ATZEKOZ AURRERA. Juan Carlos Berrio. Altafaylla kultur elkarteko lehendakaria

«Memoria Historikoa berpizten ari da»

'Navarra 1936: Del terror a la esperanza' liburuaren 30. urteurrena ospatzeko Tafallako Altafaylla kultur elkarteak ekitaldia antolatu du larunbaterako, hainbat gonbidaturekin.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun
1936ko gerraren 50. urteurrenean argitaratu zuten Txalaparta argitaletxeak eta Tafallako Altafaylla kultur elkarteak Navarra 1936: Del terror a la esperanza (Nafarroa 1936: Izutik itxaropenera). Gerra hartan eraildakoen, apaldutakoen eta zigortuen omenez idatzitako liburua da. Liburuaren koordinatzaile eta idazleetako bat izan zen Juan Carlos Berrio psikologoa (Tafalla, Nafarroa, 1959). Egun, Altafayllako lehendakaria da. Argitalpenaren urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu dute larunbatean, Tafallan, 17:30ean.

Liburua argitaratu zenutenetik 30 urte pasatu dira jada, eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu duzue.

Altafayllaren, Bideko Mitxingorriaren eta Euskal Memoria Fundazioaren artean antolatu dugu ekitaldia, Tafallako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin batera. Memoria Historikoa berpizten ari da, eta, hortaz, ekitaldia egiteko garai egokia iruditu zaigu. Nafarroako Gobernuaren aldaketaren ondoren nabaritu dugu Memoria Historikoaren aldeko ekintzak ugaritu direla. Paco Etxeberriak, Lucio Urtubiak eta Fermin Balentziak parte hartuko dute, besteak beste.

Psikologoa izanik, nola sortu zitzaizun liburua idazteko aukera?

Tafallako mugimendu sozial eta politikoetan ibiltzen nintzen, eta Altafayllan ere sartu nintzen. Jose Maria Jimeno Jurio hasi zen lanarekin, eta, ondoren, Altafayllan geundenoi pasatu zigun bildutako informazio guztia. Mehatxuak jaso zituelako utzi zuen bertan behera egiten ari zena.

Altafayllak jaso zuen mehatxurik?

Eskutitz bat jaso genuen, eta, behin,Altafayllako egoitzako atea ere apurtu ziguten. Egia esan, bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela. Gazteak ginen, eta, akaso, zertxobait adimengabeak. Ez genuen ondorioetan pentsatu nahi.

Mehatxuak alde batera, zeintzuk izan ziren liburua idazterako orduan izan zenituzten traba nagusiak?

1984an hasi ginen proiektuarekin. PSOE zegoen Nafarroako Gobernuan, eta lana egiteko laguntza instituzionalik ez genuen jaso. Afan Nafarroako Erailen Senideen Elkarteak asko erraztu zizkigun gauzak. Familiek bere kabuz gauza asko berreskuratzen zituzten, eta gurekin partekatzen zituzten.

Liburuak, beraz, zeresan handia eman zuen.

Cascanten lekukotza bat jasotzen ari nintzela, emakume batek aipatu zidan liburua ateratzerakoan arazorik sortuz gero bere etxean ezkutatu nintekeela. 36ko gerran ere ezkuta omen zen bakarren bat etxe hartan.

Liburua idazteko, Nafarroan kolaboratzaile sare bat osatu zenuten.

Auzolanean egindako liburua dela uste dut. Nafarroan 200-300 kolaboratzaile lortu genituen. Herri bakoitzean kontaktu pare bat egiten genuen, eta, horiei esker, materiala eta lekukotzak jaso genituen.

Liburua idazteko erabili zenituzten lekukotzak gorde dituzue?

Egia esan, asko galdu egin genituen. Elkarrizketak grabatu egiten genituen, eta, behin elkarrizketa horiek paperera pasatu ondoren, zinta horien gainean elkarrizketa berriak grabatzen genituen.

Beste hiru liburu ere idatzi dituzu. Betidanik gustatu izan zaizu idaztea?

Bai. Asko tokatu zait idaztea; aldizkarietarako zutabeak, eskutitzak, buletinak... Horrek sortu zidan idazteko gogoa. Irakurri ere asko egiten dut.

Psikologia ikasteak lagundu dizu liburu horiek idazteko orduan?

Azken liburua izan ezik, gainontzekoak Txalapartak proposatu zizkidan. Drogen mendekotasuna dutenak artatzeko Altsasuko Ibarre osasun etxean lan egiten dut, eta hor ikasitakoa erabili nuen Bálsamos y venenos. La droga como engaño [Baltsamoak eta pozoiak. Drogak engainu gisa] liburua egiteko. Gaiaren inguruan nuen jakintzagatik proposatu zidaten liburua.

El vuelo del Cormorán (Ubarroiaren hegaldia) liburua da idatzi duzun azkena, eta Txalaparta argitaletxeak proposatu ez dizun bakarra.

Irakurtzea eta idaztea gustatzen zitzaidalako idatzi nuen eleberria.Bizi garen garai politiko nahasiak ere bultzatu ninduen. Kasu honetan, psikologia ikasi izanak eman dit laguntza pertsonaiak sortzerakoan: esaldi gutxirekin pertsonaien profila sortzeko gai naiz, eta psikologo lanari esker lortu dut gaitasun hori.

Nola sortu zenituen liburu horretako pertsonaiak?

Pertsona ezberdinen ezaugarriak hartu, eta pertsonaia berri bat sortzen dut. Pertsonaiak sortzeko, pertsona baten baino gehiagoren ezaugarriak nahasten ditut.

Zure azken liburuko protagonista Abel Marin foruzaina da. Zure ezaugarriak erabili dituzu pertsonaia hori sortzeko?

Bai, nahigabe gertatzen den zerbait dela iruditzen zait. Liburua irakurri dutenek esan izan didate batzuetan nire antza duela protagonistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.