Sanferminak

Memoriarekin soilik ez da nahikoa

Urtero legez, German Rodriguezi omenaldia egin diote Iruñean, 1978ko uztailaren 8an Poliziak tiro batez hil zuen toki berean. Ekitaldi berean gogora ekarri dute egun haietan Donostiako San Bartolome kalean eraildako Joseba Barandiaran gaztea ere.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Krabelin gorriek inguratu eta apaindu zuten atzo German Rodriguezen hilarria. 44 urte igaro dira Poliziak tiro batez gazte iruindarra hil zuenetik. Urtero bezala, jendetza bildu zen haren eta 1978ko uztailaren 10ean Donostian eraildako Joseba Barandiaranen omenez. Inpunitateari Stop, Justizia orain pankartaren atzean, lagun eta senideek bientzat «egia, justizia eta ordaina» eskatu zuten. Urtero legez, bertaratutakoek azpimarratu zuten ez dutela ahazten 1978ko sanfermin haietan gertatutakoa. Hala ere, atzoko ekitaldian, antolatzaileek irmo aldarrikatu zuten memoriarekin ez dela aski. Kongresuan eztabaidagai dagoen Memoria Demokratikoaren Legean, egiak justizia behar duela gogorarazi zuten.

Ikusi gehiago:Ba al dakizu... 1978

Sabino Cuadra 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko eledunak eman zion hasiera ekitaldiari, eta aurtengo omenaldian eszenatoki bat jartzeko zailtasunen berri eman zuen. Udalari eskaria egin, eta Navarra Sumaren gobernuak hainbat baldintza jarri zizkien; hala nola eszenatokiak gehienez 40 zentimetro garai izan behar zuela edo erantzukizun zibileko aseguru bat sinatu behar zutela, 300.000 eurorainoko kalteak bermatzeko: «Ulertzen dugu udalak jarritako oztopo horiek guztiak eskubide demokratikoen kontrako eraso bat direla», gaitzetsi zuen Cuadrak. Txistuekin eta «UPN kanpora» zioten oihuekin erantzun zuen jendeak.

Era berean, Cuadrak elkartasuna adierazi zien peñei eta Herri Sanferminak plataformari. Eragileok festetarako antolatuak zituzten ikuskizunetako asko bertan behera utzi behar izan dituzte, Iruñeko Udalaren erabakien ondorioz.

Iker Tubiak aurreskua dantzatu zuen jarraian, German Rodriguezen hilarriaren aurrean. Mikel Legorburuk txistuarekin lagundu zion. Urteroko omenaldian jo ohi du txistua, baina Sabino Cuadrak horren zergatia azaldu zuen.

Legorbururen istorioa

Iruindar askoren moduan, kalean harrapatu zuen Legorburu 1978ko sanferminetako Polizia Armatuaren oldarraldi bortitzak, eta, ondorioz, begi bat galdu zuen. Gomazko pilota batek aurpegian jo zuen, eta, lurrean zerraldo zegoela, «gupidarik gabe» jo zuten poliziek. Orain hamaika egun Legorburu Bruselan izan zen 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko kideekin batera, Europako legebiltzarkideei frankismoan eta trantsizio garaian izandako zigorgabetasuna azaltzeko asmoz.

Itzulerako bidaian, hegazkinean, Legorbururi buruan zerbait bueltaka ari zitzaiola nabaritu zuten guztiek. Omenaldirako German Rodriguez eta Joseba Barandiaranen omenezko bertsoa prestatzen zebilen, eta atzo kantatzeko aukera izan zuen. «Bai German eta bai Joseba, nere baitan dauzkadanak...», kantatzen ari zela, mutu geratu zen, hunkituta. Jendeak txaloekin adoretu eta animatu zuen. «Bitez betiko lagunak» abestuz, eman zion amaiera bertsoari, eta emakume baten irrintzia entzun zen txalo hotsekin batera.

Marta Aparizio Peñen Federazioko ordezkariak eta Mirentxu Belasco 1978ko Sanferminak Gogoan herri plataformako kideak irakurri zuten manifestua. Aurten, lehen aldiz, elkarrekin antolatu dute ekitaldia. Aipatu zutenez, espero dute «etorkizunean horrela egiten segitzea». Aurrekoetan, bakoitzak bere aldetik antolatu zuen.

Manifestuan, Memoria Demokratikoaren Legea hizpide hartu zuten. «Hobekuntza batzuk izan ditu legeak, baina gure eskakizunak ez dituzte aitortu oraindik ere; hots, mugarririk gabeko egia, justizia erdiestea eta bi krimenentzako erreparazio osoa jasotzea». Gainera, Rodolfo Martin Villa orduko Barne ministroa egin zuten bi hilketen erantzule politiko. Legeak hura eta gainerako arduradunak epaitzeko aukerarik ez duela ematen salatu zuten antolatzaileek.

Bukaera aldera, Fermin Balentziak German Rodriguez gogoratzeko Hilarria abestia jo zuen, gitarrarekin lagunduta, eta jendeak berarekin batera abestu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.