HBOren sarrerako kredituak amaitu eta berehala piztu da nostalgiaren sugarra: Stark familiaren Goodbye Brother kantuko doinu sentituak, Jon Snowrena dirudien off-eko ahots bat eta harresi izoztuaren irudi ikonikoak.
Hegoaldean, dolu betean, Rhaenyra Targaryen erregina ahaleginak eta bi egiten ari da bere semearen heriotzak eragindako mina mendeku bilakatzeko. Dragoiak hegan, dozenaka paisaia miresgarri eta lengoaia bisual dramatikoago bat, ikustaldiaren mesedetan.
Elkarrizketa gehiegi izan zituen House of the Dragon telesailaren estreinako denboraldiak, eta hori da bigarren atal sorta honen hobekuntzetako bat, kontakizuna hitzik gabeko pasarte kontenplatiboen bidez aberastu izana.
Ramin Djawadiren soinu banda epikoaren erritmora, Alan Taylor zinemagile laudatuak zuzendu du itzulerako atala. Ned Starken buru mozketa seinalatua filmatu zuen berak, The Sopranos eta Mad Men klasiko garaikideetako hainbat atal saritu ere bai, eta, oraingoan ere, bere arrasto pertsonala utzi du azken hamar minutuetako estolden eszena gogoangarrian, Carol Reeden 1949ko The Third Man filmari erreferentzia eta guzti.
Dragoien etxeak hainbat inertzia ere jaso ditu herentzian. Oraindik ez du lortu Game of Thrones-en kateetatik erabat askatzea eta nortasun formal propio bat eratzea, denak dirudi estandarra, zale sutsuak asebetetzeko kanonetan kokatua, eta apenas dagoen tarterik berrikuntza artistikorako. Erreplika minorraren etiketa betikotzea da House of The Dragon-ek parez pare duen arrisku nagusia, eta bigarren denboraldi hau erabakigarri izango da telesailaren patuan.
Aktore taldearen karisma faltak ere ez du sobera laguntzen. Ryan Condalen aginduetara ari diren izar protagonistak urrun daude David Benioff eta D.B. Weissen gidaritzapean loratu ziren Emilia Clarke, Maisie Williams edota Nicolaj Coster-Waldaurengandik.
Gaztelugatxen (Bermeo, Bizkaia) edo Caceresen (Espainia), Targaryen familiaren atzera-bueltarik gabeko zatiketak du mami dramatiko gehien. Sagaren zaleen artean jakina denez, barne liskarrek zapuztu zuten dragoien sendia, beste inork menderatu ezin izan zuen erregimen boteretsua, eta Game of Thrones-en sarritan gogora ekarri izan den Errege Eroaren itzalak ere elikatu du geroz eta greziar tragedia kutsu handiagoa duen istorio makur hau.
Elezahar, azpijoko eta traizio gogoangarri guztien ertzak jaio dira George R. R. Martin nobelagile estimatuaren irudimenetik, eta azken urteotan are gehiago bideratu dira ikus-entzunezkoen industriara. 75 urteko idazleak Game of Thrones-eko hainbat ataletako gidoiak idatzi zituen, eta gainbegiratze lanak egin ditu House of the Dragon-en. Hori gutxi ez eta, ardura nagusia, sortzaile postua hartu du bere gain filmaketa lanak hasi berri dituen A Knight of the Seven Kingdoms telesailean. 2025eko udazkenean helduko da Max plataformara Aegon V Targaryen gaztea ardatz izango duen prekuela berri bat.
A Song of Ice and Fire literatur sagaren zale askorentzat atsekabeko albistea da; izan ere, hamahiru urte daramatzate zain, Martinek behin eta berriz atzeratu duen The Winds of Winter eleberria noiz amaitu eta argitaratuko.
FITXA
- Sortzailea. Ryan Condal.
- Aktoreak. Emma D’Arcy, Matt Smith, Rhys Ifans, Olivia Cooke eta Eve Best.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Max.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Drama eta fantasiazkoa.