Sara, Urruña, Azkaine (Lapurdi) eta Bera (Nafarroa) herrietako lurretan dago Larhun mendia, 905 metrokoa. Mendi aski arrunta da, baina biziki famatua den berezitasun bat du: Euskal Herrian oraindik martxan den kremailera tren bat ibiltzen da bertan, mendi oinetik tontorreraino. 1924. urtean estreinatu zuten trena, eta, irekieraz geroztik, tren berbera atxiki dute, ber ohiturak atxikiz.
Nahiz mendia lau herritan kokatua izan, trena Sarako lurretan baizik ez dago. Beheko geltokia, San Ignazio mendatean, 169 metroko altueran da, eta trenaren iristea, Larhungo kaskoan, 905 metroan da. Behetik tontorreraino, trenbideak 4,2 kilometro zeharkatzen ditu, orduko 9 kilometroko zalutasunarekin. Bidaiak 30 bat minutu irauten du, zeinetan bidaiariek Larhunek proposatzen duen bistaz goza dezaketen. Larhun anitzetan «Euskal Herriko balkoia» deitua da, bertatik, egun eguzkitsu eta zeru garbi batekin, Euskal Herriko lau probintzia ikus baitaitezke: Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Gipuzkoa.
Ehungarren urteurrena ospatzeko, gaurtik larunbatera, lau eguneko egitaraua prestatu dute, trenari buruzko hainbat ekitaldi proposatuz mendiaren inguruko herrietan. Berez, ekainean ospatu behar zuten, baina Frantziako hauteskundeetara deitu zuten ezustean, eta irailera atzeratzea erabaki zuten.
Jenofa Zubiri, Larhungo tren ttipiko komertzio arduradunak kontatu du tren ttipiaren eraikuntza aitzin Larhunek erabilpen aski «arrunta» zuela: baserritarren animalia tropentzako lekua zela, eta inguruko biztanleek promenatzeko mendia, besterik ez. Baina, halere, Zubirik azaldu du XIX. mende erditsutik landa mendia «leku turistiko» bilakatzen hasi zela: 1859an, Eugenie de Montijo frantsesen azken enperatriza Larhun kaskora igan zelarik. «Enperatrizak Ipar Euskal Herriko kostaldeko turismoa bultzatu zuen, eta mendiaren igoera modan jarri zuen». Hortik landa, baserritarrez eta inguruko biztanleez gain, turistak ere mendira igotzen hasi ziren; leku turistiko bilakatu zen Larhun.
Hamabi urteko obrak
Turismoa indarra hartzen ari zela ikusita, 1908an, hiru negozialarik —Ader, Loucheur eta Giros izenekoek— Larhungo tontorrera arte igotzeko molde errazago bat proposatu zuten: tren bat eraikitzea, mendiaren oinetik gora ibiliko zena. Tren mota desberdinak ikertu eta konparatu zituzten, eta, mendiaren inklinazioa ikusiz, mota egokiena kremailera tren bat zela erabaki zuten. «Kremailerak dira egokienak maldak jasateko. Tren arrunt batek %6ko maldak igo ditzake gehienez; kremailera trenak, berriz, %40ko patarrak igotzen ahal ditu», esplikatu du komertzio arduradunak. Larhunen den maldarik garrantzitsuena %25ekoa da. Zubirik kontatu duen bezala, garai hartarako «harrigarria» zen ideia, «ez zen ohikoa».
Ideia proposatua izan zenetik, lau urte geroago hasi ziren obrak egiten, 1912an. Baina, hasi bezain laster, lanak oztopatu behar izan zituzten, 1914tik 1918ra arte, Lehen Mundu Gerrarengatik. Lau urteko pausaldiaren ondotik, 1919an obrak berriz hasi zituzten, 1924. urte artean. Trena eta trenbidea bukatu zituztelarik, bi inaugurazio egin zituzten ber urtean: lehena, 1924ko apirilean; trenbidearen lehen erdiaren estreinaldia egin zuten orduan. Bi hilabete berantago, ekainaren 30ean, trenbide osoaren inaugurazioa egin zuten. «Trena eraikia izan zen turismoari begira, hori izan zen arrazoi bakarra; beraz, sorpresarik gabe, hasieratik arrakasta lortu zuen trenak», azaldu du Zubirik. Ehun urte berantago, trenak ez du bere fama galdu, tren ttipiaren langileak azaldu du urte osoan 330.000 bidaiari igotzen dituela trenak. Haietarik erdiak udako bisitariak dira; uztailean eta agorrilean, 150.000 bisitari heldu dira trena hartzera.
Halere, 2021eko irail hasieran trenbidea hetsi egin zuten, trenbide osoa berriz egiteko. Bi urteko obrak izan ziren, eta 2023ko ekainean berriz ireki zuten. Arraberritzeak 27 milioi euroko kostua ukan zuen orotara.
Ezagutzen transmisioa
1924an trena ireki zutenetik, ber trena atxiki dute: ber mekanismoak, ber ezaugarriak, ber itxura... Horregatik, ongi zaindu behar izaten dute langileek. Urte osoan egiten den lanketa da, eta zainketa «desberdinak» badirela esplikatu du Zubirik. Bi fase nagusi badira. Lehena neguan egiten dena, zeinetan trena osoki desmuntatzen duten, eta trenaren pieza guztiak, lodiak zein ttipiak, kontrolatuz, eta beharrez, konpondu edo aldatzen dituzte. Behin, dena kontrolatua denean, berriz eraikitzen dute. Trenbidea eta elektrika sarea ere kontrolatu dute edozer arazo konpontzeko eta egokitzeko.
Bigarren zainketa bat ere egiten dute beti, udan zehar: «Udan, trena geldirik egon nahiz martxan izan, bada protokolo biziki zehatza zainketari dagokionez. Jende anitz errezibitzen dugu, eta hurbiletik segitu behar dugu», aitortu du langileak. Pieza guziak astero kontrolatuak dira. Urte osoko zaintzaren inguruko lanetan hogei bat pertsona ari dira, 24 langileren gain. Udan, berriz, langileak ia halako hiru dira kasik; bulego, txartel saltzaile, gidari eta kontrolatzaileen artean, hirurogei langile dira guztira.
«Gure berezitasuna da, benetan, hemengo langileek egiten dituztela formakuntzak langile berrientzat. Langile guziek ber formakuntza ukan dute. Horrek permititu du hasierako ohiturak ez galtzea»
JENOFA ZUBIRILarhungo tren ttipiaren komertzio arduraduna
Tren ttipiaren lantaldean den baliorik «garrantzitsuena» transmisioa da, Zubiriren arabera. Hain zuzen ere, bertan lan egiten duten langile guziak, edozein kargurentzat, langile zaharragoengandik jasotako formakuntzekin formatuak dira. Tren gidarien kasuan, adibidez, gidari izan nahi dutenak gidari kargua dutenekin formatzen dira, haiekin bidaiak eginez, eta horien ezagutza errezibituz. «Gure berezitasuna da, benetan, hemengo langileek egiten dituztela formakuntzak langile berrientzat. Langile guziek ber formakuntza ukan dute. Horrek permititu du hasierako ohiturak ez galtzea», azaldu du komertzio arduradunak. Ehun urte atzerago zituzten ezagutzek gaur arte iraun dute.
Egitaraua
- Gaur. 10:30: Xantako-San Ignazio bizikleta bidearen estreinaldia eta irekitzea.
- Irailak 20, ostirala. 16:00: Mintzaldia: Larrungo trena: trenbide istorioak Urruñan (Lapurdi), herriko etxeko aretoan.
- Irailak 21, larunbata. 16:30: Emanaldia: Versant Vivant, Saran (Lapurdi), Lur Berri gelan. 18:00: Mintzaldia: Larrunen historia, mugaz gaindiko
lekukotasunak, Beran (Nafarroa), Beralandeta gelan.- Irailak 22, igandea. Egun osoa Larhungo tontorrean. 11:00: Bote luzeko pilota partida Sarako Izarra eta Berako Gure Txokoa pilota taldeen artean. 12:00: Bertso saioa, Bertsularien Lagunak elkartearen laguntzarekin: Haira Aizpurua, Ekhiñe Zapiain eta Xumai Murua. 12:30: Sarako eta Berako erraldoiak. 14:00 eta 16:30: Antzerkia: Maite nautenek trenera igo daitezela,
Jour de Fete antzerki taldearen eskutik. 16:15: Hegazti harraparien askatzea, Hegalaldia elkartearekin. 17:30: Kontzertua: Ruper Ordorikaren amaierako kontzertua.