ATZEKOZ AURRERA

Mende laurden 25 orduan

Bizkaia Irratiak 25 urte bete ditu. Hori ospatzeko, 25 orduko irratsaioa osatu dute. Atzo abiatu zuten, eta gaur eguerdian bukatuko dute. Hastapenak gogoratuz ekin diote saioari.

Mahaian, ezkerretik hasita: Agirre, Astelarra, Zarandona eta Muniategi. Kontrolean, Onaindia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Egunero, sarri gertatzen den bezala, argi gorria piztu da Bizkaia Irratiko estudioan. Javi Onaindia zuzendaria dago mikrofonoaren eta kontrol mahaiaren aurrean, sintonia noiz bukatuko zain. Doinu berezia, irratsaio berezi batentzat. Orduz orduko albistegia bukatu berri da: «Goizeko hamaikak eta sei minutu dira. Egun on, guzti-guztioi, eta ondo etorri Bizkaia Irratira. 25 urte zeuekin dagoeneko, ezta? Ospakizun giroan ibiliko gara. Oraintxe hasi eta hurrengo 25 orduetan ez da makala izango eskainiko dizueguna. Lehenengo eta behin, eskerrik asko entzule guztioi hortxe egoteagatik hainbeste urtetan. Eskerrik asko, geugan sinesten duzuen bezero guztioi ere». Irratiaren mende laurdena ospatzeko, 25 ordu iraungo duen irratsaioa prestatu dute, atzoko 11:00etatik gaurko 12:00etara.

Rosi Guarrotxena du harekin, esatari. Kristalaren beste aldean,Libe Agirre, Mikel Astelarra, Itziar Zarandona eta Asier Muniategi daude, berba egiten hasteko zain. Duela 25 urteko esatariak dira laurak; Agirrek eta Astelarrak oraindik jarraitzen dute. Baina, hasteko, lehen zuzendaria entzungo dute, telefonoz. «Irratia osasuntsu jaio zen. Indartsu hasi zen martxan», gogoratu du Juan Mari Iraolagoitiak. Ez ziren hutsetik hasi. Bilboko Herri Irratiak FMn euskarazko irratsaioak abiatu zituenetik, aparteko irrati bihurtu, eta Bizkaia Irratia jaio zen arteko historia laburbildu du. Bien arteko aldea ere azpimarratu du: «Euskaraz, ordubeteko irratsaioa izan genuen hasieran. Gero zabalduz joan zen. Eta, Bizkaia Irratiaren sorrerarekin, egun osoan euskaraz emititzen hasi ginen». Urteotan hil zaizkien lau lankide ere gomutatu ditu: Julian Olazabalaga, Agustin Zubikarai, Kepa Uriarte eta Zaloa Jaka.

Agirrek ez du lehen eguna gogoratzen, baina bai tristura eragin ziola lekuak. Bizkaia Irratia Fontecha y Salazar kalean dago. «Bilboko erdigunetik hona etorri ginen. Auzoa basamortua zen. Ez zegoen ezer. Bestelakoan, oso ondo. Ilusioz hasi ginen». Estudio berriak inauguratu zituzten, garai hartako teknologia modernoenarekin. Baina, egungoarekin konparatuz, bazegoen alderik: Honela kontatu du Muniategik estudiotik kanpoko pasarteetako bat: «Zuzenean sartzeko maletatxo bat eroaten genuen. Zortzi bat kilo pisatuko zituen. Gogoan dut zelan behin Castrora joan behar izan nuen harekin, estropadetara». Agirrek, berriz, pilotaleku batetik partida baten emaitzaren berri emateko egin behar izan zituenak ekarri ditu gogora: «Erruletarekin markatzen zen telefono horietako bat zen. Ia kantxa erdian ipini behar izan nuen, kable luze-luzearekin. Eskerrak ez nuen partida osoaren kontakizuna egin behar izan».

Nabarmendu dute Bizkaia Irratiak entzuleekin hartu-eman estua izan duela hasieratik. Entzuleak ezagutzera joan izan dira, euren etxeetara. Kontrara ere bai: sarri jasotzen dituzte bisitak. «Inoiz ez dira esku-hutsik etortzen», Agirrek nabarmendu duenez. Zarandonak eta Astelarrak zorion agurren saioa egiten zuten Herri Irratian, eta Bizkaia Irratian harekin jarraitu zuten. Muniategik, berriz, Gabon gabon izeneko tarte bat zuen. Gogoratu dute hasieran kosta egiten zitzaiela entzuleek irratsaioetan parte hartzea. Muniategik erronka bota zien: «Inork deitu ezean, urteetan neukan bibotea moztuko nuela esan nuen. Lehen gauean,150 dei izan genituen».

Kostaldetik barnealdera

Zarandonak ere erabili izan du trikimailurik. Bera eta Astelarra zelakoak irudikatzen zituzten galdetu zien behin, dei zezaten. «Mikel [Astelarra] potoloa eta burusoila zela esan zuen. Behin, lekeitiar batzuk etorri ziren bisitan, eta ezagutu egin gura zuten. Ikusi zutenean, denek esan zuten: guapoa da eta!». Astelarrak kostaldeko entzuleak nabarmendu ditu. Lekeitio, Ondarroa eta Bermeo aldekoak izan ziren deitzeko lotsa galdu zuten lehenak. Ondoren jarraitu zieten gainontzeko eskualdeetakoek. «Mungialdetik eta Arratiatik dei asko izaten genituen», zehaztu du.

Koldo Isusik ere parte hartu du telefonoz. Lankideen artean izan duten etxeko giroa nabarmendu du. «Zuek 25 egun beharko zenituzkete, baina ordubete izan dugu, eta bukatu egin behar dugu», egin die oharra Onaindiak. Eta 12:00etako seinaleek jo dute. Miren Ezkurra sartu da, berriz, azken berriak kontatzera.

Eta, 25 urte hauetan bezala, isildu ere egin barik osatu gura izan dute 25 orduko saioa. Hurrengo orduetan mende laurden honetan musikak, kulturak eta kirolak utzitakoari begiratua eman diote. Elizbarrutiko kultur erakundeek Eliz Museoan banatu dituzten Karmelo Etxenagusia aipamenen berri ere eman dute. Goizaldean, kontzertu akustikoak izan dituzte, zuzenean: Roberto eta Kepa trikitilariak, Kupela, Sei urte, Gontzal Mendibil, Rafa Rueda, Seiren, Bost enbor eta Kherau, besteak beste. Gaueko beharginekin egin dute berba. Baita atzerrian bizi diren bizkaitarrekin ere.

Amaitzeko, gosari bereziaegingo dute gaur, Hesperia hotelean: irratiko audio grabazioen digitalizazioa zertan datzan azalduko dute. Bizkaiko soinuek isildu barik jarrai dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.