Memorian metatuta

Euskal Herriko paisaiatik desagertzear daude belar metak. Landa eremua teknifikatu egin da, beharrak beste batzuk dira orain, eta jada ez dute beren funtzioa betetzen: kontserbazioa. Baina, oso toki bakanetan bada ere, egiten dituzte oraindik metak. Arantzan, esaterako, iratze metak egiten dituzte.

1. Metak. Jabier Tabernak Arantzan eginda dauzkan iratze metak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Arantza
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun

Metatu liteke belar ondua, metatu liteke iratzea, metatu orbela eta metatu otea. Eta metatu liteke memoria ere. Kontserbazioa baita meta horien guztien helburua. Kontua da, ordea, euren funtzioa galdu dutela. Eta, belar metarik ezean, haien memoria gelditzen da orain metatzeko. Egiten dira oraindik belar metak, baina oso toki bakanetan. Arantzan (Nafarroa), iratzeekin egiten dituzte, eta esaera zaharrak dioena zintzo bete: «Edozein belar pila ez da meta bat».

Eta zer da orduan belar meta bat? «Meta, azken batean, nekazaritzako ustiapen bat da; kontserbaziorako sistema bat», azaldu du Jakoba Errekondo paisajistak. Dio belar metak direla horien artean ezagunenak, baina badirela iratzearekin, otearekin eta orbelarekin egindakoak ere. Orainaldian hasi eta lehenaldian bukatzen ditu esaldiak Errekondok, nahi gabe. «Belarrarekin egindakoetan, ondu egiten da (zen) belarra metetan. Ez daki edozeinek meta bat egiten. Teknika oso zorrotza da. Batez ere, garai batean, asko kontserbatu behar zenean, meta ikaragarri handiak egiten zirelako. Horrek ziurtatzen zuen aziendak janaria izango zuela negu guztian. Alegia, kanpoan janaririk ez zegoenean».


Iratzeekin egindako meta bat. Muinoan, Arantza herria ikusten da. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Erreserba» hori edukitzearen garrantziaz mintzo da Errekondo, baina horrek guztiak ekartzen zuen lanaz ere bai: «Eskulan asko. Hori galdu egin da. Nekazaritza teknifikatu delako eta makineria ia industriala erabiltzen delako horrelako lanetarako. Eta belarra ondu beharrean, zuzenean berdetan kontserbatzen delako». Nola? Siloetan sartuta lehen eta plastikozko boletan aspaldian: «Belarrak hartzidura anaerobiko bat egiten du barruan, oxigenorik gabe, eta orduan ez da usteltzen».

Horregatik desagertu dira metak paisaiatik, baina paisaia hori gure «beharren» arabera eraiki edo moldatzen dugulako ere bai. «Azkenean, paisaia guk eraikitzen dugu. Euskal Herrian dagoen ia metro karratu bakarra ere ez da naturala, ez da naturak berak ekarritakoa. Dena guk eraiki dugu. Guk eman diogu su, guk bota ditugu basoak, beste batzuk landatu, bideak egin ditugu, urak desbideratu... eta egin dugun dena gure beharretarako egin dugu. Izan behar ekonomikoak, elikadurari dagozkionak...». Errekondok dio kultura bakoitzak bere paisaiak sortzen dituela: paisaia kulturala. «Hortik dator kultura hitza bera: cultivare (lurra lantzea). Orain metak desagertu dira hori guztia aldatu egin delako: gure teknikak, eta gure elikagaiak eta horiek sortzeko bideak».

Jabier Tabernaren metak

Jende gutxik egiten ditu jada metak. Ikusten dira baserri ondo batzuetan, landa inguruneko herri txikiren batean, erakustaldietan, bitxietan, postaletan, oroigarrietan, eta Belardoren komikietan. Eta Arantzan (Nafarroa) ere bai, Azkilarrea auzoan barna joanda, Arrata errekatxoa igarota, Aientsa auzoan gora eginda, eta Jabier Tabernaren lur sailetan sartuta. Zortzi dauzka eginda. Arantza herria ikusten da handik muinoan, Frain eta Larhun mendiak ortzi mugan, eta tabernatarren Osildeko borda parean. Aterpean Xabi Zugarramurdi zuzendariak eskainitako kafearen eta anisaren zaporea lagun, udazkena barreneraino sartuta doa gorputza lur orotakoaren barruan. Iritsi, eta gaztainondo handi bat, eta morkotsak alez gainezka lurrean. Enborraren kontra jarrita daude makilak. «Meta ziriak dira horiek», azaldu du tabernak. Badituzte izen gehiago ere: meta tantai, zuhatz... Hartu du bat, eta indarrez sartu du lurrean behin baino gehiagotan, tente gelditu den arte. Zorroztuta ditu bi aldeak. 65 urte egitera doa Jabier. Hartuko lukete askok haren sasoia. «Meta ziria zorroztua sartzen da. Nola dena malda daukagun eta zelairik ez, bi edo hiru espalda sartzen ditugu azpitik, berdintzeko. Ipurdiak ahalik eta txikiena izan behar du, zeren meta estutzen eta jaisten joaten da bere kargarekin, eta, ipurdi handia egiten badiozu, bustitzen joaten da. Erdira iristen zarenean, orduan hasi behar duzu zabaltzen». Eskarmentua zer den.


Jabier Taberna, meta ziria sartzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urte asko eta ehunka meta dira. Ongi akorduan du noiz eta norekin egin zuen lehenengoa: «12-13 urte izango nituen. Modesto nire osabak egiten zituen metak. 'Etorri, etorri, Jabier!', erran zidan behin. Hartu ninduen besotan, eta igo ninduen metara. Eta han hasi zitzaidan sardearekin iratzea botatzen, nik metan jar nezan. Bukatu genuen, eta pentsatu nuen: 'Bai meta polita egin dudala!'. Zoriontsu sentitu nintzen une hartan. Bada, gaur arte».

Eta igo da metara, inor konturatzerako. Igitaiarekin oratu dio meta ziriari, eta jauzi egin du gora. Kazetariari eskatu dio sardearekin emateko iratzea. Meta amaitzea baino ez zitzaion falta, eta azken zatia nola egiten den irakasteko igo da. Aurretik, aitzurrarekin zuloa egin du lurrean eta zohia biribila atera du —lur zati bat da, eta haren gaineko belar azala—. Metaren errematea da. Gainean paratu du zirian zulatuta. Errematea da, eta babesa da.


Jabier Taberna, meta ziriaren gainean zohia jartzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Iratzearen garrantzia

Iratzea aipatu du Tabernak. Iratzeekin egindakoak baitira haren metak, eta eskuz. «Fardoak? Bolak? Makinek iratzea txikitu egiten dute. Bola horietan iratzea umeldu egiten da. Norberak iratzea bildu eta metak eginez gero, iratzea oso-osorik gelditzen da, eta hemengo iratzeak sekulako balioa zeukan lehen», azaldu du Tabernak, konbentzimendu osoz.

Eta esplikatu du zein zen iratzearen balioa, eta metak egitearen arrazoia. Izan ere, Arantzan 120 baserri inguru daude, eta ia bakoitzak bere borda dauka. Garai batean, gainera, bakoitzak bere iratze belaia edo belardia ere ba omen zeukan. «Eta dena zen ongarria egiteko. Aziendari lo tokia egiten zaio bordan iratzearekin, izan ardiak, behiak, behorrak... Iratzea zapaltzen dute, gorotza egiten dute, eta hemengo belai guztietarako hori zen... sekulako aberastasuna. Ez zen oraingo belar txarrik-eta etortzen orduan belaian. Orain denetik botatzen baita: txorien gorotza, granulua... Eta horrek ekartzen du belar txar guztia. Hagitz balore handia zeukan iratzeak orduan».

Taberna, sardea hartuta, iratzea metara botatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Igantzin (Nafarroa) bizi da Taberna, baina baserria Arantza jaioterrian dauka: 35 ardi, untxiak, zerriak... Baserrirako erabiltzen du metetan bildutako iratzea. «Lehen baserri guztietan baziren zortzi-hamar behi. Laminaciones de Lesaka enpresa sortu zuten, eta agur baserriei. Aziendak kentzen joan da jendea, penagarria baita ordaintzen dutena. Neronek ere 45 urte egin ditut Laminacionesen lanean. Erretiroa hartuta nago orain».

Irailaren hasieran egiten dira metak iratzearekin. Tabernak dio nabaritu dela aurtengo beroa eta lehortea: «Lehenago gorritu da iratzea». Eta gogora ekarri du iratzeak daukan beste funtzio bat ere: «Hemen, Arantzan, ohitura handia dago negu oro zerria hiltzeko. Iratze lehorrarekin erretzen da zerria, eta sekulakoa da aldea. Ederki kentzen zaizkio ile guztiak. Eta uste dut koloniaren bat egiteko ere erabili izan dutela iratzea inoiz». Arrazoi du. Paco Rabanne diseinatzaileak badauka Helecho izeneko lurrin bat.

Tamaina ere ez dute berbera meta guztiek. Kalekume baten begietara ere ageriko da hori. Horren agerikoa ez dena horren atzean dagoen esplikazioa da: «Lehengoak txikiagoak ziren, mando kargen arabera neurtzen zirelako. Iratzea baserriraino eraman behar zen, eta mandoan. Horren araberakoa zen neurria. Oraingoak handiagoak dira, traktorean eramaten direlako». Esaldi bakoitzean du irakatsiren bat. Modesto osabak ongi erakutsi zion, baina berak nori? «Nik ez diot inori erakutsi, baina galdezka ere ez da inor etorri [barrez]. Zuek zarete lehenengoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.