Oroitzapenek eragin zuzena dute izaeran; hau da, iraganean bizi izandakoek bide batera edo bertzera daramate etorkizuna. Ideia horri, baina, lanketa eta lekua eskaini behar zaizkio, eta horren aldeko apustua egin du uda honetan Gasteizko Artium museoak.
Bi zatitan banatu dute udako egitaraua, uztailean eta abuztuan, eta Udako Lantegi Irekiak egitasmoa sortu dute hilabete bakoitzaren bigarren hamabortzaldirako. Iragan hilabetekoa aztarnen ingurukoa izan zen —Aztarnak harrapatuz deitua—, eta arrastoekin aritu ziren esperimentuan. Abuztuko gaia, ordea, oroitzapenena da: Oroitzapenaren Guneak du izena. Bizi izandako lekuetan jarriko dute arreta, eta ahal den modu argienean ekarriko dituzte memoriatik errealitatera: usaina, koloreak, formak... Oroitzapenak orduko begietatik aztertu ondotik, oraingoetatik begiratuko diete, denborak —eta distantziak— nola eragin duten ikusteko. Behin memoriako bizipenak finkatuta dauzkatenean, konposizioak sortuko dituzte.
Ordutegia
Atzo hasi ziren Oroitzapen Guneak, eta, abuztuaren 30era arte, egunero izanen dituzte ateak zabalik, 24an, 25ean eta 26an salbu. Bi txanda prestatu dituzte egun bakoitzerako: goizekoa eta arratsaldekoa. 11:30etik 13:30era bata, eta 17:30etik 19:30era bertzea. 4-12 urte bitarteko haurrentzako dira saioak, eta heldu batekin joan beharko dute guztiek. Sarrera doakoa da, eta ez da aurretiaz izenik eman behar.
Euskal Herriko arte garaikidearen museoa da Artium, eta, udako lantegietan, aukera ematen dute Ibon Aranberriren, Patricia Dauderren, Esther Ferrerren eta bildumako bertze artista batzuen lanak ezagutzeko. Dena dela, udakoaz gain, bertze hainbat ikastaro eta lantegi sortzen dituzte. Erraterako, familientzako lantegiak egin zituzten maiatzean eta ekainean, baita asteburuetako familia jarduerak ere. Horrez gain, bisita gidatuak eta ikuskizunak ere eskaintzen dituzte: ipuin kontalariak, erakusketak eta kontzertuak, bertzeak bertze.
Hezkuntza proiektu propioa sortu dute Artiumen, museoa eskola gisara ulertzen baitute bertan. Sinesten dute artearen pedagogiak sekulako indarra duela pentsamenduan, sentiberatasunean eta harremanetan, eta, ongi erabiliz gero, ahalmenak sendotu egiten direla. Horrenbertzez, hezkuntza proiektuek bizimodu aniztasuna erakusten dute, eta horietako bakoitzari bere lekua eskaintzen die. Hori guztia, tresna kritikoak bultzatuz, arte garaikidearen bidez. Dena dela, hezkuntza saila etengabe aritzen da programak eguneratzen, haientzat garrantzitsua baita gizartearen eraldaketen bide berean joatea. Eskola programak ere egiten dituzte, elkarrizketarako gune bat sortu nahi dutelako ikasleentzat —Haur Hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino—, irakasleentzat eta museoko hezitzaileentzat.