Nafarroako Erriberan izan zen udan Maialen Akizu (Urretxu, Gipuzkoa, 1996), Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan. Bi aste eman zituen Sartaguda, Andosilla, Lodosa, Mendabia eta bertako euskaldunak ezagutzen. Hamazazpigarrenean aidanez literatur bildumarako, Eszenatokia izeneko «ipuin luzea» aurkeztu du orain, bertan jasotakoa oinarri hartuta.
Memoria historikoari erreparatu diozu Eszenatokia lanean.
Erriberatik itzulitakoan, hari bati heltzeko beharra neukan, eta niri oihartzun egiten zidana zen Sartagudari alargunen herria deitzen ziotela. Izan ere, gutxi gorabehera, Gerra Zibilean, 25 eta 35 urte arteko gizonen %75 fusilatu zituzten bertan, eta, ondorioz, memoria historikoak pisu handia du. Baina gizonen begiradatik egiten da: nor hil zuten non, bakoitza non dagoen ehortzita... Nik buruan neukan gauetik goizera emakumeen herri bihurtu zela Sartaguda, eta emakumeak bat-batean etxea antolatzeari utzi eta herrian erabakiak hartzen hasiko zirela, politika egiten... horri begiratzen saiatu naiz, gaur egunetik.
Zein da istorioaren muina?
Bilera baten aitzakian, adin desberdinetako lau emakume elkartzen dira, herri bakoitzeko bat. Antzerki bat egin nahi dute, eta horrekin islatu nahi izan dut hain euskaldun gutxi izan arren antolaketarako zer indar daukaten. Laurek daukate nolabaiteko lotura memoria historikoarekin, eta gorputzaren memoriarekin: bati esaten diote obario bat falta zaiola eta fisioak galdetzen dio ea bere amonak aborturik izan zuen, lotura dagoelako obarioa galtzearen eta abortuaren artean; bestea abeslaria da, baina ez du amonaren ahotsa gogoratzen...
Plazei buruzko lan bat egitea zen zure proposamena.
Bai, nire asmoa zen plazan jartzea mahai bat, eta aitorleku moduko bat izatea. Baina, hara iritsitakoan, hango euskara elkartekoekin bildutakoan, konturatu ginen Lodosan akaso bai, baina Sartagudan, Andosillan eta Mendabian plaza esan eta ez zekitela esaten zein zen ere. Haiek garbi zeukaten nire lanean euskara agertzea nahi zutela, ikastola, gau eskolak, euskaltegia...
Eta nola egokitu zenuen hasierako ideia?
Konturatu ginen Erriberan badagoela ohitura berezi bat, La fresca deitzen diotena: asko ateratzen dira hondartzako aulkia hartu eta kalera, arratsaldea pasatzera. Andre askok, adibidez, arratsaldea pasatzen dute irratia jarri eta etxeko batarekin kalean. Sekulako beroa egiten du etxean, eta, orduan, ahalik eta denbora gehien kalean pasatzen dute. Kontakizunean ez dago La fresca-ri buruzko aipamenik, baina egiteko moduan badago lotura.
Plaza izan zenuelako idazteko eszenatoki, ezta?
Bai, zer egiten den bezain garrantzitsua da niretzat nola egin den. Eta nik nahi nuen herriak edo kaleak sorkuntzarako leku izatea. Horregatik plazatik idaztearena, eta ez zure gelatik. Merkatuaren ondoan liburu batzuk jarri, koadernoa hartu, eta bertan idazten nuen; jendea harrituta geratzen zen.
Zerekin egin zenuen topo?
Kontraste handiko lekua da Erribera; nirekin zeuden horiek oso euskaltzaleak ziren, baina, gero, taberna batzuetan kaixo esate hutsa sekulakoa zen, edo entzuten nituen elkarrizketak [Antonio] Tejerori buruz...
Nolakoa da euskalgintza Erriberan?
Herritarren %2,5 inguru bakarrik dira euskaldunak. Orain, Porrusalda izeneko talde bat sortu dute lau herrien artean, euskarazko agendak koordinatzeko. Ni han nengoenean bertso tailerra, literatur tertulia eta bertso afaria egin genituen, baina oasi bat izan zen haientzat.
Gainera, han euskaldun izatea oso lotuta dago antifrankismoarekin. Sekulako sarraskia egin zuen; jende asko zetorren batik bat sindikatu espainoletatik eta. Ez dira abertzaletasunetik iritsi euskarara, baizik eta frankismoari aurka egiteko identitate gisa.
Goierrirekin alderatuta, errealitate erabat desberdina da.
Bai, euskal kultura ere ez dute asko ezagutzen. Galdetu nien zer liburu irakurtzen zituzten, eta esaten zidaten kosta egiten zitzaiela. Ez bakarrik hiztegiagatik, baizik eta euskal literaturan dagoelako Donostiako paisaia, edo Bilbokoa... eta Erribera da horia, azkenetan azkena. Ez dira errepresentatuta sentitzen. Nik haiek irakurriko zuten liburu bat idatzi nahi nuen, bai hiztegi aldetik eta bai identifikatzeari dagokionez.
Lodosan aurkeztu zenuen liburua. Zer moduz joan zen?
Poztekoa izan zen; berriz ere haiekin elkartu nintzen, eta hogei bat lagun elkartu ginen. Askorentzat euskaraz irakurtzeko aitzakia izango da liburua; ea euren burua islatuta ikusten duten.
ATZEKOZ AURRERA. Maialen Akizu. Idazlea
«Memoria historikoak pisu handia du Nafarroako Erriberan»
Nafarroako Erriberako 'La fresca' ohiturari tiraka, herriko plazetatik idatzi du 'Eszenatokia' lana, aulki batean eserita. Egungo begiradatik, memoria historikoaz idatzi du, lau emakume protagonista hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu