Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Lendizko gaina

MENDIA. IBILBIDEA. Lendizko gaina.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Gaztelu, Lendiz
  • Distantzia: 4 km.
  • Iraupena: Ordu 1 eta 15 mn.
  • Ingurunea: Tontor xumea izanagatik, bisitari ugari hartu ohi ditu Lendizko gainak. Arabako Gaztelu herritik abiatuko gara, duela 50 urte gas naturala ustiatzen zuten eremutik.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2009ko urriaren 23a
00:00
Trebiñu aldera doan errepide nagusiaren ondoan dago Gaztelu herria, lepo xume batean. Gaur egun herri lasaia bada ere, bizimodu aparta izan omen zuten lurrazpiko gas naturala ustiatzen hasi zenean; hori guztia orain duela 50 urte. Hondeamakinak lanean hasita etorri ziren lehen zulatzeak. Den-denak Gaztelu inguruan. Porlanezko plataforma batzuk besterik ez dira geratzen gaur egun, nahiz eta metalezko habeak irudikatzea erreza izan daitekeen. Ikusgarrienak, akaso, Monasteriogurengo Tejera ibarrean dagoena, Gaztelu 4 zeritzona, eta Ezkibelgo baserritik Zaldiaran mendi aldera egiten duen bidetik hurbil zabaltzen zena (Gaztelu 5). Lehen zulaketa, ordea, Lendizeranzko bidean dago, Basalde izeneko lekuan. Ibilian-ibilian hasi, eta berehala ikusiko dugu hura, burdinazko ate batetik gertu-gertu. Zulatze horrek ilusioa ez ezik, ezustekoa ere ekarri omen zien Gazteluko bizilagunei. Jakin dugunez, eztanda bat izan zen basoan garai horretan eta, gasak ekar litzakeen ondorio latzak zirela eta, etxeetan sua egiteko debekua ezarri zen. Sukalde elektrikoak ipini behar izan zituzten bizilagunek, nahitaez.

Gasa azaleratzeko proiektua aurrera eramateko xedez, hoditeria bat eraikitzeko baimena eman zuen Gasteizko udalak 1962. urtean. Oreitiasolo industrialdetik hurbil zegoen Esmaltaciones San Ignacio enpresak ederki baliatu izan zuen gasa, nahiz eta benetako helburua ez zen, hain justu ere, hidrokarburoaren erabilera praktiko hura, Gaztelu inguruko gas hobien ahalmena aztertzea baizik. Edozelan ere, bi urte geroago, BH bizikleta enpresa ezagunari ere eskaini zioten gas hornikuntzarako kontratua.

Lendizko tontorra

Gaztelu herrian hasiko gara ibilian. Autoz bertaratuz gero, Vitoria mendatetikUrizaharrera doan errepidea hartu behar dugu; izan ere, Aretxabaletatik igaro bezain pronto, Gasteizko udalerrikoherririk garaienerantz doan desbideratzea ikusiko dugu, Gazteluranzkoa. San Martin elizaren aurrean garela (XVI. mendekoa), beherantz egin, eta bidegurutzean ezkerrera jota, errepide estuari jarraituko diogu. Porlanetik segituko dugu ondoren, eta Larrosteko lepora igoko gara. Ur putzu bat ikusiko dugu han, basabidearen ondoan. Ezkerraldetik Larrosteko gaina altxatzen da, tentagarria dela Gasteiz inguruko panoramikaz gozatzeko.

Tontortxo hura gustukoa izan ezean, eskuinean joko dugu lepoan eta, jabetze pribatua adierazten duen seinale baten aurrean, eskuinera hartuko dugu. Hala, ler gorriak, erkametzak eta txilar trinkoak gogaide, maldan gora segituko dugu Lendizko tontorreraino. Iparraldera begira, Gasteizko hiriburua bete-betean harrapatuko dugu. Eta hegoaldean, Toloño mendigunetik hasita San Tirsoko monolitoraino. Soa urrutira luzatu gabe, ordea, Gasteizko mendietako tontor batzuk ezagutuko ditugu: Tellaramendi, Askorri, Gutxisolo eta Kapildui, besteak beste.

Tontorretik jaisteko, hego-mendebaldera egingo dugu, hots, Trebiñuko herrialdera. Gasteizko hiriari bizkarra emanez, bestela esanda. Gainaldetik urrundu gabe hasiko gara jaisten. Alanbre bat zeharkatuko dugu gero, eta ganaduaren egarria asetzeko asmoz jarrita diren bainuontzi batzuk ikusiko ditugu lepoan. Ezkibeloste eta Lendiz tontorren artekoan gaude. Gaztelura itzultzeko aukera polita dugu han, betiere eskuinetik irteten den basabidetik ekinez gero. Paseoa luzatu nahi badugu, ordea, Vitoria mendatera doan bideari ekin diezaiokegu ezkerraldetiko pistatik barrena. Joan-etorria 20 minutukoa baita, erraz-erraz burutuko dugu osteratxoa. Mendateko errepidera heldu gabe, Gasteizko mendiak ekialdetik mendebaldera korritzen dituen pistarekin bat egiteko unean, El Barranquillo ibar xumean, Gaztelu 2 izena hartu zuen gas hobia ikusiko dugu. Gaur egun, porlanezko plataformaren gainean, ganadua babesteko habearte bat dago. Mendatera iritsita, Lendizerako bidea hartuko dugu berriz, eta, behialako gasbidea lagun, Gaztelura jaitsiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.