2006. urtean Robert Guediguianek pelikula bat filmatu zuen Armenian, Le voyage en Armenie. Marseillan sortua izanik ere, jatorri armeniarra du zuzendari beteranoak. Orduko horretan, aita-alaben arteko harremanaren inguruko istorioa kontatu zuen, bidaia iniziatiko moduko baten bitartez arbasoen lurraldea deskubrituko duen Anna protagonistaren begietatik.
Hamar urte pasatu diren honetan, Guediguianek Armenia aldera luzatu du begirada, berriro ere; oraingoan, lurralde horri lotutako oso bestelako istorio bat kontatu nahian, turkiarren eskutik jasan zuten genozidioaren ondorioena, alegia.
Memoria historikoaren guduan badute zer erakutsi armeniarrek; izan ere, orain dela mende bat baino gehiago gertatutako sarraski horrek oraindik ez du onarpen ofizialik. Turkiarrek ez ezik, munduko beste hainbat herrialdek ere oraindik ez dute onartu nahi izan genozidiorik izan zenik. Armeniarren borroka historikoa da, gertatutakoa onartzea nahi dute.
Atentatuan zauritua
Zeregin horretan mota guztietako bideak baliatu dituzte, eta zinema pantailetara ere ailegatu izan da haien aldarria. Bakar batzuk aipatzearren, hor dira azken urteotan gaiaren inguruan egin diren hainbat film nabarmen: Ararat (Atom Egoyan, 2002) edo The Cut (Fatih Akin, 2015).
Robert Guediguian borrokalariak hartu du orain armeniarren historia ezabatuaren lekukoa, eta gaiari zuzenean heldu dio. Zinemagile engaiatua da frantziarra; hala erakutsi du bere filmografia luzean, non gai sozial eta politikoek toki nabarmena duten. Oraingoan, bere Marseilla kutuna utzi, eta arbasoen sorterrira begira jarri da.
Horretarako, Jose Antonio Gurriaran kazetari galiziarren liburu autobiografikoan oinarritu da. 1981. urtean, ekintzaile armeniarrek jarritako bonba bat leherrarazi zuten Madrilen. Haien helburua enbaxadore turkoa zen, baina huts egin zuten, eta Gurriaran larriki zauritua gertatu zen .
Orduan, kazetariak armeniarren borrokaz ez zekien deus, baina, osatu zenean, gaiaren inguruan jakin nahi izan zuen. Hala,pairatutako genozidioa ezagutu zuen, eta armeniarren borrokaren zilegitasuna onartzera iritsi zen. Hura zauritu zuen atentatuaren egileak ere ezagutu nahi izan zituen. Hamaika kontu kudeatuostean, helburua lortu zuen, eta Beiruten bonba jarri zutenekin elkartzea lortu zuen.
Gurriaranek idatzitako liburua izan du abiapuntu Guediguianek Une histoire de fou egiteko. Zinemagileak ez zuen bere burua gai ikusten armeniarren borrokaz dokumental bat egiteko, eta, horregatik, nahiago izan zuen fikzioaren bidea jorratu. Nolanahi ere, pelikulan ez ditu genozidioaeta haren ondorioak bakarrik jorratzen; familia, diaspora eta sustraien galera ere badira filmean ageri diren beste gaietako batzuk.
'UNE HISTOIRE DE FOU'
Zuzendaria. Robert Guediguian.
Aktoreak. Ariane Ascaride, Syrus Shahidi, Gregoire Leprince-Ringuet, Simon Abkarian.
Herrialdea. Frantzia. Urtea. 2015.
Iraupena. 134 minutu.
Generoa. Drama.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Memoria historikoaren borroka luzea
Armeniarren kontrako genozidioaren ondorioak dira Robert Guediguianen 'Une histoire de Fou' filmaren gaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu