Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Itzulia Aranoko gainetatik

MENDIA. IBILBIDEA. Itzulia Aranoko gainetatik.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Arano, Oraune, Aranomendi, Errekaleku, Añone, Urgarata, , Suro
  • Distantzia: 9 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Gainez gain, mairubaratzez mairubaratze, Aranoko gainetatik barrena lotuko ditugu Errekaleku, Oraune eta Arano.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urumearen erdiko arroan, Urumearen beraren bi ibaiadar banatzen dituen gailur-lerro luzean aurrera doa ibilbidea, lehen zatian. Bigarrenean, berriz, gailur-lerro horren ekialdeko mazeletatik, zehar-zehar, malda handirik gabe doazen bide zaharrak baliatzen ditu, lehenik Suro auzora eta ondoren Aranoko herrigunera iristeko.

Mendi malkartsuak dira, baina antzinatik humanizatutakoak. Horren lekuko dira, esaterako, ibilbidean zehar topatuko duzuen mairubaratze, trikuharri eta tumulu segida. Dudarik gabe, Errekaleku eta Añoneko lepokoekin batera, Euskal Herriko historiaurreko ondarearen zati garrantzitsua dira. Artzain eta abeltzainen bizimodua ezagutu dituzte mendiok, baita ikazkinen txondorretako kea eta olagizonek sutegietan ateratako mailu hotsak ere. Horrek guztiak, garai bateko basomutilen jardunak lagunduta, mendi horien guztien soiltzea izan zuen ondorio. Hala, bide bazterreko pago ilara luzeak salbu, apenas izango duzuen gerizperik. Ibilbidearen amaieran pago eta haritz baso txiki batzuk, eta berriki landaturiko pinu sail batzuk besterik ez. Baina humanizatuak ere badira mendiok, azken garaiotan gehiegizko pista sare zabalak urratu dituelako, eta abeltzaintzaren nahiz mendiko lanbideen beharrez baliatuz, dozenaka noranahiko ibilgailu eta moto ikus daitezke sarritan pistetan gora eta behera. Eta zer esanik ez ehiza garaian.

Bada, gailu-lerro luze horren ipar-mendebaldeko hegian duzue ibilbidearen abiapuntua: Aranoko herrigunea, Goiko Herria. Beherago dago, noski, Beheko Herria deritzona. Bertatik itsasoa ikus daitekeen Nafarroako herri bakarra dela esan ohi da: egiazta ezazue. Urumea ibaiaren ibilguaren paretik igotzen den errepide bihurrian herrigunera iritsita, Kale Nagusi maldatsuan gora segi, eta Tourseko San Martin elizaren aurreko plazan utz dezakezue autoa (450 m).

Elizaren eskuinetik abiatu, eta iparrera ehunen bat metro egin ondoren, eskuinera jo, porlanezko aldapa pikoan gora. Berehala izango dituzue herriguneko etxeetako tximiniak begi bistan. Zati laburra duzue porlanean gora, ezkerrera hartu behar baituzue gutxira. Pistan barrena laster zarete Jaun Donosti ermitaren harri hondarren parean, Arano gainean (505 m). Ahaztua eta teilaturik gabe, kanpoko harrizko lau paretak oraindik zutik diraute, inork konponbiderik jarri ezean noiz erori zain. Ermita horretaz gain, bada beste bat Aranon, Goizuetara bidean: San Roke ermita. Hori maiz zaharberritu dute.

Garai bateko gurutze bidea

Jaun Donosti atzetik abiatzen da Aranomendira eramango zaituzten zidorra. Erpin geodesikoaz gain, Aranoko garai bateko gurutze bidearen lehen gurutzea ikusiko duzue hor (575 m). Udalerriko mugetatik gainez gain egiten zen erlijio kutsuko ibilbidea zen, eta urteetan iraun zuen, baina egun galdu egin da. Zurezko lehen gurutzeak hor dirau, baina Onzorrozko gainean beharko lukeena, bigarrena, dagoeneko desagertu da. Pazkoan hamargarrenez, edozein zela ere eguraldia, urtero egiten zen herri inguruko gain nagusiak lotzen zituen gurutze bidea, eta segizioan, gutxienez, etxe bakoitzeko gizaseme batek hartzen zuen parte.

Galbiderik gabe, bizkar belartsuan aurrera egiten du zidorrak, beste gain xume batzuk lotzen ditu eta Orauneko lepoan amaitzen da (510 m). Zati horretan, hurrengoetan bezala, ikuspegiak apartak dira nonahira begiratuta ere. Urumearen goiko arroko mendietatik hasita, Leuneta, Mandoegi izango dituzue inguruan, eta Loitzatetik, kostaldera hurbiltzen diren mendietaraino, besteak beste, Urdaburu eta Adarra. Burua tente duzuela ibili, beraz, edo noizean behin geratu, jaso burua eta adi begiratu.

Bidegurutze garrantzitsua da Oraune. Aranotik San Roken barrena zuzenean datorren bidea bitan banatzen da hor: bizkarraren ezkerretik, Goizueta aldera, eta eskuinetik, Leitza edo Berastegira. Gainez gain, bizkarretik zuzenean igotzen denari jarraitu behar diozue zuek, eta Goizuetakoa itzulerarako utzi. Burniburuko lepoa, zabala, soroa, Ezkiturritako gaina, Onzorrozko gaina, Arriurdigain, Lakendiko gaina... megalito segida topatuko duzue aurrera egin ahala, nagusiki mairubaratzeak. Onzorrozko gaina eta Arriurdigain tokirik garaienak (710 m) atzean utzita, Goizuetako udalerriko lurretan jada, zertxobait behera egin eta Errekaleku lepora iritsiko zarete (660 m). Lepo zabal eta belartsua, bidegurutze garrantzitsu hori ere, baina batez ere historiaurreko ondarearen gune ospetsu. Hor bakarrik, hainbat azpimultzotan, hamasei bat mairubaratze ikus daitezke, tamaina askotakoak, garbiak eta ia osorik. Hori bai, Arano eta Goizuetako udalek jarritako azalpen panela lurrean txikituta aurkituko duzue.

Hainbat zutoin adierazleaurkituko dituzue paraje eder horretan. Horietako baten, GR 121aren (Gipuzkoako biraren) aldaeraren arrasto gorri-zuriak izango dituzue aurrerantzean Aranora iristen bidelagun. Nafarroako lurretan egonagatik, Gipuzkoa gertu dagoela nabari da. Pista zabalean behera Goizueta aldera jaisten hasi eta lehen bidebanatzean bide nagusia utzi (560 m) eta ezkerrera jo, Añoenea soroko trikuharriaren ondotik igaro eta laster zarete Añoneko lepoan (585 m). Lepo estrategiko horretan beste mairubaratze sorta eder bat duzue inguruko belardietan sakabanaturik.

Burningo txabola eskuinean utzita, itsasoko haizeen haizebean eta bide ertzeko pago ilararen abaroan aurrera egin, eta laster iritsiko zarete arestian pasatutako Orauneko bidegurutzera (510 m). Hor, oraingoan, Aranomendiko ekialdeko mazeletan zeharka baina pixkanaka beheraka doan bidea hartu behar duzue, eta, konturatzerako, Suro auzoko lehenengo etxeetan zarete, Gaztaozko bordan (380 m). Aranomendi iparretik inguratuz, Suro eta Arano lotzen dituen herri bidea hartu behar duzue, azkenik. Ordura artekoa gustuko izan baduzue, are gehiago azken bide zahar zati hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.