Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Santa Eufemiako ur-saltoa

MENDIA. IBILBIDEA. Santa Eufemiako ur-saltoa.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Moreda, Santa Eufemiako ur-saltoa, Gorrebusto, Somadako lepoa
  • Distantzia: 10,5 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Errioxa aldean ur falta bistan delarik, ibarretako ur emaria kudeatzearen karietara, ureztapenerako ubide sare batzuk eraiki zituzten aspaldi; Santa Eufemiakoa, besteak beste.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2010eko urtarrilaren 15a
00:00
Saltora doan bideaz nahiz Santa Eufemiako ur-jauziaz gozatzeko aukera dute dagoeneko Moredako bizilagunek; izan ere, XIV. mendeko eraikuntza izanagatik ere, hartarainoko bidea eta saltoko azpiegitura zaharberritzeko lanak berriki amaitu dituzte. Gorrebustotik datorren errekastoaren ura metatu aurretik, ibarrean barreiaturik dauden labore sailetarantz bideratzen da ura, porlanezko ubide batzuen bidez.

Behiala erabiltzen hasi zen presa bat da Santa Eufemia. Moredatik hamar minutura egon arren, dokumentu zaharretan ureztabide horri buruz ezer ez dela aipatzen gogoratzen digute adituek. Horren zergatia ere argitu digute, Santa Eufemiakoa Viana inguruan den Perezuelas herriaren jabetza izan zen eta.

Moredako ur-jauzia

Moredako plaza nagusian hasiko gara ibilian. Errementari kalean gora, Gorrebustoranzko errepideari jarraituko diogu. Pikota edo gurutze ondora iristean, ezkerretik doan Santa Eufemia kaletik abiatu eta ibarraren ondotik ibiliko gara, bide nagusitik atera gabe. Hamar minutu inguru emango ditugu harik eta errekarekin bat egiten dugun arte; Santa Eufemiako ur-jauzia aurrez aurre izan arte, bestela esanda.

Gorrebusto herritik dakarren ur emari xumeak ezusteko polita sortzen du ondo landutako harriz egindako presara ura biltzeko unean. Pistaren alde banatan ikusiko ditugu jauziak. Eskuinekoan bost bat metroko saltoa ikus daiteke eta, zinez, ikusgarria izan ohi da ura indarrez datorrenean. Enbor lodiko lizar batzuen ondotik amiltzen da ura, harrabots handia sorraraziz. Ura presan bildu ondoren, ur-lasterraren indarra lagun, pista azpitik igaro eta bigarren jauzia suertatzen da. Errekaren ura terraza moduko harrizko lauza batetik amiltzen da eta jauzi naturala gertatzen da han.

Ikuskizunaz bapo aseta, pistari jarraituko diogu. Asfaltoa zapaltzen ari gara orain, eta ipar-mendebalderantz joango gara. Goratasuna hartzen bi minutu eman ostean, eskuinetik darraion nekazari bideari ekingo diogu. Bide egokitu hura amaitutakoan, muino baten eretzetik igaro eta, mahastiak gogaide, ibarrean aurrera egingo dugu, betiere Gorrebusto erreka zeharkatu gabe. Mahastiak, olibondoak, almendrondoak, madariondoak eta pikondoak, besteak beste, ikusiko ditugu ibar xumean.

Bidebanatzean, errepidetik datorren pista alde batera utzi eta aurrera egingo dugu. Minutu bat geroago, bazter egingo dugu erreka zeharkatzeko gonbita egingo digun bidea eta, norabidea aldatu gabe, goratasun pixka bat hartuko dugu, ezkaia, izpilikua, erromeroa eta abaritza gogaide ditugula. San Andres sakan xumera iritsiko gara laster, hots, abian jarri garenetik ordu batera. Bide gainean Gorrebustoko errepidea ikusi arren, eskuinera egingo dugu errekastoa zeharkatzeko. Lurzoru oneko pistan ezkerrera egingo dugu ibarraren konpainian Gorrebustorantz segitzeko. Pistak behera egingo du Magdalena baselizara heldu baino lehenago ikusiko dugun makalaldira iristeko. Bi aukera ditugu han herriratzeko: erreka berriro zeharkatu eta, asfaltoa baliatuta, herriko plazara heldu; edo erreka zeharkatu gabe, haren paraleloan jarraitzen duen pistari segi herrigunera iritsi arte.

Elizaren aurreko Marcelino Martinez plazan, eskuinera egin eta Printze kalean gora egingo dugu Arrabal-Extramuros kalearekin bat egin arte. Eskuinera joko dugu han goian. Zehar-zehar jarraituko dugu gero, herri gunearen gaineko bista ederra dugula. Azken etxea atzean utzita, ezkerretik segitzen duen nekazari bideari jarraitu eta goratasuna hartzeari eutsiko diogu. Errepide zaharrean gaude bide ertzean aspaldiko bidarriak ikusiko ditugu eta. Bide sardan, zuzen joko dugu eta lepo bateraino segituko. Hondakinak biltzeko edukiontzi batzuk ikusiko ditugu han. Dueñasko pinudia, Labraza hiribildua eta Nafarroarekiko mugan altxatuta dauden haize errotak begi aurrean izango ditugu.

Edukiontzien aurretik igaro eta eskuinera eginda Tejeria bideari segituko diogu, hegoalderantz. Errepidetik datorren pista bat batuko zaigu ezkerraldetik. Guk, eskuinera eginda, hasierako noranzkoari men egingo diogu Somada lepora iristeko. Gorrebustoez dugu ikusiko haren gain-gainean izan arte. Muinoak korrituz goratasuna galduko dugu, Gorrebustoko plazara iritsi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.