Memoriak iraun dezan

Gasteizen 1976ko martxoaren 3an jazotako sarraskiaren eta haren testuinguruaren berri izateko bisita gidatua antolatu dute Gasteizko Zaramaga auzoan. Bisitariek aipagarriak diren lekuetan zehar egin dute ibilbidea.

Martxoaren 3ko biktimek Gasteizko Zaramaga auzoan duten oroigarrian hasi dute bisita gidatua. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Martxoaren 3ko biktimek Gasteizko Zaramaga auzoan duten oroigarrian hasi dute bisita gidatua. ENDIKA PORTILLO / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko martxoaren 25a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Elizatik ihesi zihoan Pedro Maria Martinez Ocio, eta Poliziak erail zuen, bizkarrean tiro eginda. Hemen bertan izan zen, Martxoaren Hiruaren plazako oroigarria dagoen tokian». Forjas Alavesas enpresako langilea zen, eta urtarrilaren 9tik greban zegoen. «Jakingo duzue, baina bost langile hil zituzten guztira. Geroago, beste bi lagun ere erail zituzten beste leku batzuetan egin ziren manifestazioetan. Martxoaren 3an gertatutakoa ulertzeko, ezinbestekoa da jakitea soziopolitikoki nola zeuden garai hartan auzoa eta hiria». Hasi da bisita gidatua.

Gasteizko egun ilunenetako bat izandakoaren kronika kontatzen jarraitzen du Martxoak 3 elkarteak. 49 urte geroago, gaur, beste zortzi bisitari iraganera begira jarri dira, GEU eta Martxoak 3 elkarteek antolatutako bisita gidatuan. Karlos Turrillas historialariak —Martxoak 3 elkarteko kidea ere bada— eman ditu azalpenak. Gasteizko kaleek memoriaren oihartzunak jaso dituzte, eta Zaramaga auzoa historiaren eta oroimenaren agertoki bihurtu da. Arteak, kontakizunek eta ikus-entzunezko testigantzek lagunduta, parte hartzaileek xeheago izango dute 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren berri.

Karlos Turrillas gidaria azalpenak ematen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Karlos Turrillas gidaria, azalpenak ematen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zaramagako kaleetan barrena ibiltzean, iraganaren arrastoak ikus daitezke oraindik. Adreilu gorriz eraikitako etxeek auzoko paisaia marrazten dute, eta langileen izaera nabarmendu. «Saiatuko naiz azaltzen nola gertatu zen hau; denok gutxi gorabehera badakigu zer gertatu zen, ezta?» galdetu du gidariak. Lehen begi kolpean, bisitariek ez dute ezer berezirik sumatu, baina ingurura begiratzeko eskatu die Turrillasek: «Zer nabaritzen duzue?».

Kaleetan adinekoak eta langileak ikusten dira, batez ere. Auzoaren izaera ez da asko aldatu; zulagailuen soinua entzuten da, eta Llodio parkearen inguruko lau eraikin obretan daude, aldamioek fatxada estaltzen dietela. Gertutik begiratu ezean, iragana lausotuta dagoela dirudi, baina Gasteizko erdigunearen inguruko auzo guztiak «nolabaiteko ghettoak ziren garai batean», merkataritzaz eta eguneroko beharretarako baliabidez hornituak. Bisitariek harriduraz hartu dute azalpena. «Populazioa kontrolatzeko estrategia makiavelikoa izan zen. Auzoak banatu egiten zituzten», azaldu die gidatzaileak. Adibidez, hilerriak bereizten ditu Pilar eta Zaramaga auzoak. Klase sozialen arteko ezberdintasunak ere argi geratzen dira auzoko hirigintza ereduan: «Igogailuak zituzten etxeak eta ez zituztenak; klase barruko klase ezberdintasunak».

Auzoko merkatua ere asko aldatu da; jendea sartzen eta ateratzen den gimnasio bilakatu da. Parean, Irantzu Lekue artistaren Emakumeen indarra eskultura ikus daiteke: poltsa hutsen zirkulu bat, armiarma sare baten bidez lotuta. Emakumeek historian zehar sortu dituzten sareak eta sinergiak irudikatzen dituzte lotura horiek. Eskulturaren erdigunean ogia dago, zeina elikaduraren eta bizirik irautearen sinbolo izan baita betidanik.

Irantzu Lekueren eskultura. BERRIA
Irantzu Lekueren Emakumeen indarra eskultura. BERRIA

Behinola, grebalarien emazteak elkartzen ziren tokia izan zen, bertan antolatzen baitzituzten beren arteko asanbladak. «Martxoaren 3ko protestetan pisu handia izan zuten emakumeek. Lehen piketeak emakumeek osatu zituzten, eta eskirolei aurre egiten zieten. Gizartea zen modukoa izanik, imajinatu zer zen gizon batentzat emakume batek ezer esatea», azaldu du Turrillasek. «Oso garrantzitsuak izan ziren, eta haiei esker sortu zen Arabako Emakumeen Asanblada: Euskal Herriko lehen talde feminista».

Testuinguruaren berri jakinda, Zaramaga beste modu batean ikusten da. Bertan egonda, hobeto ulertzen da iraganeko gertakarien zergatia. Azkenik, ibilbidea San Frantzisko elizan amaitu da. Duela 49 urte poliziek jaurtitako tiroen markak oraindik ikusten dira elizako leihoetan, memoria gordetzen duten zauri isilak balira bezala. Istant batez, Turrillasek bisitariei eskatu die Poliziaren indarkeria pairatu zutenen azalean jartzeko: «Imajinatu zer izan zen hori. Gasteiztarron nortasunaren parte bilakatu da. Ni neu ez nintzen jaio gertakari haiek izan zirenean, baina, belaunaldien arteko transmisioari esker, memoria eta justizia nahia bizirik daude oraindik».

Eliza barrura sartzearekin batera amaitu da bisita. Erabilgarri dagoen eremua txikia da, eta elkarteko kideei gehiago erabiltzen uzten ez dietela dirudi. Toki txiki hori xaflaz eta barrotez inguratuta dago, eta ez da ezer ikusten. Azalpenei eta ondoren jarritako bideo bati esker, bisitariek irudikatu ahal izan dute nolakoa zen leku hura garai batean. Elizaren egoera «tamalgarria» dela iruditu zaie batzuei: hezetasunaren usaina nabarmena da, eta txoko askotan itoginak ageri dira. «Nahita dago horrela?», galdetu du bisitari batek, utzikeria salatuz. Ez da hain erraza erantzutea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.