Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Uren banalerroko jentiletxeak

50437592Master
MENDIA. IBILBIDEA. Uren banalerroko jentiletxeak.
  • Herrialdea: Gipuzkoa Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Lizarrusti, Hirumugata, Intsusburu, Aretaza-Balankaleku, Etsegarate
  • Distantzia: 12 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Lizarrusti eta Etxegarate mendateak lotzen dituen mendilerroan barna kondairaz eta elezaharrez betetako lurraldeetatik ibiliko gara, pagadi eta Erdi Aroko monumentu megalitikoen artean.
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2009ko abenduaren 11
00:00

Lizarrusti eta Etxegarate mendateak lotzen dituen mendilerroan, Erdi Aroko galtzada bat eta monumentu megalitiko ugari daude. Goierri eta Sakana arteko uren banalerroari jarraituz gero, pagadi ederretan zehar murgiltzeko eta trikuharri edo jentiletxe batzuk bisitatzeko aukera izan dugu. Gorpuak ehorzteko eraturiko hilobi horiei jentiletxe esaten baitiete inguruko herrietako biztanleek. Kondairaz eta elezaharrez betetako lurraldeak dira.

Lizarrustitik Hirumugatara

Lizarrustin dago Aralarko Parke Naturalaren Parketxea, eta han eman diogu hasiera ibilaldiari. Eraikin hori garai batean Mikeleteen etxea izan zen. Errepidearen beste aldean dagoen baserriaren ondoan, ibilbide osoan bidelagun izango ditugun GR-12aren (Uren banalerroa) eta GR-121aren (Gipuzkoako itzulia) seinale zurigorriak aurkitu ditugu. Mendebalderantz zuzentzen den xenda hartu eta berehala murgildu gara pagadian. Erritmo lasaian gorantz egin dugu, aldapa pikoa eta bizia baita. Lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasterako lepora igo gara. Toki horretan bi aukera ditugu: bata, bide seinaleei jarraitu; eta, bestea, mugarrien ondotik Txaradigorri gainera igo. Guk bigarrena aukeratu dugu eta aldapa gogorrari ekin diogu. Gora iristean, Miruatza edo Txaragorri jentiletxea aurkitu dugu. Berriro uren banalerrora itzuli gara, eta orbela zapalduz berehala iritsi gara hurrengo bi trikuharri edo jentiletxeen ondora: Olano eta Zelatalepo deritze, eta biak tumulu zirkular handia baten erdigunean daude. Bide nabarmena jarraituz Irumugata-ko mugarri ezagun eta bereziaren ondora heldu gara. Orain arte ikusi ditugun mugarriekin alderatuz, desberdina da, handiagoa izateaz gain hiru alde edo aurpegi baititu. Alde bakoitza muga egiten duen udalerrira begira jarrita dago: Burundako harana -egungo Bakaiku-, Etxarri Aranatz eta Ataun. Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugarririk zaharrenetakoa da, 1777koa, hain zuzen ere.

Hirumugatatik Intsusburura

Hirumagatatik bide nagusia utzi eta hegoalderantz desbideratuz, (PR NA 133) Bentaxar-eko jentiletxea aurkitu dugu beste askoren artean. Gure ibilbide nagusira itzuli, eta alanbrezko hesiaren ondotik aurrera egin dugu bide gorabeheratsuari jarraituz. Hiru udalerrien -Bakaiku, Iturmendi eta Ataun- arteko mugan dagoen Argonitz-eko jentiletxearekin egin dugu topo. Bidearen gorabeherak gaindituz Bernoa edo Berrenoa-ko muinoaren inguruan izen bera duen jentiletxea ikusi dugu, baina trikuharriaz ez ezik han dagoen galtzada zaharraren arrastoetan jarri dugu arreta. Berrenoako galtzada Erdi Aroan egindakoa da, eta XIX. mendean Lizarrustiko errepidea egin zen arte Sakanako eta Ataungo bailarak lotzen zituen bide nagusia izan zen. Mendeetan garrantzi izugarria izan zuen, eta jentilek eraiki zutela dio herri sinismenak. Hango zabalguneari Dantzaleku esaten diote, ekainaren 29an, Urdiain-Altsasuko San Pedro ermitaren inguruan ospatzen zen erromeria amaitu eta itzultzean, leku honetan dantza egiten omen zuten gazteek. Gaur egun isiltasuna nagusi den parajeotan zaila da imajinatzea garai batean jendearen joan-etorriek inguruari ematen zioten bizitza. Bideak berriro gorantz egiten du, Intsusburu-ko tontor aldera, eta hara iristean izen bera duen jentiletxea aurkitu dugu.

Intsusburutik Balankalekura

Trikuharriari bizkarra emanez gero, eta Gipuzkoa aldetik mugaren paraleloari jarraituz, maldan behera Beotegiko zabalgunera iritsi gara, eta han Beotegiko Murkoa trikuharria edo jentiletxea. Aurreko gehienak bezala, tumulu zirkular handi batez inguraturik. Muino txiki batzuk pasatu eta Igartza-ko bi jentiletxeen ondora iritsi gara, lepoaren ekialdean eta mendebaldean. Jentiletxeak atzean laga eta Saratsamendiko inguruneak zeharkatuz, garai batean Mikeleteen etxea egon zen lekura heldu gara. Gaur egun haren aztarnak bakarrik ikusi ahal dira. Maldan gora segituz, beste bi megalitoekin egin dugu topo; Larreluze izena due lehenengoak, eta aurreraxeago dago Muñaan izenekoa. Bide seinale zuri-gorriei jarraituz, Areatzako muinoaren ondora iritsi gara, eta, handik gertu, baina bide nagusitik aparte, Balankaleku-ko bi jentiletxeak. Ataun aldera jaitsiz gero, Aitxu eta Praalata-ko megalitoak bisitatzeko aukera dugu, baina megalitoak uren banalerrotik at daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.