Iraupen luzeko zeharkaldiek ez dute mugarik. Maratoiak aspaldian geratu zitzaizkien txiki ibiltari askori, eta ultramaratoietan asetzen dute kilometroak irensteko gosea. Alpeetan, Mont Blanceko maratoi luzea da azken urteetan sona eta indarra hartu duen proba eta, hura erreferentzia hartuta, Euskal Herriak izango du berea 2010eko uztailean. Beasaingo (Gipuzkoa) Arrastaka elkartearen inguruan bildutako lagun talde batek antolatu du, eta aste honetan bertan jakinarazi dute egitasmoa. «Pixkanaka mendizalea halako proba luzeetara ohitzen hasia da, eta egunotan ikusi dugu interesa piztu duela. Euskal Herrian halako lasterketa bat izatea garrantzitsua da», dio antolakuntzako kide Mikel Valdivielsok.
Lasterketa antolatzeko ideia iazko urrian hasi ziren lantzen. Mendizale, mendi elkarte eta udalekin bildu, haien harrera ikusi, eta azkenerako 16-18 laguneko lan taldea hasi zen proba antolatzen. Lehenengo urtea izaki, bi lasterketa antolatu dituzte: 167 kilometrokoa eta 87 kilometrokoa. Lehenengoak Ehun milak izena hartuko du, eta Beasaindik abiatuta, Gipuzkoako Goierri, Tolosaldea eta Urola Kosta eskualdeak zeharkatuko ditu. Uztailaren 16an irtengo dira parte-hartzaileak, 18:00etan, eta 48 orduko epea izango dute 167 kilometroko ibilbidea osatzeko. Bidean Izazpe, Irimo, Erlo, Hernio, Txindoki, Ganbo eta Aizkorri igoko dituzte ibiltariek, besteak beste.
Ibilbide laburragoari, berriz, Goierriko Bi Haundiak izena jarri diote. Beasain izango du zeharkaldi horrek ere abiapuntu eta helmuga, eta Txindoki eta Aizkorri lotuko dituzte parte-hartzaileek. Zenbaki dantza xumeagoa izanagatik, gogorra da bigarren hori ere: 87 kilometro, 6.500 metroko desnibela eta 22 orduko epea ibilbidea osatzeko. Lasterketaren inguruko xehetasun gehiago nahi duenak, www.ehunmilak.com webgune ofizialean eskura dezake. Larunbatean ireki zuten webgunea, eta harrituta daude izan duen bisitari kopuruarekin: «Milatik gora bisita izan ditu, tartean Frantziatik, Alemaniatik, Italiatik edota Suitzatik».
Muga, mila lasterkaritan
Ezaugarri horietako proba batantolatzeak azpiegitura lan handia eskatzen du, eta urtebete baino gehiago falta den arren, antolatzaileak hasiak dira xehetasunak lotzen. «Ibilbide luzeak 25 udalerri zeharkatzen ditu, eta dagoeneko lortu dugu hemeretziren babesa, eta baita mendi federazioarena ere. Antolaketa ezinezkoa litzateke instituzio eta boluntarioen laguntzarik gabe», dio Valdivielsok. Bi zeharkaldiak aintzat hartuta, mila lagunetan jarriko dute parte-hartzaileen muga, eta abenduarekin batera irekiko dute izena emateko epea. Lehenengo ekitaldiak izaten duen erantzunaren arabera, halako iraupen luzeko lasterketa bat urtero antolatu nahi lukete Arrastaka elkartekoek: «Ibilbide eder eta gogorra prestatu dugu, Europan antolatzen diren gogorrenetakoa. Paraje aldetik, ez da Mont Blanc, baina gure mendiek beren ezaugarriak dituzte, eta horiek ezagutarazi nahi ditugu».
Orain artean, Gasteizko Manuel Iradier elkarteak antolatutako Hiru Haundiak zeharkaldia izan da iraupen luzeko ibiltarientzat erreferentzia Euskal Herrian. Ehun kilometroko ibilian Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen ditu ibilaldiak, Zalduondonhasi (Araba) eta Otxandion bukatu (Bizkaia). 1987an antolatu zuten estreinakoz, nahiz eta aurrekariak lehenagokoak izan. Azken hogei urteotan indar handia hartu du zeharkaldiak, eta izena emateko epea zabaldu eta mila laguneko muga egun gutxiren buruan betetzen da. Iaz jokatu zenez, 2010ean izango da Hiru Haundiak martxaren hurrengoa ekitaldia.
MENDIA. 'Trail' luzeak Euskal Herrira
Beasaingo Arrastaka elkarteak 'Ehun milak' mendi zeharkaldia antolatu du 2010eko uztailerako. Gipuzkoako mendi ezagunenak lotuko dituzte parte-hartzaileek, 167 kilometroko ibilbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu