Bilboko Aste Nagusiaren 35. urteurrenaren harira, Bilboko Konpartsek hainbat ekintza prestatu dituzte. «Konpartsak ez gaude geldi, eta urtez urte berrituz goaz», adierazi du Iñaki Leonardo Konpartsetako kideak. Ohiko umoreaz, mendia eta kaleak «okupatzeko» deia egin dute. Ikusi mendizaleak kantaren doinuarekin eta mendiko arropa jantzita hasi dute prentsaurrekoa.
«Aurkikuntza zoragarri» baten berri eman du Itziar Villafañez Konpartsetako bozeramaileak. «Ez da irudipen zoro bat! Txosnagane mendia daukagu, Biderdi, Ganetxiki edo Larrentxu izenarekin ere ezagutua, Pagasarri eta Ganekogorta artean dagoen mendia da, eta 877 metro garai da», azaldu du Villafañezek. Txosnaganera ibilaldia egiteko deia egin diete bilbotar guztiei, «nahiz eta Bilboko Arenaleko jai esparrutik urrun egonda arriskutsua izan daitekeen». Joan nahi izanez gero, Bilboko Konpartsen web orrian izena eman behar da aurretiaz, pertsona kopurua mugatua izango baita. Ibilaldia maiatzaren 25ean izango da, 08:30ean. «Itzultzeko eguna, egoera klimatologikoaren eta indar fisikoaren araberakoa izango da...», esan dute brometan.
Kaleak kantuz betez
Kaleari dagokionez, kaleak kantuz betetzeko deia egin dute. Hau ez da berria konpartsentzat, izan ere, hilero, Bilbo kantari izeneko kantu saioa antolatzen dute. Oraingoan, ordea, pixka bat harago joanda, Euskal Herria Bilbon kantari antolatu dute. «Bilboko plana txiki geratu zaigulako, badakizue bilbotarrak beti bilbotar!», kontatu dute barre artean. Ekainaren 8an, Euskal Herriko kantuzale guztiei dei egin diete Bilbora hurreratu daitezen. Eguerdiko hamabietan ekingo diote kantu egunari, Arriaga plazatik txupinarekin batera. 14:30ean, Club Deportivon «kantu bazkari erraldoia» egongo da. Tokia erreserbatzeko hamabost euro ordaindu beharra dago, webgunean sortu duten kontu korrontean. Arratsaldeko seietan, Zazpikaleetatik egingo dute kantu bira, eguna bukatzeko.
Mendia eta kalea betetzeko deia egin dute Bilboko Konpartsek
Txosnagane mendira ibilaldia eta Euskal Herri osoko kantu eguna antolatu dute maiatz eta ekainerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu