Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Bastidako ibar basoa

MENDIA. IBILBIDEA. Bastidako ibar basoa.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Bastida, San Vicente de la Sonsierra, Peñako baseliza, Mojon Alto, Bastidako ibar basoa
  • Distantzia: --
  • Ingurunea: Sonsierrako San Vicente hiribilduan abian jarrita, Bastidako ibar basoa eta Ebroren natur ekosistema bertatik bertara ezagutuko ditugu.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2008ko urriaren 10a
00:00
Mahastiak egokitzeko terraza ugari eraikitzea dela, ibai bazterretako agregatu xumeen ateratzea dela, tamalez, ibaien eremu naturala erabat janda agertzen zaigu maiz. Horren ondorioz, gaur egun nekez irudika dezakegu tokian tokiko jatorrizko landaretza. Jakina, sarraskietatik salbu hainbat eta hainbat esparru gelditu dira, zorionez: Bastidako ibar basoa, besteak beste. Hura deskubritzeko asmoarekin, Errioxako Autonomia Erkidegoko San Vicente de la Sonsierra hiribilduan hasiko gara ibilian. Ibaia lagun, Bastidako natur eremura iritsiko gara ia-ia ohartu gabe; desnibela hautemanezina da eta! Dena dela, Bastidatik bertatik ere abia gintezke Bastidaren eta San Vicenteren arteko ibilbide hori zirkularra delako.

Ibar basorantz

San Vicente muino batean dago, Erdi Aroko hiribildu asko eta asko bezalaxe. Errepide bihurgunetsuari jarraituz, hegoaldera egingo dugu herri erditik eta Ebroranzko bidea hartuta, Las Vistillas jatetxea igaro bezain pronto geldituko gara, abiapuntua hantxe dago eta. Ebro ibaiaren gaineko Erdi Aroko jatorria duen zubia hurbil-hurbil ikusi arren, ez dugu hara jo behar. Aipatu dugun bidegurutzean GR 99 Ebro bideko zutoinak eta pintura arrastoak ikusiko ditugu, eta, horiei men eginez, Bastidako ibar basoraino iritsiko gara. Ibaia ezkerraldean dugula hasiko gara ibili-ibilian, astiro-astiro. Terraza moduko batetik gabiltza, eta San Vicenteko ibar baso xumeak begi bistan ditugu. Minutu batzuk igarotakoan, Sonsierra herrialdeko ondare naturala deskubritzen laguntzen diguten PR-LR 52 Ebro bidea eta PR-LR 53 Etxolatxoak eta dolareak zidorrak banantzen diren tokira iritsiko gara. Ezkerreko bidea hobetsiko dugu, eta, betiere nekazaritza bide nagusiari jarraituta, hormatzar baten oinaldetik igaroko gara. Ondoren, Bardallo sakanetik.

Asfalto gainean egingo ditugu ondorengo metroak. Bastidako saltoa deritzan etxetzar baten eremuan sartu gabe, errepide batekin bat egin arte jarraituko dugu. Ezkerrera joko dugu hara iristean, eta Ebro ibaiaren kanalarekin elkartu arte segituko. Bastidako ibar basoaren atarian gaude jada. Basoak ibai bazterrak leuntzen ditu bertan, eta urtaroen arabera ur lasaien bila doazen hegazti asko ikus ditzakegu han eta hemen. Ubidea ezkerraldean, paseo suabea egingo dugu presaraino.

Peña baselizako talaia

Bastida herrirantz bideratuko ditugu gure pausoak orain, eta Ibar-basoko bazterraren bidea gogaide San Vicenterako itzulera hasiko. Ibilbidearen samurtasuna dela eta, Bastidarren artean oso ezaguna da bide hori, eta, horregatik, bisitari ugari ikustea ez da zaila izaten. Pistatik aurrera egingo dugu pitin batean. Asfaltora iristean, GR 99 zidorreko markak utzi eta eskuinera okertuko dugu. Bastidara heldu aurretik atsedenleku bat ikusiko dugu. Hiribilduaren atarian gaude, eta muino historikoaren gaineko bista politak txundituta utziko gaitu. Merezitako deskantsuaren ondotik, ezkerrera joko dugu aurreragoko bidegurutzean. Herrira sartzeko bi errepide ikusiko ditugunez, eskuinekotik jarraituko dugu Vista Alegre izena daraman urbanizazioan gora egiteko xedez. Galtzada kalea amaitutakoan, eskuinera egin eta, altitudea hartuta, bidebanatze batera iritsiko gara. San Romaneko bidea bazter eginda, ezkerretik segituko dugu bide nagusitik aldendu gabe. Mahasti eremu baten eretzetik igaroko gara ondoren, eta, lursaila amaitzean, eskuinetik egingo dugu pista batekin bat egiteko. Ezkerrera joko dugu han, eta San Vicenteko bideari helduko gatzaizkio. Errioxako hiribildura sartu aurretik Peña baseliza barrokoaren hondarrak eta bi hilobi duen haitzulo artifiziala ikusteko parada bikaina izango dugu. Talaia baten gainean baitaude bi-biak eskualdearen gaineko panorama ederraz gozatuko gara. Zinez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.