharrari eta Elixalteko behitegi ederrari jarriko diegu arreta.

Elizatik eta Elixalten behitegitik aurrera jarraituz, eskuin alderat joko dugu bide sardan. Basabürüko erreximentak seinalatuak diren alderat joko dugu, eta, hain zuzen, bide sardatik berehala, eskuinaldean, XVII. mendeko etxe dotore bat topatuko dugu. Hementxe eginak daude Zuberoan bertan eta urrunean ere salduak diren erreximenta gozagarriak. Etxe zahar eder horretatik landa, sasien artean sarrera doi-doi ikusten zaion xenda bat hartuko dugu. Xenda hori, lapitz harrian zulatutako kinta bilakatzen da jarraian. Hasieran, bi aldeetatik hesia egiten zuten laharrei lekukoa hartzen diete urritzek eta haritzek. Xenda oso-oso polita da, haritz zaharrak bidelagun ditugularik. Hori dela-eta, gune horri Haritx herroketa deitzen diote.

Garaiera txikia izanik ere -370 metro inguru- ikusmen guztiz gozagarria daukagu. Atzean, Ziboze eta Atharratze-Sorholüze ezagutuko ditugularik, ekialdera Liginaga-Astüe herria daukagu begi bistan. Mendi eta mendixkei dagokienez, Maidalena, Erretzü, Ahargo (Liginagakoa) begi bazka izango ditugu ekialde eta hego-ekialdera. Bat-batean, itxura oso bereziko Lexantzümendi ere begi bistara etorriko zaigu, Zunharreko etxeak ikusten hastearekin batera. Tontor batean kokatua da Zunharre (izen hori Zumarra hitzaren zubererako forma da), eta ikusmen zabala oparitzen digu, Zuberoako laborari etxe eder batzuk ikustera ematearekin batera. Xenda, dagoeneko, bidexka bilakatua delarik, Zunharreko herrixka zeharkatuko dugu, altxor handia duen XIII. mendeko bere eliza erromanikoraino. Atea itxita dauka, baina giltza eskatu daiteke elizatik hurbilenik den Olalaintia etxean.

Onizegainera, Ezkietako bidetik

Elizaren barnealdea ikuskatu edo ez, eraikin polit eta xume horren buelta ia osoa eginda, Lexantzürako bidean behera sartuko gara. Hemendik aurrera, ibilgailuentzako bidean ibiltzeaz beste aukerarik ez dugu izango, baina bide oso txikia da, autoak oso bakanak direlarik. Behera egitean, albo-alboan baina sakanaren beste aldean, daukagu sumendi baten antza duen Lexantzümendi.

Lexantzüko lehen etxeetara heltzean, ezkerrerantz abiatzen den bidexka hartuko dugu, horren abiapuntuan Zunharre herrirako norabidea seinalatzen duen pankarta badelarik. Zuhaitz mota askoz inguratua den bide horrek bakar baten izena darama, ordea, hau Ezkietako bidea deituta baita. Lehenagoko denboretan, ezkiak ugari izango ziren, baina gaur egun... Dena den, ezki lorearen usain goxorik gabe ere, Onizegaineko auzune batera helduko gara, laster batean, Ezkieta izenekoa, hain zuzen. Etxe multzoa pasatu eta gero, Onizegaineko karrika nagusira doi-doi eraisten hasiak garela, ezkerraldera beste bide txiki bat, harriztatua hori, hartuko dugu. Berrehun metro beheraxeago ikusten dugun jauretxe ederra Menditte sendiarena da. Bide harriztatu horrek, Onizegaineko hilerrietara eramanen gaitu. Horien erditsuan ohartuko gara ate baten arku bitxi bat badagoela. Hori da Onizegaineko lehengo elizatik geratzen den zantzu bakarra, eraikina 1967ko agorrilaren 13ko lurrikara handiak lurrera bota baitzuen. Eliza berria, aldiz, herriaren behealdean ikusiko dugu.

Hilerri horien saihetsean, Aloze eta Ziboze herrien norabideak seinalatuta zaizkigun aldera joko dugu. Berrehun bat metroren buru, ezkerraldean, harrizko gurutze zizelatu zahar bat miretsiko dugu. Beste ehun metro egin ondoren, ezker hartuko dugu bide txiki batean, Jaga-Ezkieta ibilbidea seinalatzen digularik pankarta batek. Laster batean, borda zahar batera -Belagileen etxea deituta daukate herritarrek!...- helduko gara eta zuzen joko dugu. Berehala ikusiko ditugu Zibozeko etxeak eta gure txango labur eta goxo hau amaituko zaigu, Madalena Jauregiberri zenaren Sibasia etxe ondo-ondotik berriro ere iragan eta gero.

Euskararen babesle suharra

Madalena Jauregiberri anderea euskararen babesle suharra izan zen, gure hizkuntzak gutxiespen handiena pairatzen zuen garaietan. Frantziako eskolak lotsa eta mespretxua sarrarazia zieten gure aitzinekoei, errejentak (irakasleak) zirelarik lan zital horretan sutsuenik jokatzen. Madalenak ere errejenta ikasketak eginak zauzkan, baina bera ozen-ozenki mintzatu zen euskararen alde, artikulu ugari ere idatzi zituelarik euskalduntasuna goresteko. Eta inor ez zen ausartuko andere handi horri euskararen kontrako hitzik adieraztera. «Zure haurrekila eüskaraz ari zira, arauz (agian) ?» zen Madalenak esaten zuen lehen hitzetarik herritar batekin mintzatzean. Eta denek baiezkoarekin erantzuten, nahitaez... Euskaltzaindiak berak goraipatu zuen Madalena Jauregiberriren jarrera tinko eta lan handia, ohorezko euskaltzain izendatuta, 1975ko maiatzaren 25ean, zendu zenetik bi urte lehen. 2000. urtean, berriz, Eskiula herriak oholtzaratu zuen Pier Paul Berzaitzek Sibasiako anderearen ohorez idatzi pastorala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.