Mende bat komunikatzen

BBCk programazio berezia izango du 2022an, ehungarren urteurrena ospatzeko. Adin guztiei zuzendutako saioek osatuko dute hurrengo urteko ikus-entzunezkoen eskaintza.

BBCren egoitza nagusiko sarrera, Londresen. VICKIE FLORES / EFE.
Alex Uriarte Atxikallende.
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Ospakizun urtea izango da 2022a BBC British Broadcasting Corporationentzat. Mende bat beteko da Erresuma Batuko komunikazio etxea sortu zela, eta aurreratu dute urte osoko programazio berezia eskainiko dutela gertakari hori omentzeko. BBCko edukien zuzendari Charlotte Moorek adierazitakoaren arabera, «adin ororentzako eskaintza» egongo da; besteak beste, kirola, entretenimendua, artea, drama, komedia, dokumentalak eta musika uztartuko dituzte.

BBCk 1936ko azaroaren 2an egin zuen pantailara jauzia, eta ordutik etengabe hazi da haien programazioa. 2022an, ehungarren urteurrenaren karietara, bost saio estreinatuko dituzte. The love box in your living room BBC Two katean emango dute, eta Adam eta Richard Curtis anaiek komunikazio konpainiaren eta Erresuma Batuaren historia landuko dute, 1922an sortu zenetik hasita.

Horrible Histories: BBC's Big Birthday Bonanza komedia saioak Lord Reith lehenengo zuzendariaren inguruan sakonduko du, bitxikeriak eta pasadizoak argitara emanez. BBC Two telebista katearen sorrera nolakoa izan zen ere erakutsiko dute, publikatu gabeko materialarekin. Here's one I made earlier azken mendeko umeentzako saioen errepasoa da, eta Konnie Huqek aurkeztuko du, Erresuma Batuko aurpegi ezagun ugarirekin batera.

Programazioa, iraganera so

David Dimblebyk gidatuko du David Dimbleby's BBC: A very British story hiru zatiko saioa, eta BBCk britainiar biztanleriagan izandako «inpaktua, esangura eta sortutako zeresana» ezagutaraztea izango du xede, Mooren hitzetan. Horretarako, orain arte argitara eman gabeko materiala eta hainbat protagonistaren testigantzak baliatuko dituzte. The BBC's first 50 years bi zatiko dokumentalak katearen lehen 50 urteak aztertuko ditu, «egungo erronkak eta lorpenak ulertzeko», adierazi du Moorek; horretarako, artxiboko materiala erabiliko dute, eta John Bridcut zinemagileak ere parte hartuko du.

BBCk, 1922ko urriaren 18an, irrati gisa abiatu zuen bere komunikazio bidea. Hortaz, irratia ere urteurren programazioaren erdigunera ekarriko dute, hastear dagoen urtean. Haien ibilbidearen, musikaren eta artearen inguruan ardaztuko da irrati eskaintza. My Sounds saioan, BBCtik igarotako izen entzutetsuenek beren kantu zerrenda maiteenak publikatuko dituzte, eta beren bizitzan izandako eragina azalduko dute. Parte hartzaileen zerrenda, halaber, urte hasieran plazaratuko da.

Radio 3n, The Sonic Century emitituko dute, «mikrofonoaren historia kontatzeko», dio Moorek. Eskarmentu handiko hainbat irrati teknikarik parte hartuko dute horretarako. Esatariek, gainera, irratiak azken mendean izandako aldaketak aztertuko dituzte, eta, edukien zuzendariak argitutakoaren arabera, «BBCko irrati sareak 100 urteko ibilbidean egindako audio iraultzak izandako garrantzia eta esanahia landu dituzte».

Gainera, musika klasikoa ahalik eta publiko zabalenari helaraztea xede, BBC Orchestras weekend egingo dute otsailaren 11tik 13ra bitartean: BBCko orkestrak 1920ko hamarkadatik 2020kora bitarteko musika klasikoa joko du zuzenean. Interpretatuko dituzten piezen artean, besteak beste, Vaughan Williams, Ravel, Hindemith, Bryce Dessner, Errolyn Wallen, Judith Weir eta Howard Goodallenak daude.

Past Forward eta The battle of Savoy Hill dira programazioko azken berrikuntzak, biak ala biak Radio 4n: lehenengoan, BBCren artxiboa goitik behera arakatuko dute, Greg Jenner historialariaren eskutik. «Egungo egoera iraganaren prismatik ulertzeko programa da», Jennerren iritziz.

The battle of Savoy Hill, berriz, bost ataleko saioa da, eta martxoan estreinatuko dute. Hilda Mathersonen eta Lord Reith zuzendariaren arteko lan erlazioa erakutsiko dute. Horrez gain, oraindik puri-purian dirauen gai korapilatsu baten inguruan ere sakonduko dute: zentsura. Eta Vita Sackville-West omenduko dute, BBCko lantaldeko lehen emakumeetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.