Memoria eta arbasoak lotu ditu Idoia Beratarbidek erakusketa batean

Artista oiartzuarraren 'Memoria zulatua' erakusketa ikus daiteke Donostian, Lugaritz kultur etxean

Neska bat ageri da Idoia Beratarbideren Memoria zulatua erakusketako koadro bakoitzean. GARI GARAIALDE / ARP.
Maialen Unanue
Donostia
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Orain garenak eta, neurri handi batean, besteengadik jasotzen dugun guztiak osatzen du gure memoria». Ideia hori du oinarrian Idoia Beratarbideren (1977, Oiartzun, Gipuzkoa) Memoria zulatua erakusketak. Azaroaren 16ra bitartean, Antigua-Lugaritz kultur etxean ikusi ahalko da, Donostian.

Areto zuri eta txiki batean dago erakusketa. Giro intimoa du lekuak, koadroen modura. Erakusketa hausnarketa pertsonal batetik abiatu baitzuen Beratarbidek: «Gure aurrekoen presentzia gugan non dagoen aztertu nahi nuen». Hortik tiraka, aitona-amonak elkarrizketatu zituen, haien bizipenak entzuteko, historia haien istorioen bidez ezagutzeko.

Haiek kontatutakoen arabera erabaki zituen koloreak. Finean, hiru dira gailentzen direnak: gorria, zuria eta beltza. Kolore zuria asko erabili du Beratarbidek, amonaren soineko zuriaren dierazgarri. Beltza, berriz, sustraiak irudikatzeko erabili du. Guztietatik, baina, presentzia gehien duena gorria da: «Gerra irudikatzeko erabili dut, gure aitona-amonen belaunaldiak oso presente izan baitzuen: marka bat utzi zuen haiengan, eta, hein handi batean, hori dela-eta dira orain diren bezalakoak».

1936ko gerraz ari da. Duela urte batzuk, Bide Ertzean taldeak gai berari buruzko disko bat atera zuen, eta Beratarbidek hortik atera zuen erakusketaren izena.

Memoria zulatua istorio txikiek osatzen dute, bost koadroko serietan banatuta. Neska bat da protagonista horietan guztietan; arbasoak ere ageri dira, modu esplizituan batzuetan, eta inplizituan gehienetan.

Sustraiak garrantzitsuak dira Beratarbiderentzat: «Nire familiaren zuhaitz genealogikoa egiten saiatu nintzen, nire aurrekoak zeintzuk izan ziren, non bizi izan ziren-eta jakiteko. Eta, horrekin batera, ni nagoen lekua kokatzeko».

Sustraiak ere ia koadro guztietan agertzen dira. Batzuetan, buruarekin eta memoriarekin lotuta, eta, bestetan, hankekin. Ilea eta sustraiak bat eginez lotzen ditu Bertarbidek sustraiak memoria eta buruarekin.

Sortze prozesuan zebilela, Ekuadorko lagun batek istorio bitxi bat kontatu zion: «Hark zioenez, indigenek pentsatzen dute ilearen bidez daudela lotuta, batetik, arbasoekin, eta, bestetik, euren ondorengoekin». Eta horrek lehenagotik zuen ideia indartu zuen.

Erakusketako izkina batean besaulki bat du, ondoan mahaitxo batekin. Hor kokatu du Beratarbidek hausnarketarako txokoa. Bertan liburuxka bat dago, poemaz osatua. Beratarbideren zenbait lagun idazlek egin dute, artistaren obretan oinarrituta. Oier Guillan, Asier Sarasola, Ander Fernandez, Oscar Manso eta Alvaro Ledesma dira horren arduradunak. Bisitariak horiek irakurri, eta gogoeta egitera gonbidatuta daude.

Gizakia, zatiz osatuak

Arbasoengandik jasotakoa ez ezik, besteengandik jasotakoak ere osatzen dute gizakia: «Inguruan duzun jendearen pusketekin osatuta gaude, hau da, gu, gu gara, baina besteek ere egiten gaituzte».

Besteengandik geratzen zaigun hori, baina, ez da «osoa»: «Zerbait kontatzen dizutenean, zeure egiten duzu, zeure modura moldatuz, eta inoiz ez da izango jatorrian zen bezalakoa». Hortik dator «zulatuaren» ideia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.