Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Baztango goi mugan

MENDIA. IBILBIDEA. Baztango goi mugan.
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Aldude, Berdaritz, Zarkindegi, Eihartza, Hargibel, Albako harria
  • Distantzia: 15 km.
  • Iraupena: 5 ordu.
  • Ingurunea: Aldude herria abiapuntu eta helmuga dugula, Baztango goi mugara eramango gaitu txangoak. Kintoa xoko galduari hegi-bizkarretik agur amultsua egingo diogu.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko urriaren 9a
00:00
Aldudeko (Lapurdi) herri politaren Pilota plazatik bertatik hasiko gara gaur oinez ibiltzen (370 m). Iturri Handia errekaren gaineko zubiaren albo-alboan, plazaren aldera, erabat iparraldera abiatzen den bide txiki bat hartuko dugu, hasiera-hasieratik kolore horiko seinaleak izan ditugularik bide erakusle. Laster batean, eliza inguruetatik apurtxo bat aldenduta dauden hiruzpalau etxetara helduko gara. Ibilgailuentzako bidea Migelenea eta Baztanxuria etxeen tartean amaitu ondoan, organbide zahar eta polit baten gora igoko gara, gaztainondo oso ederrak bidelagun dauzkagularik. Xiloenea baserriaren beheko aldetik igaro eta berehala, zuhaitzen artetik jalgiko gara, eta iraztorra eder baten maldatik jarraituko dugu lurbide zabal eta gozagarri batean. Arretaz ibili behar da, baina, topatzen diren bide sarda orotan seinale horietatik aurrera jarraitzearren.

Ordu bat eta laurden irian, Nafarroa bitan zatitzen duen mugara helduko gara, Berdaritzeko lepora hain zuzen ere (685 m). Han 118 zenbakia duen mugarria topatuko dugu, eta, Baztan haranera sartzen den xendari bizkarra emanda, mugaren hariari jarraituko diogu, hego-mendebalderantz igotzeko.

Nafarroako bi aldeetara paraje miresgarriak begi-bazka izanda eta betiere estatu arrotzen mugarriak nahigabeko bidelagun ditugula, Zarkindegi mendi xumearen gailurrari agur egitera joango gatzaio (860 m). Oso-oso ederra da mendi bizkar hertsi hau, Nafarroa biei -hala erran behar bada behintzat...- saminezko agurra egiteko aukera ematen duelarik. Ekialdera, Aldude eta Urepeleko sakana hertsia ikusgai daukagu, eta mendebaldera, berriz, Baztango ibar zabala, Elizondo herri nagusia bera ere ageri delarik ongi. Iparraldera, aldiz, tente-potente eta dotore oso, Hautza Baztango erraldoia.

Belaungo lepoa (759 m) igaro eta gero -betoiez eginiko ardi korrale itsusi bat badago han-, Baztan aldean apur bat sartuko gara pagadi eder batean lauean ibilita, Eihartza gaina (868 m) saihesten badugu behintzat. Jaitsi ere egin beharko dugu pixka bat Eihartzako leporaino (854 m), bertara iristen delarik, hain zuzen, Aldude herria zein Esnazu auzunea abiapuntu dituen artzaintzarako bidexka. Belardi maldaren gora joanda, hegoaldera, aski fite helduko gara Hargibel gailur harritsura (988 m). Frantziako IGN mapak oker ematen du gain honen kokapena, 935 metroko altueran jarrita... Erran beharrik ere ez dago, zelako ikusmen miresgarriaz oparitzen gaituen Hargibel gainak, Nafarroako eta urrunagoko mendi eta bazter ugari begi-bazka dauzkagularik.

Hargibelen harroketatik eraitsi ondoren, horiz seinalatutako ibilbideari utziko diogu, aldi batentzako. Ezen, oso komeni da, mugaren harian bertan artzainek jarritako burdin hesiaren Baztango aldea aukeratu eta belardian goxo-goxo gora eginda, Albako Harriaren gailurrera joatea. Gain hau ere guztiz harritsua da, eta aspaldiko iraganaren lekukoa ere bai, garmendietako suegotzi harkaitzez osatuta baitago. Harkaitzen artetik behin eraitsi eta gero, gomendagarria da buelta ematea bizkarraren hegi-hegitik, horrela hegoaldeko behean Kintoako haran guztiz politeko etxalde batzuk agerian izango baititugu.

Behortsubuztango baratzeak

Albako harria eta Hargibel artean, ez zaie huts egin behar ere Behorsubuztango baratze hunkigarriei, gure arbasoen egonaldi eta bizialdiaren oihartzun isilak baitaude. Erraza da horiek aurkitzea, burdin sarearen ondo-ondoan baitaude. Alanbre hesiari jarraituz, hain zuzen, Hargibel gaina saihestuko dugu, eta ibilbide seinale horiak berriro topatuta, Eihartzako lepora itzuliko gara, joan-etorrian. Hementxe, aldiz, Aldude/Esnazutik datorren ibilgailu bidea hartuko dugu, hirurehun bat metrotan. Bihurgune batean, baina, utzi egingo dugu, xenda gozagarri batean behera egiteko, goxo-goxo. Belaungo lepoan ere ia-ia topatuko dugu igoerarako hartu genuen ibilbidea. Beste une batean ere topatuko dugu berriro ibilgailu bidea, eta kilometro erdi batez horretan ibili beharko gara.

Beste bide batera iristean, metro gutxitan eskuin alderat joko dugu -ez kasurik egin ezker alderat joaten diren seinale horiei- eta beherantz seko sartzen den xenda berehala hartuko dugu -hori ere horiz markatua delarik-. Horrela, oihan polit batean behera laguntzen gaituen bidezidor honek Aldudeko herriaren gainalde hurbilera eramango gaitu, bat-batean ikusmen miresgarria eskainiko digularik.

Hiruzpalau langa igaroarazi ondoren -hetsita baldin badaude, ez ahaztu berriz ixteko- xenda zoragarri hau Xokoa etxe alboan bururatzen da. Eskuin aldera jota, Aldudeko Pilota plazara helduko gara, bost bat orduko ibilaldi gozagarri eta aski erraza amaituta.



Kintoa, historia puskatuaren oihartzun minberatsua

Kintoako nabak laburbiltzen duEuskal Herriaren menpekotasun egoera. Egia bada ere, aurreko garaietan larre hauek izan zirela Baigorri eta Erroko artzainen artean gatazkabide gogor, nola edo hala, konponbideak aurkitzen ziren. Nafarroako Erresuma denboran aginte beraren menpean egon zen Kintoa. Nafarroaren burujabetza indarrez amaitu zutelarik, Kintoa, nolabait, historia puskatu honen oihartzun minberatsua bilakatu zen, Frantzia eta Espainia artean banatuta baitaude haran horretako administrazio kontuak. Kintoari agur egiteko bide gozagarriena Esnazukoa da. Mugan bertan, Baztan bentan geldialdia egitea komeni da, mugako supermerkatu erraldoiei gogor egiten dien leku xume eta xarmagarri bakanetakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.