Xaia ostatuak ehun urte daramatza xai izaten. Hitzaren adiera batean, ardandegia. Hitzaren beste adiera batean, sotoa, biltegia. Biltegia, baina ez gauzena, pertsonena baizik. Urruñako (Lapurdi) Pausu auzoko Xaia ostatuak adiera propio bat beharko balu, biltoki, topagune edota elkargune izango bailitzateke. Euskal kulturaren zaleen biltoki, batez ere.
Hala erakutsi zuen atzo arratsaldean ere. Jaia zen Xaian. Ostatuak ehun urte beteko ditu aurten, eta atzo egin zuten urteurrena ospatzeko bigarren saioa. 50 lagun baino gehiago elkartu ziren, tximiniako suaren epelean, aldibereko itzulpen eta guzti.Adar, txalaparta eta irrintzi doinuekin hasi zuten ekitaldia. Gero, Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsotan aritu ziren. Hala egin zuten, leku berean, duela ia hogei urte ere, ostatuaren ibilbide berria abiatzeko antolatu zuten jaialdian. Colinak eskatu zion Xaiari segitzeko izaten «bazterretako ardi beltzen aterpea». Arzallusek gogoan hartu zituen Xaian izandako «iraultzak eta konspirazioak», eta eskertu zuen Xaiako harriek eta zurek belarririk ez izatea.
Joseba Aurkenerena idazleak Pausuren eta eta Xaiaren historia uztartu zituen atzoko saioan. Idazleak uste du Xaia Pausuko bi edo hiru etxe zaharrenetako bat dela. Hainbat jardueratarako erabili izan dute eraikina: 1872an, kontserbak biltzen zituzten bertan; zaldi-postako mezulariak eta zaldiak aterpetu zituen; XX. mendearen hasieran, antxoak eta sardinak saltzen zituzten... Nonahi pilatutako kontserba kaxetatik datorkio izena Xaiari, biltokia izatetik, Aurkenerenaren iritziz.
1920an zabaldu zuten ostatua, Maddi eta Pantxoa Hiribarren anai-arrebek. Sei upel handi zeuzkaten, eta Aljeriako ardoa saltzen zuten.
Xaia ez da ostatu hutsa, ez itxuran, ez eguneroko jardunean. 2000. urtean, orduko jabeak ostatua utzi zuenean, hutsunea betetzeko, beste hainbat herritan egin zuten moduan, abertzale batzuek dirua jarri zuten, ostatua haien gain hartzeko.
Kooperatiba eta Bakalau
2002an, kooperatiba bat antolatu zuten ostatuaren eguneroko martxa eramateko. Geroago, herriko Bakalau elkarteak bere gain hartu zuen Xaian kultur ekitaldiak antolatzeko ardura: kontzertuak, kantu afariak, bertso saioak... «Gure ekintza guztiak euskal kulturaren aldekoak dira», nabarmendu zuen Xerar Urrutiak, Bakalau elkarteko presidenteak.
Denborak eta garaian garaiko pertsonek arrastoa utzi dute Xaian. Ostatuak harro erakusten ditu bere historia zatiak: garai bateko pattar botilak, hautsak eta lizunak estaliak; haritz pieza bakarraz egindako barra; barraren azpian, elkarren segidan jarritako upel zatiak, txotxerako zulo eta guzti; garai bateko ostatuko kartel zaharra: Vins en gros & Detail, J. Hiribarren, Behobie, Basses Pyrenees; duela mende erdi ostatuko komun bihurtutako armagnac upela —Xaiaren bereizgarrietako bat—; parrila bihurtutako tximinia; banderak...
Begi bistan ikus daitezkeenek baino gehiago, ordea, erabiltzaileek eta kokapenak bihurtu dute Xaia berezi. Mugako lekua izateak, paseko lekua izateak, era guztietako jendea elkartzen zuen Xaian. Kontrabandistak eta guardiak, mahai berean, musean tratuak egiten, esaterako.
Jende ezberdinaren bilgune izaten jarraitzen du egun, Beñat Elizondo tabernariaren esanetan. «Izan ere, Euskal Herriko iparraldean gaude, baina baita Hegoaldeko iparraldean ere», azaldu du, ironiaz.
Elkarteen biltoki, sindikatuena, errefuxiatuena eta senideena... Izan ere, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan dagoenez, urteetan Xaian elkartu izan dira muga zeharkatu ezin zuten errefuxiatuak eta haien senideak eta lagunak. Gaur egun ere bai.
Urte osoan egiten dituzte kultur ekitaldiak Xaian. Arrakastatsuenetako bat, euskal kantuen ikastaroa. Ehun lagun inguru elkartzen dira urritik ekainera, hamabost egunetik behin, euskal kantuak abesteko. Tartean baita euskara ulertzen ez dutenak ere.
Laboaren txoperak
Mikel Laboa bera joan ohi zen Xaiara, «txopera bat» —litro hamarren bat ardo— edatera. Elizondok gogoan du Laboak txaloa jotzen zuela, eta, txaloaren soinua agortzen zenean, Xaiaren akustika goratzen zuela.
Xaia zaldi-posta zerbitzu izan zen duela hainbat urte. Gaur egun ere, ofizialki ez bada ere, posta zerbitzu izaten jarraitzen du, Elizondoren esanetan: «Jendeak mandatu asko uzten ditu».
Behobia-Donostia lasterketaren aurretik katalanen topagune izan ohi da, gosaltzeko edo korrika egin aurretik pixa egiteko, Xaiako upel-komunean.
Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.xaia100urte.net
ATZEKOZ AURRERA
Mende beteko topagunea
Ehun urte beteko ditu Urruñako Pausu auzoko Xaia ostatuak. Topaleku eta euskal kulturaren erreferentzia da herritarrentzat. Bakalau elkarteak urte osoko egitaraua antolatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu