Mendeurren pasa ospatzeko

'100 urte, bakarrik ezin da!' dinamika agurtuko dute gaur Gasteizko bost proiektu autogestionatuk. Egun osoko egitarau zabala antolatu dute horretarako.

Ordu txikiak arte luzatu nahi dute gaua Errekaleorren. ERREKALEOR BIZIRIK!.
unai etxenausia
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hala Bedi irrati librea izan zen lehena, 1983an: zentsura, errepresio ororen gainetik hasi ziren lanean. Bost urte geroago okupatu zuten Gasteizko gaztetxea, 1988an. Urte askoren ondoren sortu zen Auzolana pilotalekua, 2008an; Alde Zaharreko behar eta nahietara egokitu da eta Gasteizko pilotaren harrobi izan da ordutik. 2013an, Errekaleor auzo librearen proiektua hasi zen. Eta, azkenik, Sumendi da Judimendi auzoa astindu duen azken proiektua.

40 urte dauzka Hala Bedi irratiak, 35 Gasteizko gaztetxeak, hamabost Auzolana pilotalekuak, hamar Errekaleorrek eta zazpi bete berri ditu Sumendik. Kalkuluek ez dute huts egiten: 107 urte guztira. Ez da urtebetetze biribila, baina mendeurrena gainditu dutela ospatu nahi izan dute eragileek. Horregatik, hainbat jarduera egin dituzte martxotik hona, 100 urte, bakarrik ezin da! dinamikaren barruan. Gaur bukatuko dute, Alde Zaharrean eta Errekaleorren egingo duten egun osoko festa batekin.

Urteotan bost eragileak elkartu dituten asanblada mugimenduari, autogestioari eta okupazioari indarra ematea izan dute xede Gasteizen. «100 urte baino gehiago eraikitzen daramagun Gasteiz berriro aldarrikatu eta defendatuko dugu. Poliziarik, politikaririk eta apaizik gabeko Gasteiz libre eta tropikala eraikitzen jarraitu nahi dugu», nabarmendu dute dinamikan parte hartzen duten eragileek.

Saretzen

Gixane Moragues Saitua Hala Bediko kideak, eragileen arteko elkartasuna edota 100 urte, bakarrik ezin da! bezalako dinamikek duten garrantzia nabarmendu du, «urteetako elkarlana» baitago atzean: «Piztu Gasteiz ospatu genuen duela hamar urte Hala Bediko eta gaztetxeko kideok. Duela bost urte batu ziren beste eragileak, filosofia berbera partekatzen baitugu guztiok: autogestioan, asanbladan eta okupazioa».

Ez da kasualitatea izan Gasteizko herri mugimenduak aurten kaleetan izan duen bizitasuna eta presentzia. Udal eta foru hauteskundeek eragina izan dute, Moraguesek azaldu duenez. Izan ere, gehiago izan dira gaztetxea edo Errekaleor auzoa husteko jaso dituzten mehatxuak.

Horregatik, oso aktiboki antolatu behar izan dira «haiek defendatzeko». «Garrantzitsua izan da elkarrekin aurre egiteko prest geundela erakustea, eta dinamika horretarako baliatzea», azaldu Moraguesek. Baina dinamikaren helburua ez da soilik indar erakustaldi bat egitea izan: «Barneko saretzean sakondu nahi izan dugu, eta elkarren arteko harremanak sendotzeko balio izan digu dinamikak».

Dinamika agurtzeko festa

Azken festa antolatu dute gaur martxoan martxan jarri zuten mugimendua amaitzeko. Egitarau zabala antolatu dute horretarako. Gasteizko Alde Zaharreko Kai plazan hasiko dute eguna artisauen azokarekin. Zuretzako Mezua jamaikar kulturaren aldeko kolektiboa egongo da plazan. Aldi berean, umeentzako gune bat prestatu dute gaztetxe pareko Rafa plazan. Kimuak aisialdi taldeak antolatu du jarduera, eta Judimendiko Zumba herrikoia eta Txan magoaren ikuskizunak egongo dira, besteak beste.

Ondoren hasiko da manifestazioa, 13:00etan. Kalejirak lagunduta aterako da gaztetxetik, Gora Okupazioa, Asanblada eta Autogestioa lelopean. Errekaleorren amaituko dute manifestazioa, eta Sukalde Gerrillako lagunek kozinatutako bazkaria jango dute.

Jaia ez da auzotik mugituko, Errekaleorren egingo baitira arratsaldeko zein gaueko gainerako ekintza guztiak. Artista zerrenda luzea pasatuko da auzoan muntatu duten oholtzatik: Willis Drummond, Miren Narbaiza, Aitor Garcia de Vicuña, Albina Stardust, Nakar musika taldea, DJ Eromena, Bidelapurrak, Lekittoko Deabruak, Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal, Belen Nevado, Judimendiko Joaldunak, Edurne Azkarate, Ginger taldea... Amaiera ordua zehaztu ez duten arren, festa goizeko ordu txikak arte luzatuko dela aurreratu dute.

Eragileek urte osoan egiten duten «lan nekaezina» goraipatu du. Hala ere, aldarrikapen eguna izateaz gain, ospakizun eguna ere bada eragileentzat. Egun arrakastatsua izatea espero du: «Jendeak gurekin bat egitea gustatuko litzaiguke eragileoi, datorrena gurekin saretzea. Egunaz gozatu dezala espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.