MENDIA. Pirinioak, ziztu bizian

Hondarribian hasi eta Llançan bukatu; Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa zortzi egunean lotu ditu Kilian Jornetek. 830 kilometro eta 40.000 metroko desnibela gainditu ditu zeharkaldian.

Donostia
2010eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gaztea izanagatik, 22 urte ditu, inor gutxi harrituko du honezkero Kilian Jorneten jardunak. Lasterketei dagokienez, ia dena irabazi du, nola mendiko eskian hala mendiko lasterketetan -Zegama-Aizkorri hiru aldiz, besteak beste-. Lehiaketatik harago joan nahi du Jornetek, ordea, eta bide horretan sortu du Kilian Quest proiektua. Lehiaketakoak ez diren ibilbideak aukeratu, eta horietan markak egiten saiatzen da, «errekorren bidez lekuak ezagutarazteko». Korsikako GR-20 bidean eta AEBetako Tahoe Rim ibilbidean utzi zuen arrastoa iaz, eta hain gertuko dituen Pirinioak izan ditu orain jomuga. Zortzi egun pasatxoan zeharkatu du mendikatea, Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa 830 kilometroko ibilian lotuta.

Maiatzaren 31n abiatu zen Hondarribitik, Higer lurmuturrera jaitsi eta Kantauri itsasoko ura ukitu ondoren. Kezkatuta egin zituen lehenengo urratsak. «Inoiz ez dut zazpi edo zortzi egunez jarraian hainbeste orduz korrika egin. Ez dakit nola moldatuko naizen», zioen zeharkaldia hastearekin batera. Zortzi egun eta hiru ordu geroago egin zituen azken urratsak, Gironako Llança hondartzan. Hantxe hartu zuen merezitako bainua, senide eta lagunekin batera.

«Gogorra izan da, baina era berean hunkigarria», zioen Jornetek Llançara iritsitakoan. Zeharkaldia zazpi egunean osatzea espero zuen, baina ezker zangoko gihar bikian izandako kontraktura batek baldintzatu dio azken zatiko ibilia. Hondarribia eta Llança arteko ibilbidean mendi elurtuak eta hotza, euria eta lokatza, eguzkia eta beroa izan ditu bidelagun. Eguraldia tarteko, ibilbidean aldaketak egin ditu, baina aurrezdiseinatutako ibilbideari eutsi dio zatirik handienean: «Lehenengo egunak izan ziren gogorrenak, muskuluak gogortuta bukatzen nituen etapak. Laugarren egunetik aurrera hobeto moldatu nintzen, azken zatian salbu».

Gertukoak ditu Pirinioak Jornetek. Mendikatean jaio zen, bertan bizi da, eta 9 urterekin zeharkatu zituen estreinakoz gurasoekin. Oraingoan ere senide eta lagunak izan ditu bidelagun, baita azpiegitura prestatzen lagundu dion lan taldea ere. «Ehun bat kilometro egin ditut bakarrik, ia uneoro izan dut lagun edo senideren bat aldamenean. Zeharkaldia haiekin partekatzea nuen helburu». Ehun kilometro eta hamahiru orduko jarduna eguneko, eta azken kilometroetan ama izaten zuen bidelagun. Etapa bakoitzak zeharkatzen zuen herrietako mendizale askok ere lagundu diote, eta Euskal Herriko zatian, esaterako, hainbat lagun aritu ziren Jornetekin batera korrika.

Kilimanjaro mendiko errekorra ontzea du hurrengo asmoa Jornetek, irailean. Aurrez, AEBetako Western States eta eta Mont Blanceko ultratraila korrituko ditu, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.