ATZEKOZ AURRERA. Juan Carlos Melero. Psikologoa

«Mendeku grina egon da pandemian»

Melerok uste du pandemian «esajeratu» egin dela kaleko edanaren fenomenoa. Osasuna eta, batik bat, bizikidetza izaten dira kontrako arrazoiak, nagusiki. Hezkuntza iruditzen zaio hura kudeatzeko bidea.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Pandemia garaian sortua ez den arren, hilabeteotan luze eta zabal hitz egin da kaleko edanaz. Osasun neurriak urratzearekin lotu da askotan, eta horrek «ikusgarriago» bilakatu du, Juan Carlos Melero psikologoaren irudiko, nahiz eta ez den ugaritu. Fenomenoarekin lotutako uste zaharrak eta berriak aletu zituen atzo Melerok (Bilbo, 1959) Bilboko Hika Ateneoan.

Kaleko edana sintoma bat dela diozu. Zerrena?

Hainbat gauzarena. Besteak beste, helduek gazteei arretarik ez eskaintzearen sintoma da. Gazteak etxeetan konfinatu dituzten neurri erradikalak hartu dira pandemian, alternatibarik eskaini gabe; helduak ere konfinatu dituzte, baina guk testuinguru jakin batzuetara egokitzeko ahalmen handiagoa dugu. Eztanda bat egon da hertsadura bat-bateko eta, batzuetan, irrazional horren aurrean, eta kaleko edana agertu da hiri eta herri askotan.

Eta pandemia baino lehen?

Fenomenoak erakusten du ez dugula asmatu sortzen gazteentzako erakargarriak diren aisialdi moduak; besteak beste, ez diegulako galdetzen nola nahi duten pasatu denbora. 13-15 urte betetzean, bat-batean, lehen entretenitzen zituen horrek jada ez die balio.

Pandemiak nola aldatu dio gizarteari kaleko edanaz zuen irudia?

Pandemiaren garaian, jazarpen grina egon da, hein batean. Kaleko edana ez da ugaritu, baina ikusgarriagoa izan da etxean sartuta geundelako, eta, bat-batean, komunikabideetan agertzen hasi zelako. Ematen zuen inbidia kontu bat zela: guk ezin badugu, ez dezala inork egin. Mendeku grina egon da pandemiaren neurri deserosoenak bete ez dituzten gazteekiko. Esajeratu egin da: kaleko edana ez da gehiengo praktika, ez lehen, ezta orain ere; asko ageri da, eta ez dirudi jaitsiko denik, baina gazte askok ez dute jarduten kaleko edanean, edo oso noizean behin jarduten dute.

Zergatik esajeratzen da?

Batzuetan, helduek beren fantasiak proiektatzen dituzte gazteek egiten dituzten gauzetan, eta desitxuratu egiten dituzte. Lokalekin ere berdin: uste zuten haietan edan, drogak hartu eta sexua eduki besterik ez zutela egiten. Eta horretan aritzen dira, baina baita beste gauza batzuetan ere: futbolinarekin eta bideo jokoetara jolastu, hitz egin...

Eta zergatik arbuio hori?

Osasunaren inguruko kezka dago. Eta, aitzakia horren atzean, benetako arrazoia ezkutatzen da: kaleko edanak molestatu egiten du. Ulergarria da: 80 bat lagun batzen badira etxebizitzetatik gertu, hiruzpalau edo sei orduz ozen hitz egiten... Helduek bezala, gazteek ere ikasi behar dute esparru publikoa esparru partekatua dela, eta askotariko interesek egiten dutela bat. Oinarrizko bizikidetza irizpide batzuk errespetatzeak asko leunduko luke kaleko edanaren eragina, seguruenik.

Osasunaren eta bizikidetzaren ikuspegitik, kaleko edanaren eragina oso bestelakoa da tabernetan edatearekin alderatuta?

Ordutegia ezberdina da. Hemen, tabernen irekiera eta itxiera orduak arautuak daude: are, esaten dute turismoarentzat ez dela egokiena, baina osasun publikoaren ikuspegitik, bai, dudarik gabe. Tabernaz taberna joatea ez da kaleko edana baino osasuntsuagoa, berez. Bizikidetzari dagokionez, Bilbo bezalako toki batean, poteoan ibiltzekogune tradizionaletako bizilagunek nahiago lukete seguru asko jende hori dena beste leku batera joango balitz kaleko edanean aritzera.

Orduan, zein da ezberdintasuna?

Funtsean, adina. Hein batean, gazteek edaten dute kalean, gaitasun ekonomiko ez oso handikoek. Edari merkeak erosten dituzte merkatuetan, ezinezkoa zaielako taberna batean konbinatu bat hartzea. Esan daiteke kaleko edana modu bat dela esateko beraien aisialdian edatea ere gustatzen zaiela, baina gaueko merkatuko prezioak bideraezinak direla. Alde horretatik, ostalaritzako sektoreari ere ez dio grazia handirik egiten gazteek beste nonbaiten edan dezaten.

Kaleko edanaz helarazten den irudi horrek zaildu egiten du haren kudeaketa?

Kaleko edana desagerrarazi behar delako irudia badugu, baliteke kudeaketa bakartzat izatea gaztei eta nerabeei Polizia jazartzea. Baina engainagarria da Poliziaren gain uztea mota horretako egoerak. Hoditeriaren bukaerako politika deitzen diote soziologo batzuek: egoeraz arduratzea behin arazo bilakatu denean, hoditik ur zikina ateratzen denean; baina ur horrek jatorri bat dauka. Uste dut hezkuntza garrantzitsuagoa dela errepresioa baino.

Nola hezi?

Egoera utz dezakegu zoriaren eta askotariko eragin sozialen esku; edo ikastetxeetan, eta ez horietan bakarrik, hezi ahal dugu osasunean, enpatian, hiritartasunean eta bizikidetzan. Eta ahalegindu gaitezke lan egiten gazte taldeekin, izan dezaten eragin positibo bat beste gazte eta nerabe batzuengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.