«Ez dakigu zehazki zer egunetan zabaldu zen gozotegia. Orduko argazkirik ere ez daukagu». Moira Ezeizak (Tolosa, Gipuzkoa, 1988) xehetasun horren bidez adierazi nahi duena da etxekoek «lana, lana eta lana» besterik ez dutela egin. Eceiza gozotegiko jabea da egun, laugarren belaunaldiaren ordezkari, anaiarekin batera: «Xabier obradorean egoten da, eta ni, dendan; tira, behar den lekuan». Rondilla kaleko 34. zenbakiko saltoki mitikotik ari da hizketan: «Balkoitxoa deitzen diogu kafetegiko gune honi, hemendik dena ikusten baita. Txikitan hemen egoten nintzen, behera begira. Pilarrek, gure amak, bezeroak nola hartzen zituen ikusten egoten nintzen. Luis, aita, gazte nintzela hil zen».
Nicolas Ezeiza birraitona gozotegiaren gainean bizi zen, lehenengo pisuan, eta hark sortu zuen aurten mendeurrena bete duen gozotegia. Luis semeak hartu zuen lekukoa, egungo jabearen aitonak: «Birraitona ezagutu nuen, baina ordurako eserita egoten zen beti. Aitona, berriz, nire erreferentea da. Obradorean 22-23 urterekin hasi nintzen, eta bere saltsan zebilen. Ordurako jubilatuta zegoen, baina egunero-egunero joaten zen gauza berriak probatzera. Asko hitz egin didate hari buruz. Lehena zela etortzen eta azkena joaten, oso exijentea zela, baina eman ere asko ematen zuela. Niri errieta ere egiten zidan, baina oso presente daukat. Osaba Patxi ere bai».
Tolosako ikur diren teilak eta zigarrotxoak bertan asmatu zituzten: «Casa Julian jatetxeko jabea aitonaren oso laguna zen, eta postre arin bat eskatu zion. Aitonak Bartzelonan ikusi zuen errezeta batetik abiatuta sortu zituen teilak eta zigarrotxoak; bete-betean asmatu zuen. Ospe handia daukate». Irribarre batekin dio etxe guztietan dagoela kutxa metalikoa botoiz edo hariz beteta.
Bertakoaren aldarrikapena
Bertakoaren aldarrikapena egin du Moirak. «Esnea Usurbilgo [Gipuzkoa] baserri batekoa da, eta ura, Insalus. Bertakoa zaintzea oso garrantzitsua da. Etxeko espiritua hori da; bertakoa zaintzea, eta gertutasuna». Eceiza etxeko sekretua agerian utzi du: kalitatezko osagaiak erabiltzea, errezeta tradizionalak mantentzea, eta gozoak eskuz eta mimoz egitea.
Mostradorean askotarikoa da aukera: konteak, mozkorrak, merengeak, milorriak, maskotak eta kanutilloak, baina etxearen marka, «dudarik gabe», bonbak dira, chantillyzkoak edo kremazkoak. «Eguberrietan eta inauterietan ikaragarri saltzen dira». Garaian garaiko postreak ere egiten dituzte. Orain buñueloen eta santu hezurren garaia da. Jatorrizkoak gorringoz beteta egoten badira ere, gaur egun beste hiru zaporetakoak ere egiten dituzte: gurinarenak, trufarenak eta pralinearenak.
Eceizan behar bezala ospatu dute mendeurrena. Sare sozialen bidez ehun bonba zozkatu zituzten, eta eguneroko bezeroen artean, berriz, tartak, gosariak eta askariak. Festa txiki bat ere egin zuten, dendara joan zen orori txokolatea eta bonbak banatuz, eta langileekin eta langile ohiekin bazkari bat ere egin dute. «Denak oso kontentu eta eskertuta daude».
Bosgarren belaunaldia ere badator. Moirak bi seme-alaba ditu, eta zaharrena ama bezalakoa atera dela dio; «Aner oso gozozalea da. Udaran, obradorean, opil bat asmatu zuen, txokolatearekin, eta dendan salgai jarri behar genuela esan zidan, asko salduko genuela».