Gordegia elkarteko kidea

Arkaitz Artola: «Memoria historikoa landu nahi dugu modu herrikoi batean»

Donostiako Egia auzoko argazki zaharrak biltzeaz eta zabaltzeaz arduratzen da Gordegia. Horregatik eman diote Argia saria. «Gure jatorria ulertzea garrantzitsua da», azaldu du Arkaitz Artola elkarteko kideak.

ARKAITZ ARTOLA
Arkaitz Artola, aurreko astean, Egiako Teila Fabrikan. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Indar komunitario handia du Donostiako Egia auzoak; egitasmo ugari antolatzen dituzte. Horietako bat Gordegia da: auzoko irudi zaharrak biltzeaz eta zabaltzeaz arduratzen den elkartea. Interneteko Argia saria eman diote aurten. «Opari bat» da, Arkaitz Artola elkarteko kidearen ustez.

Zer garrantzi du historia kontatzeak?

Guretzat, garrantzitsua da gure jatorria ulertzea, eta ikustea nondik gatozen. Horrela hobeto ulertuko dugu non bizi garen eta gure aurreko belaunaldiak zertan ibili ziren; hobeto ezagutuko ditugu geure buruak eta geure inguruak. Irudien bitartez, historia kontatzen saiatzen gara, irudiek aparteko indarra daukatelako beti. Horretan murgilduta gaude. Lehenbizi, baserri auzo bat zen, eta, industrializazioarekin eta Donostian izandako hainbat obrarengatik, atzerritik langile dezente etorri ziren: langile auzo bat bilakatu zen. Horrek bizitza berezi bat ekarri zion auzoari, eta historia eta irudi polit dezente egon dira auzoan. Oso interesgarria egin zaigu beti horiek biltzea.

Zuei esker, beraz, historia ikusi egiten da.

Jolas batzuk egin izan ditugu: lehen eta orain, argazkiekin. Aldaketa handiak egon dira auzoan, eta hor ere sakondu nahi dugu.

Bost urte bete ditu Gordegiak. Nola erabaki zenuten sortzea?

Lehenengo ideia Teila Fabrika muntatzen ari zirenek proposatu ziguten. «Ondo legoke auzoko artxibo bat edukitzea irudi historikoekin». Proposatu ziguten, ideia ikaragarri gustatu zitzaigun, eta 2019ko urrian aurkeztu genuen webgunea. Arrakasta izan zuen auzoan, eta ordutik pozik ari gara lanean.

Gutxi gorabehera, zenbat argazki bildu dituzue?

20.000 bat izango ditugu, baina argitaratuta, gaur egun, 5.300 argazki ditugu, 109 bideo eta 796 bilduma.

Gordegiako argazkietan ez da Donostiaren iragan aristokratikoa ikusten.

Gutxi, egia esan. Ez diogu muzin egiten ia ezeri, baina ez ditugu topatu. Gure irudietan nahiko garbi ikusten den bezala, langile auzo bat zen. Kontrastea zegoen baserrien, langileen etxebizitzen eta Atotxa inguruan kokatu zituzten belodromoaren, zezen plazaren, futbol zelaiaren eta denetarikoen artean. Donostiako ikuskizun eta kirol eremua zen Atotxa.

Egiako bizilagunek badute beren iraganaren berri?

Orokorrean, ez. Adibidez, ia inork ez zekien Egiak hondartzarik zeukanik. Urumea ibaiaren ertzean hondartza bat zegoen, eta hori Egia auzoaren eremu bat zen. Gero, Frantziako pasealekua eraikitzean, desagertu egin zen, trenbidearen obretarako eremua egonkortu behar zutelako.

Argazkiak bizilagunez bizilagun biltzen dituzue?

Bi norabidetan egiten dugu bilketa. Batetik, saiatzen gara kanalak sortzen jendeak guri zuzenean bidaltzeko. Jendeari kostatu egiten zaio pauso hori ematea; ez dakigu zergatik den: lotsagatik edo utzikeriagatik. Bestetik, ibili izan gara auzoko eragileekin elkartzen eta haiei irudiak eskatzen. Norbanakoekin ere elkartu gara, eta erakundeetara ere jo dugu. Saiatzen gara argazkiaren egilearen izenak eskuratzen, eta emailearenak. Modu bat da irudiak eman dituen jendea nabarmentzeko: irudiak gordetzea garrantzitsua da.

Memoria historikoaren ariketa bat egiten duzue?

Bai. Memoria historikoa landu nahi dugu modu herrikoi batean. Hutsuneak daude auzoko historia lantzeko garaian. Gertuko eta bizi garen tokiko historia ezkutuan geratu ohi da, ez duelako inork ariketa egiten behar bezala. Orain, guk prestatutako unitate didaktikoak lantzen dituzte auzoko eskoletan.

Egiak duen komunitatea indartzeko balio du zuen lanak?

Betidanik sentitu izan dugu auzo bat baino gehiago ginela, komunitate indartsu bat daukagulako. Hori elikatzen eta gorpuzten saiatzen gara.

lotsabako

Egiako txoko kuttuna?
Gladys Enea parkea.

Zein argazki ez zenukete aurkitu nahi?
Bizirik gabeko auzoarena. Komunitatea deseginda duen auzo baten argazkia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.