Idazlea

Karlos Aretxabaleta: «Mendi literatura eta narrazioa batu ditut liburu berean»

'Izarrak eta haitzak' liburua argitaratu du Aretxabaletak. Euskal Herriko hogei alpinista eta mendizaleren pasarteak bildu ditu idazleak, mendi literatura eta narrazioa uztartuz.

Karlos Aretxabaleta, bere azken liburua eskuan duela, Diman (Bizkaia) ARITZ LOIOLA / FOKU
Karlos Aretxabaleta, bere azken liburua eskuan duela, Diman (Bizkaia) ARITZ LOIOLA / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko apirilaren 30a
05:00
Entzun

Euskaldunen eta mendiaren artean harreman estua egon izan da betidanik, baita gaur egun ere. Martin Zabaleta izan zen Everestera igo zen lehen euskal herritarra, eta haren atzetik beste dozenaka euskal herritar igo dira munduko gailurrik altuenera, haien artean Edurne Pasaban, Alberto Iñurrategi eta Juanra Madariaga, adibidez. Hiru alpinista horien eta beste hainbat mendizaleren pasarteak bildu ditu Karlos Aretxabaletak (Kigali, Ruanda, 1990) bere liburu berrian: Izarrak eta haitzak.

Ez da zure lehen liburua.

Ez. Literaturaren hainbat adar landu izan ditut. Poesian ibilitakoa naiz, eta kontakizun erotikoak eginikoa ere bai. Azken horiek egitean, denbora gutxian arrakasta lortu nuen Sex-sua eta Adiorik ez liburuekin.

Sexutik mendira egin duzu salto. Zergatik?

Izarrak eta haitzak liburuak nire bizitzako ziklo baten amaiera irudikatzen du, nire ustez. Sexuaren inguruko liburuek ez ninduten asetzen idazle moduan, eta ziklo hori halako beste liburu batekin amaitu nahi izan nuen. Proiektu hori ez zen aurrera atera, eta hortxe gelditu zen. Proiektu horrekin ari nintzen bitartean, aldi berean, neure buruari hainbat galdera egin nizkion, haien artean ea zer nahi nuen idatzi.

Eta erantzuna argia izan zen, ezta?

Bai. Momentu zailak bizi izaten ari nintzen, eta une horretan niretzat mendia eta eskalada izan ziren euskarririk eta motibaziorik handienak. Horregatik, erabaki nuen nire motibazio horri buruz idatzi nahi nuela, mendi literaturari heldu nahi niola.

Nola hasi zinen mundu berri horretan?

Bada, abiapuntua nire lagun batek emandako liburu bat izan zen, Sos Himalaia elkartearen Relatos solidarios liburua. Lan horretan hainbat istorio kontatzen ziren, gehienbat Iñaki Otxoa alpinistarekin harremana zuten mendizaleek kontatuak, baina betiere lehenengo pertsonan. Egun batean erabaki nuen aukera polita izango zela Euskal Herriko mendizaleekin batera horrelako libururen bat egitea, baina ni natorren munduarekin elkartuta. Azkenean, mendi literatura eta narrazioa batu ditut liburu berean.

Ongi uztartzen dira bi kontzeptuak, ala uraren eta olioaren moduko zerbait gertatzen da?

Nik hibrido baten moduan deskribatzen dut. Narratiba kontzeptua nabarmena da liburuan, baina, era berean, beti esan izan dut ni ez natorrela hona ezer asmatzera. Ez zen erraza izan editoreen aurrean proiektua aurkeztea, baina hasieratik argi eman nien premisa bat: ni ez nator inoren lorpenak azpimarratzera, ez nator inor goraipatzera, jendearen istorioak kontatzera soilik.

Hogei protagonista bildu dituzu, bakoitza bere pasartearekin. Liburua errepikakorra izatearen beldur zinen?

Hor dago koska, ez da erraza. Baina kontakizun txikiak idazteko hainbat teknika erabili ditut. Batzuk lehen pertsonan daude, beste batzuk bigarrenean edo hirugarrenean. Elkarrizketa moduan ere aurkitu daitezke batzuk, eta gutun formatuak ere badaude. Horregatik nabarmendu dut narratibak liburu honetan duen garrantzia.

Norentzako liburua da?

Nire helburu nagusia da nire ikasle diren batxilergoko ikasleak harrapatzea, haiek mendi literaturan sartzea. Gazteek eleberriak edo fantasiazko liburuak irakurtzen dituzte gehienbat, baina zergatik ez dute irakurriko mendi literatura? Hala ere, badakit anbizio handiko proiektua dela.

Irakurtzen dute gazteek gaur egun?

Ez dut uste gazteen kontra egin behar denik, nire garaian guk ere ez genuelako askorik irakurtzen. Nik 16 urterekin mendi aldizkariak edo egunkariak irakurtzen nituen, eta gaur egun gazteek irakasleak behartutakoa irakurtzen dute.

Eta mendira joaten dira?

Geroz eta gehiago. Pandemiak ateak zabaldu zizkigun. Lehen, adibidez, bizpahiru rokodromo genituen Euskal Herrian, eta orain geroz eta gehiago irekitzen ari dira.

Futbolean aritzen den edozein gaztek badaki zein diren Ronaldinho eta Pele, baina rokodromora edo mendira joaten den orok ba al daki zein diren Edurne Pasaban eta Alex Txikon?

Lehen, rokodromo gutxi genituen, eta gehienak nahiko txikiak ziren. Horregatik, nahiko erraza zen mendian eta eskaladan ibiltzen ziren pertsonak aurrez aurre ezagutzea. Lehiaketa guztien berri genuen, eta askotara joaten ginen. Orain, denborak aldatu egin dira, eta ez dakit interes falta den edo jendeak helburu desberdinak dituen. Orain jende asko irudia zaintzera joaten da rokodromora, entrenatzera soilik. Horren harira, uste dut eskaladako balioei buelta bat eman beharko geniekeela.

Nola daramazu gustukoa duzun zerbaiti buruz idaztea?

Plazer handiarekin idazten dut orain. Kontakizun erotikoekin ondo moldatzen nintzen, baina ez zidan sortzen aparteko plazerik. Literaturak eman didan opari bat da mendiari buruz idaztea, eta lagunez inguratuta eta maite duzun pertsonekin egotea.

LOTSABAKO

Mendi bat? Anboto [Bizkaia].Liburu bat?Estrellas y borrascas.Eskalatzen eroso sentitzen zaren gradua? Estutu.Erreferente bat? Nire alaba nagusia.

Euskal Herriko txoko bat? Goizueta [Nafarroa].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.